Dokumentuaren akzioak
Miren Ormazabal: "Kultura desberdinen arteko komunikazio modu egokiak ezagutzea funtsezkoa da komunikatzaileontzat"
Miren Ormazabal (@betigerotxuau) EF Global Intern 2013 lehiaketako finalista izatera iritsi da aurkeztutako bere bideoarekin.
Maiatzaren 10ean jakingo da irabazlearen izena eta horretarako epaimahaiak finalista bakoitzak lortutako boto kopurua izango du kontutan. Edozeinek bozkatu dezake beraz Mirenen alde bozkatu nahi duenak EF Global Intern 2013 gunera jo behar du, bertan "filer by" atalean "Spain" hautatu eta gero bozkatu.
Bergarar hau Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean eta lortu duena lortu ondoren berarekin hitz egiteko aukera izan dugu.
68 lurraldetatik aurkeztutako 38000 pertsonen artean 33 finalistetako bat zara.
Orain dela astebete arte ez nekien hainbeste pertsonek parte hartu zutenik lehiaketan, beraz, zorte kontua izan zela pentsatu nuen, besterik ez. Jakin nuenean asko harritu nintzen, egindako lana ez baitzen gehiegizkoa, aurretik egindako lan eta esperientzia batzuen nahasketa baizik.
Zer eskaintzen du zehazki beka horrek?
Beka honek sei hilabeteko praktika ordainduak eskaintzen ditu herrialde desberdinetan; lehenengo bi hilabeteak Zurich-en, hirugarren hilabetea irabazleak erabakitako munduko EF (Education First) bulegoren batean eta azken hiru hilabeteak Bruselan, Erasmus Student Network bulegoan. Ostatuak eta bidaiak bekak ordaintzen ditu eta hilabetean 1.000 dolarreko diru-sarrerak edukiko lituzke irabazleak.
Ze elementu bildu dituzu zure bideoan?
Lehen esan dudan bezala, aurretik egindako lanen eta bestelako bideoen nahasketa bat da. Hasiera baten gidoia prestatu nuen eta materiala biltzen hasi nintzen, baita ere material apur bat sortzen, irudi batzuk eta off ahotsa, bideoa guztiz osatzeko.
Ikus-entzunezko komunikazioan ikasitako ezagutzak lagundu dizute bideoa egiterako orduan?
Aukera paregabea izan zen, lehiaketak eskatzen zuena bideo original bat zelako. Ikus-entzunezkoen komunikazioa ikasita, eta ikasketa hauek hobby bat izanik, erraza izan da bideoa sortzea. Hala ere, erraza izan arren, ia bertan behera utzi nuen lehiaketara aurkeztearen ideia, hainbeste jenderen parte-hartzea ikusita. Eta horregatik, tamalez, ez nion hainbesteko lanik eskaini bideoari, pentsatuz ez nintzela finaletara helduko.
Zure burua eta curriculuma aurkezteko era originala da ezta?
Originala, bai, gaur egungo lan egiteko moduari egokitzen dela uste dut. Niri ez zait asko gustatzen kamera aurrean agertzea, baina suposatzen dut hurbiltasun gehiago ematen duela curriculum mota honek. Ikusten diodan arazo bakarra da, kamera aurrean guztiak garela aktore eta beraz, ez dugula gure nortasuna erakusten (ez soilik gure alderik onena erakutsi nahi dugulako, baizik eta urduritasunak bereak egiten dituelako beti).
Beka horrek zu bezalako ikus-entzunezko komunikatzaile bati zer ekar diezaioke?
Lan esperientzia zabal eta anitza, orain momentuan inguru hauetan lortzeko zail dena komunikatzaileentzat. Baina batez ere, kulturartekotasuna lantzeko aukera. Nik uste, kultura desberdinen arteko komunikazio modu egokiak ezagutzea funtsezkoa dela komunikatzaileontzat, eta beka honek ezagutza hori bultzatzen du, EF enpresaren lana hori baita hein batean.
Hemen dagoen egoera ekonomikoa ikusita, lehiaketa hau lan munduan sartzeko aukera bezala ikusten duzu?
Bai. Beno, aukera ba da, baina lanik ez badago, berdin da zer nolako curriculuma duzun, ez duzu edukiko lan egiteko aukerarik. Hala ere, aipatzeko puntu bat da. Baina oraingoz nik nahiago nuke kanpora joatea lan bila, horregatik, beka honek asko lagunduko lidake.
Baita hemendik kanpo lana lortzeko ere?
Orain esan dudan bezala, kanpoan lan egiteko asko lagunduko lidake bekak. Azken finean, kulturartekotasunari buruz jakitea oso garrantzitsua da atzerrian lan egiteko.
Nora bideratuko duzu orain zure karrera profesionala?
Ez dakit. Oso goiz da hori jakiteko. Oraindik ez dakit zer gustatzen zaidan gehien; oso karrera zabala ikasi dut eta esperientzia lortu arte ez dut jakingo zer gustatzen zaidan. Orain zailena da esperientzia hori lortzea. Bakarrik dakit ez zaidala gustatzen kamera aurrean agertzea, kamera atzeko lana baizik. Esperientziak(eta zorteak) lagunduko dit nire karrera profesionala bideratzen.