Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Miren Ibarluzea: "Bourdieuren eskema aplikatu dut euskal literatura itzuliak azken urteotan egindako bidea deskribatzeko"

Dokumentuaren akzioak

Miren Ibarluzea: "Bourdieuren eskema aplikatu dut euskal literatura itzuliak azken urteotan egindako bidea deskribatzeko"

2019/10/02 - Unibertsitatea.net
2017an aurkeztu zuen bere doktorego-tesia: "Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan".

Miren Ibarluzea Santisteban (Mungia 1984) Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua da. Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritza masterra egin zuen gero eta 2017an aurkeztu zuen bere doktorego-tesia: "Itzulpengintzaren errepresentazioak euskal literatura garaikidean: eremuaren autonomizazioa, literatur historiografiak eta itzultzaileak fikzioan".

Hainbat lan argitaratu ditu, itzultzaile autonomo moduan ibilitakoa da, Euskara eta Euskal Kulturako irakasle jardun zuen Michel-Montaigne Bordeaux eta Sorbonne Nouvelle-Paris 3 unibertsitateetan, EIZIEko ordezkaria da CEATL erakundean... eta egun UPV/EHUko Bilboko Irakasleen Eskolan dihardu.

Bere lana gehiago ezagutzeko galdera batzuk egin dizkiogu:

 

Itzulpengintza ikasketak egin zenituen eta itzulpengintzaren gaia tesian landu. Noiz piztu zitzaizun itzulpengintzarekiko interesa?

Ez daukat istorio harrigarririk kontatzeko: umetan medikutara, andereñotara, dendaritara… jolasten ginen, ez dakit inoiz pentsatu izan dudan “itzultzaile izan nahi nuke nagusitan”. Batxilergoan nengoela ezarri zen Itzulpengintza eta Interpretazioa lizentzia EHUko Letren Fakultatean, lagun bat nuen lehen promozioan hasitakoa, banuen haren esperientziaren berri, etxean umetatik atzerriko hizkuntzetan trebarazi gintuzten, euskaraz idazteko eta euskaraz sortzeko grina ere bagenuen bertsolaritzaren bueltan… eta pentsatzen dut horrek guztiak eragin egingo zuela. Ez dut gogoan aurreikuspen zehatzik ote nuen karreran hasi nintzenean, baina unibertsitate-garaiko oroitzapen oso onak ditut eta esango nuke, zaletu, bertan zaletu nintzela, arian-arian, benetako interesa bertan piztu zitzaidala.

UPV/EHUn egin zenuen doktorego tesia, Memoria historikoa literatura iberiarretan (MHLI) ikertaldean.

Beti esan izan dut ibilbidean egindako pauso guztiek aberastu dituztela hurrengoak. Irakaskuntzarako materialgintzan zein itzulpenak egiten emandako garaiak pistak eta bestelako ikuspegiak eta esperientziak eman dizkit ikerketarako, eta gaur egun ere oraindik baliatzen ditudala esango nuke. Ibilbidea, nolabait, errota bat bezala irudikatzen dut, eta, jardunak eta gaiak biltzen-biltzen doaz: eskoletarako materiala sortu, itzultzen aritu, itzulpen sistemaren inguruko ikerketa egin, euskara eskolak eman atzerrian, itzulpen eskolak Letren Fakultatean, hizkuntzaren didaktikari buruzko eskolak Hezkuntza Fakultatean, itzulpena eskoletan nola aplikatu daitekeen ikertu… Bidean egindako guztia uztartzeko zirrikituen bila ibili naizela esango nuke, orain, atzera begira jarrita. Bide horretan badago bakarlanetik, tesiaren eraikuntza bera hala egiten baita, baina baita talde-lanetik ere: tesi-zuzendaria beti dago hor, coaching lanetan… Hala izan da nire kasuan eta, egia esan, hor zehar entzun izan ditudan esperientzien aldean, nik ez dut bakardaderik sentitu tesian ari nintzela. Lana eta tesia egitea uztartu egin ditut beti, alegia, ez naiz inoiz tesian soilik aritu. Halere, aitortu behar dut inguruneak lagundu egin duela; izan ere, tesia egin bitartean unibertsitatean aritu nintzen lanean, Bordelen eta Parisen, eta kideak antzeko beharretan zeudela ikusita, bertako lagunekin nire eta euren tesiko gogoetak partekatzen genituela, lagunek tesiak bukatzen zituztela ikusita… aurrera egiteko motibazioa ere lortzen duzu, eta bakarlana arintzeko foro bat ere bai. Tesia bukatu aurretxoan bildu nintzen MHLI ikerketa-taldera eta hor talde-lanerako foro bikaina aurkitu dut. Ikerketa taldean egiteak bestelako pozak eta lorpenak dakartza eta oso pozik nago talde-lanarekin. Askotan nagia ematen dit ikerketaren bat edo artikuluren bat bakarrik idatzi beharrak.

Euskal literatura garaikideko itzulpengintzaren errepresentazioak ikertu dituzu baina "begi soziologikoak" erabilita.

