Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Marta Garcia: "Filosofiak bere buruaz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta zailagoa egiten zaio bere existentzia justifikatzea"

Dokumentuaren akzioak

Marta Garcia: "Filosofiak bere buruaz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta zailagoa egiten zaio bere existentzia justifikatzea"

2022/11/24 - Unibertsitatea.net

Marta Garcia (Donostia, 1991), filosofian lizentziatua eta doktorea da. Ahal duen heinean, irakaskuntza eta ikerketa lanak grina artistikoa asetzen duten jarduerekin uztartzen ditu, besteak beste abesbatzan kantari, musika klasiko kritikari edo opera zein beste obra musikalen itzulpengintzan. Pentsamendua eta sentsibilitatea uztartzen dituzten jarduerak ditu gogoko. Filosofia, binomio hori modu askean lantzea ahalbidetu dion diziplina izan da berarentzat.

Filosofia ikasi zenuen eta ikerketaren mundurako saltoa eman zenuen gero.

Unibertsitaterako hautaproba egin baino hilabete gutxi batzuk lehenago erabaki nuen Filosofia ikastea, nire tutore eta matematika irakasle zenaren harridurarako. Konbentzituta zeuden Arkitektura ikasiko nuela. Gustuko dut esatea espazio fisikoan eraikitzetik pentsamenduaren esparruan eraikitzera egin nuela jauzi. Gero, lizentziatura urteetan, ikasle fin horietakoa izan nintzen: seminarioetan parte hartzen nuen ahal nuen guztietan, borondatezko aurkezpenak egiten nituen klasean… Horiek guztiek eta hainbat irakasleren erantzun positiboek ikerketarako nuen sena piztu zuten guztiz. Tartean zen Julian Pacho irakaslea, gerora nire tesi zuzendaria izango zena eta berak esplizituki adierazi zidan doktoretza eta ibilbide akademikoa egiteko aukera eta tasunak nituela. Sinetsi egin nion eta aurrera egin nuen: gehiago sakontzeko beharra nuela uste nuen eta ikerketa masterra burutu nuen Bartzelonako Unibertsitatean, eta gero, doktoretzari ekin nion. Hori bai bidaia.

Filosofiaren amaieraren inguruan dagoen auzia aztertu nahi izan duzu tesian.

Julian Pachok irakasten zituen metafisika klaseetan azaldu zitzaigun auzia; gerora, biok adostu genuen hori izango zela nire tesiaren gai nagusia. Filosofiaren amaieraren inguruko tesi guztiak, XIX. mendetik nahiko ohikoak, tesi metafilosofikoak dira; hau da, filosofiaren beraren inguruan aritzen diren teoriak dira. Filosofia amaitu (ez) dela badiot ere, bistan denez, filosofiaz zerbait esaten ari naiz, eta ez miru beltzen migrazioari buruz. Maila teorikoan ari gara edo, hobeto esanda, maila metafilosofikoan. Azaletik, metafilosofiak filosofia bera du ikergai: zer den, zer ikertzen duen, zein metodo erabiltzen dituen horretarako eta abar.

Noiztik dago auzia mahai gainean?

Izatez, auzi metafilosofikoa filosofiaren hasieratik sortzen da; izan ere, Aristotelesek esan zuen filosofia egitea zela, hain zuzen ere, filosofia egin behar ote dugun galdetzea. Esan dezakegu filosofiak beti izan duela aztergai bere burua. Hala ere, adierazgarriena da XX. mendean filosofiaren esparruan geroz eta ugariagoak direla ikerketa metafilosofikoak eta aldi berean filosofiaren amaieraren inguruko tesien garapena. Hau da: filosofiak bere buruaz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta zailagoa egiten zaio bere existentzia justifikatzea.

Filosofiaren amaieraren inguruko tesiak antolatzen saiatu zara.

Nahiko lan hartu nuen filosofiaren amaieraren inguruan topatu nituen tesi guztiak sailkatzen. Inplizituki, guztiek dute zerikusia filosofiaren eta zientzien arteko harremanarekin. Azken baten, tesi metafilosofikoek, are gehiago filosofiaren amaieraren inguruko tesiek, filosofiak ezagutzaren eremuan duen tokiaz galdetzea dakarte. Horregatik diot, Kanten hitzak hartuz, fakultateen arteko gatazka berri baten fruitua direla.

Bi teoria nagusi ezberdindu daitezke, batetik, filosofia amaitu egin dela adierazten duten teoriak, teoria erradikalak; eta bestetik, horien aurrean filosofiaren berariazkotasuna deskribatzen saiatzen direnak, defentsa teoriak. Lehenengoen artean hiru diskurtso mota bereizten dira: bat, zuzenean filosofia ezabatu egin behar dela dioten tesiak, zientziaren hizkuntza gailenduz; bi, filosofiaren disoluzioa proposatzen duten teoriak, posmodernitatearen ildotik doazenak egia edo ezagutza kontzeptuen zentzu zurrunak alde batera utziz eta hiru, filosofiak bere burua gainditu egin duela asumitzen duten teoriak, hau da, hasiera-hasieratik filosofia teknifikazio bokazioz sortu eta, hortaz, garai zientifikoan filosofia bere arrakastak kontsumituta akabatu dela onartzen dutenak.

Nolabait filosofia beraren beharra galdu dela defendatzen dute tesi hauek?

