Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Nafarroako biomasa energia jasangarri bezala erabiltzeko proposamena

Dokumentuaren akzioak

Nafarroako biomasa energia jasangarri bezala erabiltzeko proposamena

2016/06/17 - Unibertsitatea.net
Proposamen horren erronka ekologiko, tekniko eta sozioekonomikoei buruz dihardu Nafarroako Unibertsitateak kaleratu berri duen ilburuak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak argitaratu berri duen "Oihan-biomasa erabiltzea energia jasangarriaren iturri bezala" liburuak hamabost adituren ekarpenak bildu ditu. Bertan, oihan-biomasa energia jasangarria eskuratzeko iturri bezala erabiltzeak eragiten dituen baldintza ekologiko, tekniko eta sozioekonomikoak aztertu dituzte, baita landa-eskualdeen garapenaren sustapenari dagozkion gogoetak ere.

Liburuan, Nafarroa hartu dute aztergai, hain zuzen, energia-helburuekin ustiatu daitekeen oihan-masa handiena duen espainiar estatuko probintzia delako (Ciudad Realekin batera).

Hartara, gaia ezagutzeko oinarrizko liburua dela diote, publiko guztiari zuzendua. Munduan erabili izan den erregairik zaharrena dela defendatzen dute lehenik: "Egurra, ikatz begetala, zerrautsa, txirbilak... beroa sortzeko hamarkadetan, are mendeetan ere, lantegietan eta etxeetan erabili izan diren produktuak dira —adierazi du Juan A. Blancok—. Alabaina, XX. mendeko 60.eneko urteetatik aurrera, hiritartzearekin, herriak hustearekin eta landa giroko jardueraren murriztearekin, gasoila eta gas naturala bihurtu dira bero-iturri nagusi. Dagoeneko herrietan baino ez dute egurra erabiltzen". Dena den, jarraian honakoa diote, "aukera paregabea dago oihan-biomasa berreskuratu eta haren erabilpena bultzatzeko, energia jasangarriaren iturria den aldetik". Hauxe darabilten arrazoibidea: "Hau hainbat faktoreren nahasketa bati esker gertatzen da: iraganean egin den mendi-kudeaketa, erregai fosilen merkatuaren egoera edo sektorearen garapen teknologikoa. Izan ere, erregai-mota berriak sortu dira egurretik eta zerrautsetik abiatuz, esaterako tamaina homogeneoa daukaten ezpalak, briketak edo pelletak, zerrauts prentsatuzko zilindro txikiak direnak. Honek homogeneizatu eta industrializatu egin du biomasaren eskaintza. Gainera, galdara eta instalazio berriek erregai honen efizientzia handiagotu egin dute, % 85 edo % 90eko errendimenduekin, halako moldez non bero gehiago sortzen baita egur unitateko".

Liburuak 16 euroko prezioa dauka paperean eta 11 eurokoa .pdf formatuan.