Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Ioar de Guzman: "Kutsaduraren eragina ur erauzketarena baino handiagoa da gure erreketan"

Dokumentuaren akzioak

Ioar de Guzman: "Kutsaduraren eragina ur erauzketarena baino handiagoa da gure erreketan"

2021/09/22 - Unibertsitatea.net
Ioar de Guzman: "Kutsaduraren eragina ur erauzketarena baino handiagoa da gure erreketan"

(Argazkia: Igor Galarza)

Ioar de Guzman Martinez (Bilbo, 1994) Biologian graduatua da (UPV/EHU) eta "Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa"n egin zuen masterra gero. Aranzadi Zientzia Elkarteko eraztuntzaile aditua ere bada eta aisialdian bidaiatu eta naturan murgilduta ibiltzeaz gain, hegaztien eraztunketa zientifiko lanetan ere aritzen da. Egun, EHUko ibai ekologia taldean egiten dabil tesia.

Biologia ikasi zenuen eta ikerketaren munduan zabiltza orain.

Betidanik izan dut biologiarekin erlazionaturiko ezagutzekiko interesa. Gauza gutxi batzuk jakinda hasi nuen karrera, batxilergoko biologia ikasketak biokimikara bideratuta daudelako gehienbat, eta pixkanaka, aurretiaz imajinatzen ez nituen jakintza arlo berriak ezagutuz joan nintzen, zein baino zein interesgarriagoak. Karreran zehar, ikastaro eta praktika desberdinetan parte hartzeko aukera eduki nuen eta urteak pasa ahala, ikerketa munduan zebiltzan lagun eta ezagunen esperientziak entzuten joan nintzenez, geroz eta argiago neukan ikerketaren munduan murgiltzea izango zela nolabait nire jakinmina asetzeko era. Ibai ekologiako taldean egin nituen gradu eta master amaierako lanak eta taldean bertan tesia egitea aukera ona iruditu zitzaidan.

Erreketako komunitatean giza populazioaren hazkundeak izan duen eragina ikertzen ari zara.

EHUko ibai ekologia ikerketa taldearen parte naiz eta gizakion jarduerek ibai ekosistemen egituran eta funtzionamenduan dituzten eraginak aztertzen ditugu. Master amaierako lana, ur araztegietako efluenteek erreketan duten inpaktua aztertzea helburu zuen proiektu baten baitan burutu nuen. Tesia ere proiektu horri lotuta egiteko aukera eduki nuen, eta ibaietako uren kutsadura tesiaren ardatza izanik, ur erauzketek kutsaduraren inpaktuak areagotzen dituzten ere aztertzen nabil.

Ur gezaren ustiaketa handitu egin da eta honek eragin zuzena izan du ibaietan.

Bai. Giza populazioaren eta jarduera ekonomikoen emendioa etengabekoa da eta 2050erako ur eskaria %50ean handitzea aurreikusten da. Eskari honi aurre egiteko, ibai eta erreken emariak erregulatzen dituzten barrerak eraikitzen ditugu, presak esaterako. Egitura hauek ibaien luzetarako konektagarritasunean eragiten dute, izaki bizidunen dispertsiorako oztopo bihurtuz. Eraikitako egiturek gainera, euren eta ibaien ezaugarrien arabera, beste hainbat eragin eduki ditzakete ibai ekosisteman: uraren ezaugarri fisiko-kimikoetan zein sedimentuen garraioan aldaketak, emarian eta emari erregimenean alterazioak, zeintzuek esaterako ibaien ezaugarri hidromorfologikoetan eta habitataren tamainan eragiten duten… Aldaketa guztiek izaki bizidunetan eta ekosistemaren funtzionamenduan eragiten dute.

Kutsadurak ere badu bere eragina.

Hori da, kutsadura ere, egun, ibai ekosistemen mehatxu handienetako bat da. Jatorriaren arabera, kutsadura sarrera-puntualak (araztutako urak adibidez) edo difusoak (nekazal eremuetako ongarrien erabilerak besteak beste) bereizten dira. Bien baitan sartzen dira mantenugai bidezko kutsadura, metal astunak, pestizidak, farmakoak, kutsatzaile emergenteak eta abar. Batzuen presentzia hutsak kalteak eragiten ditu sisteman, beste batzuk ordea, agertzen diren kontzentrazioaren arabera izan daitezke onuragarriak edo kaltegarriak. Gehienetan gainera, modu isolatuan azaltzen ez direnez, kutsatzaile anizkoitzen arteko interakzioek oraindik efektu kaltegarriagoak eragin ditzakete.

Non egin duzue landa lana?

