Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Mondragon Unibertsitateak MUtelebista sortu du, Internet bidezko telebista

Dokumentuaren akzioak

Mondragon Unibertsitateak MUtelebista sortu du, Internet bidezko telebista

2010/10/01 - Unibertsitatea.net
Mondragon Unibertsitateak Internet bidezko telebista bat sortu du, MUtelebista, eta berau izango da Mondragon taldeko lehen telebista korporatiboa.

Asteazkenero eguerdietan, MUtelebistak 3 minutuko albistegiak pantailaratuko ditu, batzuetan erreportaje bakarrekoak, bestetan hainbat gai jorratuta. Noiz edo behin, bestalde, ekitaldi esanguratsuak gertatzen direnean (Komunikaldiak, Literatura astea, jardunaldiak...), MUtelebistak streaminga erabiliko du berauek zuzenean transmititzeko. Froga moduan, irailaren 6an era horretan eman zen Mondragon Unibertsitatearen 2010-2011 ikasturte hasiera ofiziala. MUtelebistak izango du hirugarren atal bat, gordailua, eta hor erakutsiko dira unibertsitateko ikasleek zein irakasleek egindako ikus-entzunezko lanak.

 

Euskara izango da hizkuntza ofiziala MUtelebistan, baina eduki guztiak azpidatzita joango dira, gaztelaniaz eta ingelesez. Norbaitek gaztelaniaz hitz egiten badu, azpidatziak euskaraz eta ingelesez agertuko dira, hizlariaren ahotsa bikoiztu barik. Eta ingelesez hitz egiten duenari azpidatziak euskaraz eta gaztelaniaz ezarriko zaizkio. Hizkuntzen erabilera horrek ispilatzen du Mondragon Unibertsitatearen hizkuntza politika.

 

Ikus-entzunezko komunikazioa karrera arduratuko da MUtelebista egiteaz, Idoia Astigarraga irakasleak koordinatuta. Idurre Lazkanok eramango du ardura teknikoa, eta lan horretan Itziar Irizar ikaslearen laguntza izango du, zeinek, gainera, aurkeztuko baititu albistegiak. Horien atzean erredakzio batzorde bat arituko da, hiru fakultateetako ordezkariekin.