Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Miren Aranguren: “Ikerketak aukera handia eskaintzen digu eraldatu nahi dugun hori ezagutzeko”

Dokumentuaren akzioak

Miren Aranguren: “Ikerketak aukera handia eskaintzen digu eraldatu nahi dugun hori ezagutzeko”

2019/05/28 - Ikergazte2019

Ikergazte kongresuan, hitzaldi eta aurkezpenez gain, hainbat tailer ere izango dira. Horietako bat “Prozedura feministak: ezagutza, ikerketa eta herrigintza” izenekoa da. Miren Aranguren tailerraren arduradunarekin hitz egin dugu tailer horren nondik norakoez. Aranguren Emagin Formazio eta Ikerketa Feminista Elkarteko kidea da eta ikerketa proiektuen arduraduna.

Ikerkuntza herrigintzaren mesedetan, hori da gakoa. Hala ere, egoera bestelakoa da…
Bai. Esango nuke gaur egun ikerketa nagusiki “akademiatik” bideratzen dela edo hori behintzat hartzen dugula ikerketatzat. Eta zerbait enpiriko eta zientifikotzat. Aldiz, askotan nire ustez zertarako ikertu galdera hori ez dugu ondo erantzuten, ez diogu gure buruari galdetzen. Guk behintzat, Emagin elkartean, ikerketa eraldaketarekin lotzen dugu; eraldaketa sozial eta politikoarekin; eta hortaz, ikerketa herrigintzaren mesedetan jarri behar dela deritzogu. Nire ustez egiten ari garen bide bat da. Badaude posizio hibrido batzuk, badago ikerketa militantea, bagaude elkarte asko gero eta arreta gehiago eskaintzen ari garenak ikerketari; herrigintzan ere autoritatea hori izateari. Uste dut pixkanaka-pixkanaka bide bat egiten ari garela, eta horren adibide dira ere Ikergazte topaketa hauek.

Zein da ikerketaren garrantzia eraldaketa sozialari begira?
Nik uste dut ikerketak aukera handia eskaintzen digu errealitatea begiratzeko, ezagutzeko, eta hortaz eraldatu nahi dugun horren gakoak ezagutzeko. Horrez gain, errealitatearen argazki bat egiteaz gain, uste dut moduei ere erreparatzeko aukera eskaintzen digula, prozesu horiek nola egiten ditugun ere ikusteko. Askotan ez dakigu ikerketa bat noiz hasten den eta noiz bukatzen den. Noiz iristen den hartzaile horiengana; gizartera edo eragile politiko eta sozialetara. Uste dut zer pentsatua asko daukagula oraindik ikerketaren alor horretan, baina zalantzarik gabe beharrezkoa zaigu hobetzen jarraitzeko eta errealitatera egokitzen jarraitzeko.

Zeintzuk dira arlo honetan metodologia feministek eskaintzen dituzten tresnak?
Nik uste dut epistemologia feministak nolabait problematizatu zuela ikerketa subjektu eta ikerketa objektu termino bi horien arteko harremana. Beste prozesu batzuk ere eta beste oinarri filosofiko batzuk ere proposatzen ditu. Metodologia feministez ari garenean, oraindik gatazka dago ea existitzen den metodologia feminista, ez den existitzen. Gu erdigunean kokatzen gara. Ez da hainbeste metodo batzuk feministak direla eta beste batzuk ez. Ez da helburua bereizketa hori egitea; baizik eta ikustea prozesu osoan zehar zein koherentzia dagoen feminismoak dituen oinarriekin. Lehenengo gakoa da eraldaketari zuzentzen zaiola. Eraldaketa duela helburua. Genero harremanak aldatzea duela helburu. Ondorioz bada eraldaketari eta herrigintzari mesede egiten dion ikuspegi bat. Gero bestetik ere iruditzen zait aukera handiak eskaintzen dizkigula tripak erakusteko. Nola egiten ditugun prozesuak erakusteko. Feminismoak asko dauka hortik. Bai teoria feministek eta praktika feministek ekarpen handia egin diote herrigintzari nolakotasunean. Nola egiten ditugun gauzak, horizontalitatea zer den, botere harremanak nolakoak diren. Metodologia feministek hori gehitzen diote ikerketari, eta ondorioz, herrigintzari.

Eta alderantziz, herrigintzatik zein ekarpen egin daitezke?
Herrigintzan dihardugunok posizio pribilegiatu bat daukagula uste dut. Askotan subjektu zapalduak garela. Metodologia feministetan behintzat hori zerbait pribilegiatu bezala ikusten da. Gorpuztuta daukagulako errealitate hori. Zapalkuntza gorpuztua daukagulako. Ondorioz begirada ere inportantea da. Herrigintzan ematen da hibridazio kurioso bat. Diziplinen arteko harremana dago. Hori akademian oso oso zurruna da. Bitarteko eta baliabide asko eskatzen dituen zerbait da; eta, aldiz, herrigintzan… Emaginen gauden taldean daude literaturan adituak direnak, soziologian adituak direnak, antropologian adituak direnak, kimikan adituak direnak, matematiketan… Beste zerbait sortzen da. Eta gero daukaguna da kolektibotasunean ezagutzara gerturatzeko apustu hori. Uste dut hori badela gako inportantea, akademian ez dena hainbeste behintzat ematen. Akademian ikusten dugu merkantilizaziorako joera, indibidualizaziorako joera, boterearen talka hori, lehiakortasuna… Uste dut herrigintzan hori ez daukagula eta esango nuke hori ekarpen oso garrantzitsua dela.

Zer da tailerrean landuko duzuna?
Guk orain dela urte eta erdi gutxi gorabehera, Lisipe bildumaren baitan, “Ezagutzaren matazak” liburua argitaratu genuen; eta hori izan da eztabaida kolektibo baten emaitza. UEUrekin batera ere antolatu genuen ikastaro bat, ia bi urte izango dira. Hortik sortu zen elkarlanetik eta atera genituen gakoekin Emaginen ere eztabaidatu genuen. Hor atera genituen ondorioak zein gure ibilbidea partekatzeko asmoa daukat ikastaroan. Zentratuko naiz pixka bat metodologia feministek eskaintzen dizkiguten galderetan edo irizpide horietan. Ez da zerbait zurruna. Esperimentazioari ateak irekitzen dizkion zerbait da. Ondorioz, nire helburua horixe da. Jendearekin partekatzea guk egin genuen hausnarketa; eta nola gure hausnarketa ez den bukatu, kontrastatzen jarraitzea, jendearen iritziak jasotzen jarraitzea.

Zein da azken helburua?
Gaurko ikastaroaren helburua izango litzateke guk egin dugun hausnarketa hori beste jende batekin partekatzea;eta ikustea ze saretzeko aukera dauzkagun ikertzaileon artean, eragileon artean, herrigintza-ikertzaileen artean. Zein bitarteko komun sor ditzakegun eraginkorragoa izan dadin egiten dugun lan hori guztia. Azken batean, eztabaidatzen jarraitzea jendearekin.

ikergazte2019