Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Musika izango da Durangoko Azokako sormen bekaren gaia

Dokumentuaren akzioak

Musika izango da Durangoko Azokako sormen bekaren gaia

2019/07/15 - Unibertsitatea.net
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sustatzen dute beka.
Musika izango da Durangoko Azokako sormen bekaren gaia

(Irudia: Pixabay Lizentzia. Iturria: Pixabay)

SORMEN BEKA DA deitu dute Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak. Bigarren edizio honetako gaia musika izango da eta euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei ezagutzera emateko bideak eskaintzea da helburua.

18 urtetik gorakoei zuzendutakoa da eta irabazleak 15.000 eurotako beka eskuratuko du bere sormen lana garatzeko. 2020ko Durangoko azokan aurkeztu beharko du.

Oinarrietan zehaztutakoen artean daude sortzaileak berria izan behar duela (CD, maketa edota web bidezko lan bakarra izan dezake kaleratua gehienez) eta jatorrizko sormen lana izan behar dela (ez dira lan bertsionatuak onartuko). Gainera hitzak barne dituen sormen lana bada euskara hutsezkoa izan beharko da.

Lanak aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da (18:00etan). Gero, epaimahaiak aurkeztutako lauzpabost lan aukeratuko ditu eta sortzaileek proiektuaren defentsa egin beharko dute. Lan irabazlearen berri 54. Durangoko Azokaren egitarauaren barruan emango da.

Beka deialdiaren informazio guztia Durangoko Azokako webgunean duzu.