Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Martin Ladrón de Guevara: "Hiperluzaturiko arroen ikerketa pil-pilean dagoen gaia da; kontinenteen apurketa ulertzeko modu berritzaile bat aurkezten du"

Dokumentuaren akzioak

Martin Ladrón de Guevara: "Hiperluzaturiko arroen ikerketa pil-pilean dagoen gaia da; kontinenteen apurketa ulertzeko modu berritzaile bat aurkezten du"

2021/05/11 - Unibertsitatea.net

Martin Ladrón de Guevara Agirretxe (Zarautz, 1996) 2018ko uztailean, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean (ZTF), geologian graduatu zen. 2019. urtean, Universitat de Barcelona eta Universitat Autònoma de Barcelona unibertsitatek eskinitako “Arroka biltegien geologia eta geofisika”-ri buruzko masterra burutu zuen. 2020az geroztik, ZTF-ko Geologia Sailean dago, “Kuaternarioa: Ingururugiro Aldaketak eta Giza Oinatzak" doktorego programaren baitan. Bertan, Kretazeo garaiko Euskokantauriar arroaren zabaltzeari loturiko prozesu hidrotermalei buruzko doktorego tesia egiten ari da. Horretaz gain, Prozesu Hidro/Ingurumenekoen Ikertaldeko (HGI) kide da.

Geologia ikasketak egin zenituen eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.

Txikitatik erakarri izan nau naturak. Batez ere sumendiek, dinosauroek, lurrikarek eta horrelako kontuek. Lur planeta nola sortu zen eta izan dituen bilakaerak ezagutu eta ulertu nahi izan ditut betidanik. Ikastolan nenbilenetik jakin izan dut geologiari buruzko ikasketak egin nahi nituela. Hortaz, nire kasuan behintzat, oso erraza izan zen geologiari buruzko ikasketak egitea.

Doktoregoa egitea ez nuen ikasketak amaitzear nengoela arte planteatu. Graduaren azken urtetik banekien aukera hori existitzen zela, baina, ez nion lehentasun berezirik eman benetan aukera aurrean izan nuen arte. Izan ere, graduko ikasle elkartruke programen eskutik, Tromsø hirian eman nituen hilabeteetan izan nuen ikerketarekiko lehenengo hartu-emana. Bertan, geologiaren ikuspuntu berriak topatu nituen. Horrek, erabat baldintzatu zuen egingo nuen masterraren aukeraketa, benetako ikerketa nolakoa den master horretan ezagutu nuelarik. Gauzak horrela, masterra bukatzear nengoela, gaur nire zuzendari denak eskuartean zuen proiektua kontatu zidan. Proiektuak asko erakarri ninduen eta tesia egiteko bekak eskatu genituen eta 2020 hasieran tesiarekin hasi nintzen. Pandemiaren bezperan, ia-ia.

Euskokantauriar Arroa duzu ikergai. Zehazki hiperluzatutako arroak.

Hiperluzaturiko arroen ikerketa pil-pilean dagoen gaia da. Izan ere, hiperestentsioaren ideia horrek kontinenteen apurketa ulertzeko modu berritzaile bat aurkezten du. Ereduaren baliagarritasuna munduko hainbat toki ezberdinetan ari da behatzen, esaterako, Mesozoiko garaiko Bizkaiko Golkoa-Pirinioak rift sisteman, non, EKA, bertan kokatzen den. Hiperestentsioak lurrazal kontinentalaren azkenerainoko luzapenari eta mehetzeari egiten dio erreferentzia. Eta hori, detachment deitzen den faila subhorizontal baten ondorioz gertatzen da. Prozesu horren bitartez, lurrazalaren azpiko mantua azaleratu daiteke, egoera normal batean 20 eta 70 km bitarteko sakoneran kokatzen dena.

Zein eremutan ari zara ikertzen?

Ikertzen ari garen eremuak Bortzirien mendigunearen iparraldea eta hegoaldera mugatzen dira, oraingoz. Tesiaren fase honetan Andoainen hasi eta Oiartzun ekialdera arte iristen den zonaldean ari naiz buru belarri lanean, eta laster Leitza aldean hastea espero dugu. Hala eta guztiz ere, ondo bidean, bi eremu hauetan topaturiko prozesuak arro mailan ere aztertu nahi ditugu. Aipaturiko bi eremu horiek oso interesgarriak dira. Izatez, Bortzirietan arroaren ekialdeko arrokarik zaharrenak bertan azaleratzen dira, Jurasikoko eta Kretazeokoekin kontaktuan. Muga horiek, Kretazeoko rifta ulertzeko oso baliagarria izan daitekeela uste dugu.

Euskokantauriar arroaren ezaugarri adierazgarriena bertan aurkitu daitekeen Mesozoikoko materialen lodiera handia da, bereziki Kretazeoarena.

