Dokumentuaren akzioak
"Nafar Enpresa eta Diseinua" jardunaldiak izango dira NUPeko Tuterako Campusean otsailaren 20tik 24ra
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) "Nafar Enpresa eta Diseinua" izeneko VII. Jardunaldiak (END7) antolatu ditu otsailaren 20tik 24ra Tuterako campusean.
Jardunaldien xedea "diseinu arloko praktika eta esperientziak" ikasleengana zein herritarrengana ekartzea da. Horretarako, adituek emandako lau hitzaldi izango dira, eta baita ikasleentzako bi lantegi ere; ikasleek "sormena garatzeko tresnak eta teknikak eskuratu ditzaten".
Otsailaren 21ean izango dira hitzaldiak. 16:00etan emango dio hasiera ekitaldiari Carmelo Puyo Irisarri NUPeko Tuterako campuseko Ingeniaritzako Adierazpen Grafikoko irakasleak eta ekitaldiaren antolatzaileak. Lehenengo hitzaldia, “Euskal diseinu-industriak” izenekoa, Benicio Aguerrea Fuentes EIDE Euskadiko Diseinugileen Elkartearen koordinatzaileak emango du, eta elkarte profesional hori nazioartekotzeko programa aurkeztuko du. EIDE elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta espazioen diseinatzaileak biltzen ditu.
Bigarren hitzaldia, “ITEMdesignworks, produktuen garapenari buruzko gure ulerkera” izenekoa izango da, Javier Cuñado Landaren eskutik. Berak zuzentzen duen ITEMdesignworks enpresak dituen proiektuen berri emango du. Diseinu industrialaren arloko aholkularitza-enpresa bat da.
Hirugarren hitzaldia, “Materialetan aditua” izenekoa, Bartzelonako Materfad materialen zentroko Robert Thompsonek emango du. Material berrien ikerketan espezializatuta dago Materfad.
Azkenik, “Masa-kustomizazioa: estigmatik estilora” hitzaldia emango du Jerónimo Carrera Gómez UNYQ protesien enpresako diseinatzaileak. Mundu osoko erabiltzaileentzako produktu pertsonalizatuak egiten dituzte digitalizazioari, diseinuari eta 3Dko inprimaketari esker.
Ikasleentzako lantegiak
Hitzaldiekin batera, bi lantegi antolatu dira Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritzako Gradua egiten ari diren ikasleentzat. NUPeko gradu hori Tuterako campusean ematen da. Bi lantegien gaia "errotazio-moldaketa" izeneko teknika industriala izango da. Otsailaren 20an eta 21ean, “Produktuen diseinua errotazio-moldaketaz” izeneko lantegia egingo da Alejandro Benavent Miralles diseinatzaile industrialaren eta Valentziako d(x)i magazine aldizkariaren zuzendariaren eskutik. 22tik 24ra, berriz,“Produktuen ekoizpena errotazio-moldaketaz” izenekoa izango da Benavent beraren eskutik eta Ángel Jaraba Rubio, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko teknikariaren laguntzarekin.
Jardunaldiak doakoak dira, baina izena eman behar da.