Dokumentuaren akzioak
Nafarroako kantutegi tradizionala bildu dute online aplikazio batean
2016/03/09 - Unibertsitatea.net
32 abesti bildu dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzara bideratutako aplikazioan, eta online izango dira eskuragarri.
Nafar kantutegiko 32 abesti tradizional bildu eta grabatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Nafarroako Ondare Materiagabearen Artxiboak. Kantuok, Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan erabiltzeko aproposa den aplikazio didaktiko batean jaso dituzte.
Interesa duen orok helbide honetan aurkituko du aplikazioa, hain zuzen, “Baliabide didaktikoen bilduma” izenburupean. Lanaren lehen zatia aurkeztu dute aste honetan Ortzadar Euskal Folklore elkartearekin batera antolatutako jardunaldi batzuen baitan, eta lehen atal honetan, 0 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendutako materiala bildu dute; “xedea ondare ez-materialaren inguruko hezkuntza lantzea da” Juanjo Zubiri eta Alfredo Asiáin sortzaileen hitzetan.
Era berean, datozen egunetan, bildumaren bigarren atala ere aurkeztuko dutela aurreratu dute. Bertan, hizkuntzen trataera hartuko dute langai, eta hirugarren zati batean jasoko dute, aldiz, dantzaren inguruko ondarea.
Baliabide didaktikoen bildumaren osagaiak
Proiektu honetan Nafarroako 32 abesti tradizional bildu dituzte -12 espainieraz eta 20 euskaraz-. Aurkezpen orrietan, berriz, kultur ondare ez materialaren inguruko informazioa gehitu dute, baita kantutegi honen bidez landu nahi duten hezkuntza ereduaren garrantzia: proiektuetan oinarritutako hezkuntza.