Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Martxan jarri da aurtengo Euspot euskarazko spot lehiaketaren edizio berria

Dokumentuaren akzioak

Martxan jarri da aurtengo Euspot euskarazko spot lehiaketaren edizio berria

2015/01/29 - Unibertsitatea.net
Laugarrena da aurtengoa eta “Autoak eta pertsonak: elkarbizitza orekatua” da edizio honetarako aukeratu den leloa.

Aretxabaletako Udalak, Arteman Komunikazioak eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak antolatu dute lehiaketa eta apirilaren 24ra arte dago zabalik lanak aurkezteko epea. Sari banaketa maiatzaren 7an burutuko da Aretxabaletako Arkupe kultur-etxean.

2012an hasi ziren lehiaketa hau antolatzen, abiapuntutzat bi helburu izanik, bata euskara hutsean egindako ikus-entzunezko lanak bultzatzea, eta bestea publizitate eta iragarkien alorrean euskararen erabilera sustatzea.

Lau izango dira banatuko diren sariak; lehenengokoa 1.000 euro spotik onenari, bigarrena, publikoaren saria izango da, 500 eurokoa, gero, Mondragon Unibertsitateko ikasleen artean spotik onena egin duenari 500 euro emango zaizkio eta azkenik, Gazteen saria banatuko da, 14.18 urte bitartekoek egindako spot originalenari 250 euro.

Parte hartzera animatuz gero, bota begiratu bat euren orrialdeari lehiaketaren inguruko nondik norako guztiak jakiteko: www.euspot.eu.