Dokumentuaren akzioak
Marina Landa: "Gaztea irratian entzun diren kantak gure kulturaren isla zintzoa direla uste dut"
Marina Landa Gonzalez (Donostia, 1993), Komunikazioan graduatu zen Deustuko Unibertsitatean eta Kultur Kudeaketa master ofiziala egin zuen Universitat de Barcelonan. Ikerketan murgildu baino lehen, komunikazio estrategikoan, publizitatean eta sare sozialetan lanetan ibili da, betiere sormen, arte, kultura eta hizkuntzari lotutako proiektuetan. Egun, bere lana musikari lotuta dago: euskal pop abestiei buruzko tesia egiteaz gain hark ere musikan jarduten du kantautore gisa.
Komunikazioan graduatua zara eta ikerketaren munduan ari zara orain.
Txikitatik gustuko izan dut diziplinartekotasuna. Lehen ez nintzen jabetzen eta "dena atsegin dut" esan ohi nuen, horrexegatik hautatu nuen komunikazioa ikastea: sormena eta pentsamendu kritikoa uztartzen zituen, pertsonekin harremanetan etengabe egoteko aukera emango zidala pentsatu nuen… Izan ere, graduan zuzen idazten, jendaurrean hitz egiten, eta komunikazio planak sortzen ikasteaz gain, dibertsitatea errespetatzen, enpatia izaten, eta egoerak zein sorkuntzak begi kritikoekin aztertzen ikasi nuen. Urte batzuk komunikazio eta kultura arloetan lan egin ondoren, nik neuk nahi nuen gaiari buruzko tesia egiteko aukera aurkeztu zitzaidanean ez nuen birritan pentsatu. Musikari lotutako tesia bada ere, funtsean komunikazio prozesu bat gauzatzen da. Hortaz, nire jatorrietara itzuli naiz eta oso ederra da.
Euskal Herriarekin zerikusia duen musikak euskal identitatearen transmisioan duen papera duzu ikergai.
Oraintxe Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Taldean nabil. Taldeak hainbat eta hainbat arlo uztartzen ditu eta zortea da duela urte batzuk irakasle izan nituen pertsonengandik ikastea.
Nire lana, zehazki, 1990etik hona Euskal Herrian egin den pop musikari buruzkoa da. Funtsean, hainbat abesti ospetsuren letrak aztertzen ditut, besteak beste, euskal poparen mezu nagusien eboluzioa ezagutu ahal izateko. Argitu nahi dut nire ikerketan pop musikatzat popularra, komertziala, arrakastatsua, ospetsua edo masazkoa hartzen dudala.
Azken 30 urteetako musika popularra beste garai batzuk baino gutxiago ikertu dela diozu.
Bi arrazoi nagusi aipatu nahi ditut. Alde batetik, Euskal Kantagintza Berriak eta Euskal Rock Erradikalak izan zuten indarra ukaezina den heinean, ulertzen dut aztertzeko beharra eta interesa. Bestetik, iruditzen zait amaitutzat jotzen den garai bat aztertzea “sinpleagoa” dela, ikuspegi historikoa dagoenez kritikoagoak izan gaitezkeelako-edo. Baliteke urte batzuk barru ikustea gaur egun Euskal Herrian musikalki halako mugimendu garrantzitsu bat jaio izana, baina hori guztiz antzemateko denbora beharko dugulakoan nago.
Zein izango da zure ikerketa eremua?
Nire ikerketa-lagina Gaztea irratian oinarritzen da, nire aburuz euskal poparen erreferente handia dugulako. Badakit euskal musika Gaztea baino haratago doala, badakit popular izatea ala ez subjektiboa izan daitekeela eta irrati batek ezin duela garrantzitsua izan den abesti oro bereganatu. Baina ikertzaile bezala hautua egin behar nuen. Uste dut Gazteak eragin handia izan duela gure gizartean eta bertan entzun izan diren kantak gure kulturaren isla zintzoa direla. Hori dela eta, azken 30 urte hauetako kanta garrantzitsuenak hautatu ditut. Hautatzeko metodologia ezin da berbera izan urte guztietan informazio-falta dagoelako, hortaz, hainbat informazio-iturri uztartu ditut ahalik eta gehien hurbiltzeko errealitatera. Hala, bakarlari nahiz talde, euskara nahiz erdara, eta trikipopa nahiz rocka aurki ditzakegu laginean.
Azken 3 hamarkadetako musika popularrak euskal identitatea komunikatzen du? zer diote emaitzek?
Tamalez lana oraindik ez dago amaituta, beraz, ezin ditut emaitzak azaldu. Hala ere, nire hipotesiak dio Euskal Herrian azken 30 urteetan egin den musikak gai anitzak jorratzen dituela: maitasuna, kezka pertsonalak, gazteen auziak, sistemarekiko haserrea… eta ez al da hori guztia euskal identitatearen nolabaiteko erakusgarri?
Euskal identitatea komunikatzeko modua da aldatu dena?
Identitateak bizirik badaude etengabe aldatzen ari dira, baita euskal identitatea ere. Are gehiago, ez dakit ez ote den akatsa identitateaz singularrean mintzatzea identitateen ordez, pluralean. Honekin zera esan nahi dut, besteak beste gure lurraldeko kultura, bizimodua, hizkuntza eta balioak aldatu badira, zentzuzkoa iruditzen zait horiek guztiak komunikatzeko modua ere aldatu izana.
Sorpresaz harrapatu zaituen daturen bat?
Ikerketaren fase honetan oraindik ez dut sorpresarik izan, baina baliteke izatea, aurrerago kontatu beharko dizuet! 😊
Zeu ere musikaria zara... euskal identitatearen transmisioan zeure ekarpena egiten ari zara?
Hau polita litzateke, baina ez dut uste. Nire abestiak, momentuz behintzat, pertsona batzuengana besterik ez dira iristen. Hortaz, ez dut uste identitate kolektiboaren parte direnik. Baliteke norbaiten identitate indibidualean eragina izan izana, eta hau ere zoragarria da.
Italian egonaldia egin duzu, nolakoa izan da esperientzia?
Palermora doktoretzaren nazioarteko egonaldia egitera joan nintzen, hiru hilabetez. Eremu pertsonalean oso esperientzia aberasgarria izan da; ikerketa, ordea, ez zen espero nuena izan. Ni hara iritsi baino bi aste lehenago, bertan lagundu behar zidan ikertzailea, sizilieraz idatzitako egungo musikan aditua, zendu zen. Kontatzen dudan bakoitzean denek uste dute adarra jotzen ari natzaiela, baina ez, egia da, nahiko surrealista den arren. Hala ere nik oso modu positiboan ikusten dut egonaldia, baina argi dago profesionalki ez dela izan izan litekeena, eta honetaz ere hitz egitea garrantzitsua iruditzen zait, niri gertatutakoa muturrekoa bada ere, ikasi behar dugulako doktoretzan zehar gauza asko ez daudela gure esku.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Musika pandemikoari buruzko ikerketatxo bat egiten ari naiz eta jakina… erronka nagusitzat tesia amaitzea dut!
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Polita izan zen nire ikerketaren nondik norakoak partekatzea eta beste ikertzaile gazte batzuen lanaren berri izatea, oso gai interesgarriak daude-eta.