Hainbat kilometroetako lodierako estalki sedimentarioak ez dira nonahi ageri. Lurrazaleko toki konkretuetan gertatzen da hori, baldintza tektoniko jakin batzuen menpean. Riftingak hori eragiten du. Kontinenteen apurketa prozesuek lurrazalaren egitura eraldatzen dute, sakonuneak eta goraguneak sortuz. Kasu honetan, lurrazala osatzen zuten bloke ezberdinen mugimendu erlatiboek eraginda depozentro ezberdinak sortu ziren eta ikaragarrizko sedimentu pilaketa eman zen. Eta noski, hor sartzen da hiperestentsioaren hipotesia. Blokeen mugimendu horiek azaltzeko oso interesgarria izan daiteke.

Hiperluzatutako arroen sorkuntzan urak zeresan handia izan zuela uste duzu.

Bai. Ura baino, fluidoak esan ohi dugu. Fluido horiek uraz gain, hainbat elementu zein konposatu kimikotan aberastuak egon ohi baitira, gatzetan, metanoan edo CO2-an beste gai askoren artean. Horrekin lotuta, jatorriaren arabera fluido ezberdinak existitzen dira. Esaterako: ur meteorikoen infiltrazioa jatorri bat izan daiteke; itsasoko uren infiltrazioa beste bat; eta arroken eraldaketetan askatutako ura beste bat. Fluido horiek ingurune eta baldintza konkretuetan aberasten dira elementu eta konposatu horietan. Gainera, gradiente geotermikoaren bitartez fluido horiek berotu egiten dira. Horrela, arrokek eta sedimentuek duten porositatea baliatuz, fluidoek migratzeko joera izaten dute presio txikiagoko guneetarantz. Bide horretan fluidoek arrokak disolbatu edota mineralak eraldatu ditzakete, ingurune sedimentarioko biotarekin batera. Guk azken finean arroketan prozesu guzti horien emaitza ikusten dugu eta fluido horien eboluzioa nolakoa izan zen ikertzen dugu.

Zein da arroen eboluzio tekto-termo-sedimentarioa aztertzeko jarraitzen duzun prozesua? Emaitzekin, zeri erantzun nahi diozu?

Lana oso multidisziplinarra da. Landako ikerketa eta laborategikoa eskutik doaz beti. Hasteko, interesgarriak diren guneak lagintzen dira. Horretarako detailezko kartografia geologiko batean oinarritzen gara. Arroken eta egitura geologikoen antolaketa espaziala ezagutzeko berebizikoa da lan hau ahalik eta finena izatea, horren arabera laginketa antolatzeko. Laginketaz gain, beste hamaika datu ere hartzen ditugu: arroken deskribapenak (litologia, fosilak, ehundurak…), arrakalen eta mineralizazioen ordenamendu espazialaren neurketak… Guzti honekin zutabe estratigrafikoak eta zehar ebakiak eraikitzen ditugu, esandako hiru dimentsiotako antolamendu espazial on bat izateko.

Guzti horrek denbora luzea eramaten digu. Gainera gure inguruneak asko baldintzatzen du, azaleramenduak mugatuak baitira. Laginketarekin jarraituz, ezberdina izaten da helburuaren arabera. Esaterako, arroken laginak mikroskopiopean behatzeko xafla meheak egiten dira (analisi petrologikoa). Xafla mehek arroken ehundura, fosil edukiera, mineralak eta beste hainbat datu ezagutzeko balio dute. Lan horrek, arroken adina ezagutzeko, jatorrizko ingurunea zein zen jakiteko eta prozesu diagenetikoak definitzeko balio du, besteak beste. Horrekin loturik osagarriak diren eta izen luzeak dituzten beste hainbat teknika erabiltzen dira: katodoluminiszentzia, X izpien difrakzioa, mikroskopio elektronikoa, analisi isotopiko eta elementalak, eta beste hainbat.

Aurreko galderan esan bezala, guk baldintza tektoniko konkretu batzuetan, hau da, EKAren estentsioaren baitan gertaturiko hidrotermalismoa ezagutu nahi dugu. Horrek, Kretazeoko riftari buruzko informazio asko eman baitezake, garai hartan jazotakoa hobeto ezagutzeko.

Ikerketaren zein fasetan zaude?

Momentu honetan nire bekaren 2. urtearen hasieran aurkitzen naiz. Landako ikerketan eta laborategiko lanean gabiltza buru belarri. Esperientziak oraingoz gorabehera ugari izan ditu. Hasi bezain pronto pandemia iritsi baitzen, eta ikaragarri baldintzatu zuen tesiaren hasiera. Udaren ondoren gauzak lasaitzen joan dira, baina analisiak eta horrelako gauzak egiteko atzerapenak handiak dira oraindik toki guztietan. Bibliografiaz bustitzeko aprobetxatu dugu, eta gauzatxo batzuk egiteko aprobetxatu dugu, behintzat.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Bada egia esan hasiera batean espero nuena baino erronka zailagoa izan zen. Izan ere, ez da erraza horrelako kontuak hitz gutxitan ondo eta zehatz azaltzea. Familian eta lagunartean ere horrelako zerbait gertatu izan zait. Gizartearen ezagutza geologikoa ez da oso zabala normalean eta, lankideon artean hain normalizatua dugun hizkuntza eta ulermena sinplifikatzea ez da batere erraza. Horregatik, horrelako ariketek asko laguntzen dute hartu-eman horretan.

 

txiotesia,elkarrizketa