Ur erauzketa eta kutsaduraren efektuak ikertzeko, lau ibai aukeratu ditugu zeintzuek kutsadura gradiente bat osatzen duten: Urumea, Leitzaran, Kadagua eta Deba. Aukeratutako lau ibaietan, energia hidraulikoa lortzeko antzeko azpiegiturak daude: 3-6 metro bitarteko altuera duten presak eta ura zentral hidroelektrikoetara garraitzeko kanalak, kilometro batzuetan zehar ibaietako ura garraiatzen dutenak presa azpiko tartea emari gutxiagorekin utziz. Presen ondorioz sortutako urtegietatik gorako eta presatik beherako tarteak izan dira gure ikerketarako eremuak. Bertan, izaki bizidunen eta ekosistemaren funtzionamenduaren inguruan, ahalik eta informazio gehien lortzen saiatu gara. Nik bazka-sareak ikertzen ditut, erreketako ornogabeak, arrainak eta errekurtso basalak hain zuzen. Dena dela, gustora ibiltzen gara ibai ertzetako beste animalia eta landareei erreparatzen, ibaien osasunaren adierazle ere baitira.

Giza populazioaren hazkundearen ondorio diren ur erauzketak eta kutsadurak erreketan izan duen inpaktua ikusteko bertako bizidunak aztertu dituzu.

Ibai ondoan bizi diren makroornogabeak eta arrainak izan dira ikertu ditugun bizidunak. Espezie bakoitzak tolerantzia maila desberdina dauka inguruko baldintzekiko; badaude esaterako, kutsadurarekiko sentikorragoak edo toleranteagoak diren taxoiak. Organismo batzuen presentziak edo ausentziak, informazio ugari ematen digu ekosistemaren osasunaren inguruan. Naturan, izaki bizidunek elkarren arteko menpekotasuna daukate. Ibaietan esaterako, ekoizle primarioek inguruko mantenugaiak eskuratzen dituzte eta euren biomasa emendatu; kontsumitzaile primarioak errekurtso basaletaz elikatzen dira, tokiko ekoizle primarioetaz zein kanpotik datorren materia organikoaz (zuhaitzetako orbela esaterako); harrapariek beste animalia batzuk jaten dituzte, bazka sareetako energia-bide ezberdinak lotuz eta sistema oreka batera eramanez. Inguruko baldintzak aldatzen direnean, maila desberdinetan aldatu daitezkeen hainbat ezaugarri daude, oreka hori hautsi dezaketenak. Ikerketa honetan, bazka sareetako elementuen karbono eta nitrogenoaren isotopo egonkorrak aztertu ditugu, espezieen ugaritasun, dibertsitate eta organismoen gorputz tamainekin batera. Ur erauzketek eta kutsadurak errekurtso basaletan eragindako aldaketak bazka sarean zenbateraino garraiatzen diren ikustea zen helburuetako bat.

Zer erakusten ari dira emaitzak?

Kutsaduraren eragina ur erauzketarena baino handiagoa dela gure erreketan, eta biak batera azaltzen direnean ur erauzketen efektua areagotzen dela. Ikertutako eremuetan gainera, badirudi kutsatzaile-kokteleko mantenugaien eragina izan dela eragile nabarmenena. Dena den, azpimarratu beharra daukagu, inpaktu hauen intentsitatea oso aldakorra izan daitekeela eremutik eremura. Kutsadura maila altuagoek eta ur erauzketa bortitzagoek esaterako, bazka sareen sinplifikazioa eragin dezakete espezieen galera dela medio.

Erantzun nahiko zenukeen zein galdera duzu oraindik erantzun gabe?

Tesiko azken urtean nabil, eta aipatutako emaitzak isotopo egonkorren analisietatik eratorritakoak dira. Oraindik ere ikusteke daukagu zeintzuk izan diren ikertutako bi estresoreek organismoen gorputz tamainetan eta bazka sarean zeharreko energia fluxuetan izan duten eragina. Dena dela, ekoizle primarioek eragindako behetik-gorako kontrol nabarmena ikusirik, gainontzeko emaitzak ildo beretik joatea espero dugu.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Garai berdintsuan murgildu nintzen ibai ekologia eta hegaztien munduan eta modu paraleloan joan naiz bi arloetako ezagutzak eskuratzen. Bi arloak fusionatuta ikerketaren bat burutzea aspaldi eduki dut buruan. Egun, kezka handia dago plastiko eta mikroplastikoen inguruan, izan ere izaki askori eragiten diete eta ez bakarrik zuzenki ahoratzen dituztenei. Ibai ekologia eta ornitologia lotuta, mikroplastikoak bazka sarean zehar nola barreiatzen diren aztertzea gustatuko litzaidake. Hasi gara dagoeneko proiektu honi bueltak ematen!

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Erronka handia izan zen. Gehienetan ez gaude gure ikerketa lan esparrutik kanpo azaltzera ohituta, eta askotan, lagunartean, tesiaren izenburua esatearekin nahikoa izaten da; gutxik egiten dituzte galdera gehiago. Txiotesian parte hartzeko momentuan, tesiko kapitulu bat lantzen nenbilen eta aukera ona izan zen, une batez gelditu, eta kapituluan landu nahi nituen ideiak modu ulerkorrago batean azaltzeko. Berriro ere parte hartuko nuke!

txiotesia,elkarrizketa