Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maria Ruiz: “Argi dago espetxealdia ez dela oro har bizipen atsegina inorentzat, baina badirudi emakumeentzat esperientzia bereziki kaltegarria eta lazgarria dela"

Dokumentuaren akzioak

Maria Ruiz: “Argi dago espetxealdia ez dela oro har bizipen atsegina inorentzat, baina badirudi emakumeentzat esperientzia bereziki kaltegarria eta lazgarria dela"

2013/10/23 - Unibertsitatea.net
Maria Ruiz antropologoari elkarrizketa bere tesiaren gainean: Espetxeak eta emakumeak.

Espetxeko bizipena guztientzat zaila izanda ere, emakumeentzako esperientzia zailagoa dela azaldu digu Maria Ruizek. Gizarte eta Kultur Antropologia lizentziatura UPV/EHUn bukatu ondoren, Ikerketa Feministak eta Generokoak masterra egin zuen, eta egun doktoretzan murgilduta dabil emakumeengan kartzelak duen eragina aztertzen. UEUko Antropologia Sailburua da.


Espetxea eta emakumeak aztertzen ari zara tesian, ezta?

Halaxe da. Denbora gutxi daramat tesian lanean. 2011n hasi nintzen kide batzuekin batera emakume presoen gaia lantzen, baina tesiarekin 2013ko urtarrilean hasi nintzen. Nire asmoa espetxean dauden emakumeen bizipenak eta erresistentziak ikertzea da, kartzela genero-erakunde bezala ulertuz. Giltzapetutako emakumeen esperientziak eta ibilbideak, arau-hausteak eta eztabaidatzeak landu nahi ditut, kartzela-sistemak sustatzen dituen genero-ereduak eta diskriminazioak ere jasoz.

Aurretik “Emakume preso ohiak: hauskortasuna eta autonomia” ikerketan jardun zenuen. Erlaziorik ba al du zure tesiarekin?

Bai, lotura zuzena dute. 2010ean, Ikerketa Feministak eta Generokoak masterrean elkar ezagutu genuen lagun batzuek (Alma Méijome-k, Edurne Bengoetxea-k, Laura Vara-k, Miren Arbelaitz-ek eta nik) elkarrekin ikerketa bat egitea pentsatu genuen. Hala, Emakunderen ikerketa-beken deialdian Emakume preso ohiak: hauskortasuna eta autonomia proiektua aurkeztu genuen, eta beka lortu genuen. 2011ko apiriletik hurrengo urteko apirilera arte, ikerketa horretan lanean egon ginen, eta bukatzean, nire tesiarekin jarraitzeko proiektu berria prestatzen hasi nintzen.

Nola sortu zitzaizun espetxeetako emakumeen gaia aztertzeko ideia?

Tesiaren jatorria aurreko ikerketa horretan dago. Bertan sortutako galdera eta azterketa-lerro berriak jarraituz bururatu zitzaidan gaia. Beraz, talde-ikerketa hori abiapuntu da niretzat. Hasieran, espetxean egondako emakumeen gainean jardutea bururatu zitzaigun, Emakunderen ikerketa-bekaren gaia diskriminazio anizkuna jasaten zuten emakumeen errealitatea zelako. Beraz, gai horren inguruan pentsatzen hasita, emakume preso-ohien egoera ikertzea bururatu zitzaigun, Laurak emakume presoen gaia landu zuelako bere tesinan, eta masterrean Dolores Juliano antropologo feministak emakume delitugileen inguruan emandako klasea oso interesgarria iruditu zitzaigulako. Emakume preso ohiak: hauskortasuna eta autonomia lanean, espetxean egondako emakumeen egoera, zailtasunak eta desabantailak aztertu genituen. Helburu nagusia emakume presoek, kartzelan egon izanaren ondorioz, bizimodu autonomoa izateko zer-nolako arazoak zituzten ezagutzea izan zen, arreta baliabide fisiko, ekonomiko, soziokultural eta politikoetara zuten heltzean jarriz.

Kartzela zigorra emakumeentzat gizonezkoentzat baino gogorragoa da?

Argi dago espetxealdia ez dela oro har bizipen atsegina inorentzat, baina badirudi emakumeentzat sarritan esperientzia bereziki kaltegarria eta lazgarria dela. Izan ere, presondegietan arazo zehatzak eta diskriminazioak pairatzen dituzte, bai maila materialean eta baita sinbolikoan ere. Espetxeetan bereizketa hierarkikoak daude, kalean dauden bezalaxe, baina antza denez, itxialdiaren eta askatasun-gabetzearen egitateak direla eta, desorekak are handiagoak dira. Jasotako trataeran, eskubideen betetzean, baliabideen erabilgarritasunean eta aukeratzeko gaitasunean gabezia larriak daude. Hainbat ikerlarik adierazi dutenez, kartzelaratzean emakumeek nolabaiteko zigor hirukoitza aurkitzen dute. Izan ere, jendartearen zigorra, zigor pertsonala eta espetxe-zigorra, aldi berean, topatzen dituzte. Genero-eredu nagusien eraginez, delituzko ekintzaren bat egiterakoan, emakumeek gizonek baino gizarte-gaitzespen eta estigmatizazio handiagoa jasotzen dute, ez dutelako tradizionalki ezarritako rola bete -edo ez era "egokian" behintzat-. Eta espetxealdia modu lazgarrian eta sufrimendu handiz bizi dute, kanpoan "uzten" dutenarekiko aldentzeak nahigabe eta atsekabe handia eragiten dielako. Senideekiko eta beraien ardurapeko pertsonekiko urruntasunak -ama direnen kasuan, bereziki, seme-alabekiko harremanen galera posibleak- izugarri kezkatzen ditu, eta askok erruduntasun sentimendua bizi dute. Espetxe-zigorrari dagokionez, kartzelaren ezaugarri diren itxialdiaren eta askatasun-gabetzearen izaera eta baldintzak kontuan hartu behar ditugu.

Kartzela zigorraren baliokiderik ba al dago?

Ba, ez dakit... Zaila iruditzen zait galdera hau erantzutea. Espetxe-zigorrak bere ezaugarri propioak eta zehatzak ditu, eta ez da erraza beste zerbaitekin parekatzea edo baliokidea izan daitekeen zerbait aurkitzea. Edonola, presoek espetxearen gainean egiten dituzten irakurketak eta interpretazioak anitzak direla esan beharra dago. Askorentzat, inoiz bizitako esperientziarik gogorrena, zailena, mingarriena eta latzena izan da, eta espetxea "infernu", "amaierarik gabeko zulo" edo "zabortegi" moduan definitzen dute. Baina zenbaitentzat kartzela ez da ezagutu duten bizipenik okerrena izan; elkarrizketatutako emakume batzuek bizipen bortitzagoak izan zituztela esan ziguten, kalean bizitzea edo indarkeria matxista pairatu zituztelako. Hala ere, bizipenak eta hausnarketak anitzak izanda ere, espetxean egotea ez da inorentzat erraza edo atsegina izan, ezta lagungarria ere.