Ikerketaren munduan ere boladak daude, eta itzulpenaren soziologia edo itzulpen ikasketetako “bira soziologikoa” da horietako bat. Bolada horri lotu nintzaion ni. Asko izanagatik itzulpenari begiratzeko moduak, nik neuk egin gura nuenari marko teorikoa ipintzeko esku-eskura zetorkidalako. Nire asmoa ez zen hainbeste testuei erreparatzea, ezpada itzulpen-eremuari berari. Betaurreko soziologikoak janztearen arrazoi handi bat atzerrian lan egin izandako urteetan dago: Parisen izan nintzen euskara lektore, eta bertan dira Bourdieuren eskolako irakasle eta ikertzaile handienak. Bada, egonaldi hartan eskoletara joan eta hango teorietan arakatzeko modua izan nuen. Beraz, Bourdieuren eskema aplikatu dut euskal literatura itzuliaren eremu izendatu dudan alorrak azken urteotan egindako bidea deskribatzeko. Esan bezala, ez dut itzulpen-testuen edo itzulpen-estrategien bilduma aztertu, nik itzultzaileen prestakuntza-sareek, itzultzaileen inguruko jarrerek, itzulpenaren inguruko irudikatzeek… izandako ibilbidearen interpretazio bat egin dut.

Itzultzaileak fikzioan ikertzerakoan Harkaitz Canoren Twist liburua aipatu izan duzu.

Canoren Twist argitaratzen den sasoi bertsuan badira euskal literaturan agertzen diren beste hainbat itzultzaile ere. Bada, tesian identifikatu dut sasoi horretan, euskal itzulpengintzaren erakundetzearekin batera, itzulpenekiko eta itzultzaileekiko bestelako jarrerak eta diskurtsoak agertzen direla. Horrek eragina du, halaber, idazleek itzultzaileez duten pertzepzioan. Hala, idazleek itzultzaileak fikzio-lanetan txertatzen dituztenean, pertzepzio horiekin lotuta irudikatzen dituzte. Esan genezake, Twisat argitaratzen den une horretan honako ideia hau zabaltzen hasten dela: “itzultzaileak desleial badira, idazleak bezain desleial dira”.

Zenbat egile / liburu aztertu dituzu tesialdian?

Itzulpen eremuaren erakundetzearen atalerako, berebizikoa izan zait EIZIE elkartearen Senez aldizkariak argitaratu izan dituen gogoeta-saio, datu, inkesta zein artikuluak. Itzulpengintzak euskal literatur historiografietan izandako irudikatzea aztertzeko 11 literatur historia arakatu ditut, lehenbizikoa Orixerena (1927) eta azkena Olaziregik zuzendutakoa (2012). Fikziozko itzultzaileei erreparatzeko ere 11 obra aztertu ditut, tartean dira Sarrionandiaren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak, Joxe Agustin Arrietaren Manu Militari, Atxagaren “Itzultzaile bat Parisen” ipuina, Ur Apalategi eta Iban Zalduaren zenbait ipuin, Kirmen Uriberen Mussche eta Ramon Saizarbitoriaren Martutene, adibidez. Sorpresarik izan dudan galdetzen didazu eta esango nuke sorpresarik politena ondorioen atalean hiru ardatz horietako datuak gurutzatu eta lotura zuzen bat zegoela ikustea izan zela.

Itzulpengintzaren esparruak aldaketa ikaragarria jasan duela diozu.

Halaxe da, eta bilakaera horren berri eman dezake azken 30 urteotako euskalgintzaren, kulturgintzaren eta itzulpengintzaren pista jarraitu duen edonork. Nik tesian bilakera hori badela ez dut frogatzen, agerikoa baita egon badela, nik marko bat jarri eta zenbait aspektu deskribatzen ditut, agerian jartzeko, nolabait, bilakabide horretan eragin duten erakundeen, taldeen eta eragileen indarrak eta harremanak, bai eta horiek guztiek eragiten dituzten praktikak eta ikuspegi aldaketak.

Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria jaso zenuen apirilean. Zorionak!

Eskerrik asko. Oso sari berezia izan da niretzat, oso berezia.

Txiokatu zure tesia 6 mezutan lehiaketaren 4. edizioan parte hartu zenuen (ikusi hemen)... Nolako esperientzia iruditu zitzaizun?

Beste urte batzuetan ere jarraitu izan dut ekimena, gutxi-asko jarraitzen ditut UEUren bueltan dabiltzan txiolari batzuk. Nik nola erabaki nuen parte-hartzea? Zehazki nola izan zen kontatuko dizut: ikerketa-taldeko bilera batera nindoan autobusean, Bilbotik Donostiara. Autobus-ibilbidea izaten da sarri txiolandiara bisita egiteko tartea eta orduantxe ikusi nituen beste tesigile batzuen txio-kateak. Zergatik ez? pentsatu nuen. Unean bertan ez zitzaidan beste ezer originalagorik otu: bertso-kopletan txiokatu nuen. Bada, halako esperientziak beti dira aberasgarriak, bai norberak egiten duena ikusarazteko, bai besteen jarduna ezagutzeko.

Zeintzuk dira epe laburrean eskuartean dituzun erronkak.

Egia esango dizut: bururatzen zaizkidan erronka guztietarako denbora falta dut! Funtsean, eskuartean ditudan lanetan aurrera egitea da erronka nagusia. MHLI ikerketa-taldean, adibidez, zentsuraren gaiarekin gabiltza, Alcaláko artxiboko arakatze-lanetan, eta euskal edizioaren eragileak bistaratzeko proiektu bat ere badugu eskuartean. Nire partea bete behar dut proiektu horietan. Bestalde, hezkuntzaren esparruan ere hortxe gabiltza: eskola-liburuak, ikastaroak… denetan aplikatu nahirik ikerketak irakasten duena. Erronkarik handiena, dena den, lanari tamaina hartzea da, eta familian zein lagunartean egoteko edo literatura irakurtzeko tarte gehiago aurkitzea.

txiotesia,elkarrizketa