Batzuek bai. Kontuan izan behar da duela gutxira arte zientzia eta filosofiaren arteko muga ez dela batere argia izan. Tradizioan, filosofia edo zientzia egitea ezagutzea zen, besterik gabe. Adibidez, 1751. eta 1772. urteen artean argitaratutako Diderot eta D’Alemberten Entziklopedia zabalean, bi kontzeptuok sinonimotzat dituzte. XIX. mende erdialdean, industriak eta ikerketak eskatzen duten espezializazioak zientzia naturalen eta espiritu zientzien artean bereizten hastea dakar: lehenek munduaz dihardute, bigarrenek, aldiz, gizarteaz, historiaz, gizakiaz eta bere mamuez. Orduantxe hasiko dira ezagutza filosofiko baten tokia eta beharraren inguruko galderak. Zertaz dihardu filosofiak? munduaz, gizakiaz, ideiez, ezagutzaz, ezagutzaren oinarriez…? Zertaz aritu behar du? Ezagutzaren fragmentazio horri filosofiaren balkanizazioa deitu izan zaio. Batzuentzat hori izan da, hain zuzen ere, XX. mendeko filosofiaren historia: lur galtze eta desagertzearen historia.

Zalantzan jartze honek, zertan eragiten du?

Maila teorikoan zein praktikoan du eragina. Ezagutza modu desberdinetan sailkatzearen gorabeherek ikasketa-planen antolamenduan gertatu diren aldaketetan islatzen da modu nabarmenean: zein ikasgai kontsideratzen diren funtsezkoak, zenbat ordu eskaintzen zaion bakoitzari, zein Gradu berri sortzen diren, espezializazio lanak nola txertatzen diren Masterretan, ikerketa taldeetan, baremazioak nola egiten diren… Ezagutzari lotutako erabaki praktikoek zio teorikoen zein bestelako interesen bidegurutzean hartzen dira. Filosofiari, azken mendean bere burua zalantzan jarri duen diziplina horri, zailagoa egin zaio bere interesak justifikatzea.

Hala ere, filosofia defendatzeko estrategiak ere badirela diozu.

XX. mende erdialdetik esplizituki agertzen dira filosofiaren defentsak eremu akademikoan, eta azken urteotan komunikabide eta elkarrizketa publikora igaro dira. Ia hilabetero agertzen da filosofiaren onurak goraipatzen dituen artikuluren bat edozein egunkaritan. Maila kontzeptualari eutsiz, nik lau bide nagusi identifikatu nituen. Lehenak zientzien arteko mugak ezabatzearen beharra eta, ondorioz, ezinbestez filosofiaren ideia biguna edo porotsua lantzearen aldeko apustua egiten du, tradizio metafisikoaren nozio trinkoetatik aldentzen dena. Bigarrenak dio filosofia berariazko jakintza mota bat dela eta, hortaz, ez dagoela inongo talkarik gainontzeko diziplina zientifikoekin. Hirugarren batek aldarrikatzen du zientziak teknifikatutako mundu batean filosofiak konpentsazio eta kritika lanak egin behar dituela. Azkenik, badira ezagutzaren espezializazio eta bereizketa onartu eta lan filosofikoari bitartekari papera atxikitzen diotenak, zientziak adiskidetzeko edo bateratzeko gai delakoan.

Txiotesian, filosofia argizaiolarekin parekatzea erakargarria zela zenioen. Zergatik konparaketa hori?

Hilabete batzuk neramatzan tesiaren idazketa prozesuan murgilduta eta, ez dezagun geure burua engaina, askotan zaila da tunelaren bukaeran argia ikustea. Irudi ederra zela otu zitzaidan, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, filosofiaren amaieraren inguruko tesia izanik aproposa bezain ironikoa zen hildakoen aldeko ospakizunetan pizten den taulari erreferentzia egitea. Bestetik, argia eta ezagutza lotzen dituen metaforak historia luzea dauka. Argizaiolak ez du, berez, argirik, baina euskarria da. Askotan hala ikusi izan dut filosofia, egun guztiz espezializatuta dauden ezagutza adar askoren oinarri historiko gisa eta, askotan, oinarri kontzeptual gisa ere. Dena den, doia baino, irudia komenigarria delakoan nago.

Nola dago egoera egun?

Kuriosoa da. Filosofiaren amaieraz mintzatu diren gehienek nonbait ez dute amore eman ibilaldi filosofikoan, azken baten, euren burua eta euren lana jartzen dute jokoan. Edonola ere, gauza bat argi dago, Filosofia diziplina gisa sortu baino lehen baziren pentsamendua, ezagutza eta filosofia ere. Filosofia diziplina gisa desagertuko balitz ere, ez dago arrazoirik trinomio hori desagertuko litzatekeela pentsatzeko, nahiz eta defentsa sutsuenek hori sinestarazten duten. Norberaren filosofia-hobia zaintzea senezko erreakzioa izan daiteke, baina ez da arrazionalena.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Filosofiarekin zerikusi zuzena ez duten hainbat erronka artistikoz gain, bide akademikoaren maratoian lehen pausuak ematen ari naiz. Unibertsitateak ahalbidetzen duen ikerketa eta irakaskuntza hibridazioan eroso sentitzen naiz: bilatu, irakurri, antolatu, erlazionatu, idatzi, erakutsi, eztabaidatu, deskubritu, berridatzi, berriro bilatu… Ikerketa prozesua zirkulu bertutetsu bihurtzearen aukerak kitzikatu egiten nau. Gai askok sortzen didate jakin-nahia eta horrek pizten dit ikerketarako berezko sena. Orokorrean, joera hori gabezia izan daiteke espezializaziorako bidean, baina ez pentsamenduaren eta ezagutzaren bidaian.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Tesiaren idazketa prozesu malkartsuan une batez gelditu eta barnean zurrunbiloan zebiltzan ideiak antolatu eta era sinplean azaltzen saiatzea esperientzia dibertigarria izan zen. Lan akademikoak eskatzen duen pentsamolde, esamolde eta idazteko eratik ere irteteko balio izan zidan. Horrelako disrupzioak intelektualki zein emozionalki onuragarriak dira.


txiotesia,elkarrizketa