Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Marie Pourquié: “Ikergazte existitzea pozgarria da, eta beharrezkoa, gero eta gehiago garelako euskaraz ikerketa egiten”

Dokumentuaren akzioak

Marie Pourquié: “Ikergazte existitzea pozgarria da, eta beharrezkoa, gero eta gehiago garelako euskaraz ikerketa egiten”

2019/02/26 - Ikergazte2019
Marie Pourquié baionarrak Iruñean egin zen Ikergazte kongresuan parte hartu zuen. Bertan afasiari buruzko lan bat aurkeztu zuen Amaia Munarriz ikertzailearekin batera.

Marie Pourquié baionarrak azken Ikergazte kongresuan parte hartu zuen eta bertan “CAT: afasia aztertzeko tresnaren euskal egokitzapena”z aritu zen Amaia Munarrizekin batera. Bere esperientziaren berri jakin nahi izan dugu.

2017ko Ikergazte kongresuan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia biziki ona zen. Iruñean iragan zen eta nire lankide Amaia Munarrizekin aurkeztu genuen afasiari buruzko lan bat, beste gai anitzen artean. Diziplinartekotasun handia bazen. Beste ikertzaile gazteekin topo egiteko aukera ematen du. Adibidez, Maitena Duhalderekin. Geroztik oroitzen gara han elkar ezagutu genuela lehen aldiz. Beraz, sarea handitzeko baliagarria da! Giro lasaia zen eta trukaketa aberasgarria. Hitzaldiak eman ondoren, eztabaidak egiten genituen lasaiki ikasgela batean, denen artean. Esperientzia gehiagoko ikertzaileak entzuteko parada ematen dizu ere bai; adibidez oroitzen naiz Jose Ramon Etxebarriak eman zuen hitzaldiaz, Katedralaren eraikuntza izenburupean; euskarazko ikasketen eta ikerketaren garapen historikoaz. Eta ibilbide luze horren ondotik, Ikergazte bezalako kongresu bat existitzea pozgarria da eta beharrezkoa, gero eta gehiago garelako euskaraz ikerketa egiten. Ikertzaile esperimentatuengandik ikasteaz gain, ikertzaile gazteengandik ere ikasten da. Euskal Herrian garatzen ari diren ikerlanen berri hartzeko aukera paregabea da.

Eleaniztunen hizkuntza-patologien esparruan egiten duzu ikerketa. Euskara arloan dagoen hutsunea aipatu zenuen UEUk antolatutako Osasun Zientzien Topaketetan. Zerekin egin duzu topo?

Hizkuntza arazoak aztertzeko euskarazko tresnen eskasarekin, ikerketa murritzarekin eta ortofonista (logopeda), klinikari eta ikertzaileen arteko komunikazio eskasarekin. Beste herrietan (adibidez, Herbehereetan, Ingalaterran, Alemanian) garatu den hizkuntzalaritza klinikoa arloa Euskal Herrian ez da garatu. Eta gure egoera eleaniztuna denez, ezinbestekoa da hizkuntza patologien ikerketa eta tratamendua euskaraz bultzatzea, eta euskara-frantses/gaztelania edo X elebidunei egokitzea. Nire ibilbidean behar handi bat ikusi dut ortofonistengandik (logopedengandik), ikertzaileengandik; bai eta gaixo eta bere familiengandik. Ospitaleetan, errehabilitazio zentroetan, zahar-etxeetan euskaraz entzuten da; beraz, garrantzizkoa da ebaluazio tresnak, ikerketa eta tratamenduak errealitate horri egokitzea. Dirudienez, pixkanaka-pixkanaka egoera aldatuz doa. Horretan ari gara lanean.

Zer da zuretzat ikergaztea izatea?

Ikergazte izatea da, gustukoa duzun gai bat, edozein arlotakoa, ikertzea eta aztertzea. Duela urte batzuk hori (bost edo hamar).

Aurtengo Ikergazte kongresua Baionan izango da. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Pozgarria dela eta normala aldi berean.

Euskal ikertzaileek zergatik joan behar lukete Baionara?

Nire sorterria delako [txantxetan] eta herri polita delako! Eta ikertzaileen arteko topaketa aberasgarria izanen delako dudarik gabe!

ikergazte2019