Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maria Dosil: "Indarkeria emozionala da lehenengo maitasun erlazioetan ematen den indarkeria mota ohikoena"

Dokumentuaren akzioak

Maria Dosil: "Indarkeria emozionala da lehenengo maitasun erlazioetan ematen den indarkeria mota ohikoena"

2021/11/04 - Unibertsitatea.net

Maria Dosilek (La Arboleda, 1990) Gizarte Hezkuntza ikasi zuen UPV/EHUn. Haur eta nerabeen depresio sintomatologia ikertzeko UPV/EHUren lankidetza beka bat jaso zuen gradua ikasten zebilen bitartean eta behin hau bukatuta, familia-bitartekaritza master bat egin zuen. Doktorego tesia aurkeztu zuen 2020an.

 

Gizarte Hezkuntza ikasi zenuen eta Psikologian doktorea zara. 

Maila profesionalean, graduan gizarte hezitzaile gisa prestatzen ari nintzela, haur eta nerabeen artean depresio sintomatologia ikertzeko Eusko Jaurlaritzaren lankidetza beka bat jaso nuen, UPV/EHUrekin batera. Behin hori amaituta, familia-bitartekaritzako master bat egin nuen adingabe horiekin esku hartzea egin ahal izateko, izan ere, askotan adingabeekin lan egiten duzunean, haien familiekin lan egin behar duzu.

Doktoreagoari dagokionez, ikertu nahi nuen pertsonekin esperientzia izan ondoren, doktoretza bat egitea erabaki nuen eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktoretza aurreko beka lortu nuen.

Lehenengo maitasun harremanetako indarkeria izan duzu ikergai tesian.

Sei urte baino gehiago eman ditut jarrera-arazoak dituzten nerabeentzako programa espezializatuetan lanean: Gipuzkoan, Araban zein Bizkaian. Han lanean aritu nintzen bitartean konturatu nintzen eremu soziokomunitarioan identifikatu eta landu beharreko funtsezko puntuetako bat, lehenengo maitasun harremanak zirela. Ez dut esan nahi ez zirenik ikertzen, baina ez zuten espazio espezifikorik banakako hezkuntza-proiektuen barruan. Gainera, fenomeno hori aztertu gabe zegoen gure inguru hurbileko egoitza-harrera adingabeetan, eta oso gutxi aztertu da nazioartean.

271 neska-mutilen testigantzak jaso dituzu.

Ikerketa EAEko aldundien tutoretzapean egin zen eta 271 adingabek parte hartu zuten. Hauetatik, %54,6 mutilak izan ziren eta %45,4 neskak. 12 eta 17 urte bitarteko nerabeak izan ziren, eta parte hartzaileen bataz besteko adina 15,23 urtekoa izan zen.

Guztira 69 egoitza harrerek hartu zuten parte baina lagina jasotzeko prozedura desberdina izan zen egoitza harrera bakoitzaren ezaugarrien arabera. Horregatik, batzuetan, egoitza harrera batera adingabe baten lagina soilik hartzera joan naiz.

Emaitzek zer erakutsi dute?

Perpetrazioaren kasuan, sexua ez zen faktore bereizgarria izan lehenengo maitasun indarkeria gauzatzeko, baina adina bai: zenbat eta nagusiagoak izan, orduan eta handiagoa zen indarkeria tasa. Biktimizazioaren kasuan, sexuaren eta adinaren arteko interakzioa aurkitu zen: neskak biktimizatuagoak ziren eta adinean aurrera egin ahala, biktimizazioak ere aurrera egiten zuen.

Emaitzek erakutsi zuten, adina, sexismoa, kanpoko kontroleko lokusa (gertatu zaiena bere esku ez dagoela pentsatzearekin lotzen da) eta depresioa lehenengo maitasuneko indarkeriarekin lotzen zirela. Biktimizazioarekin erlazionatzen dira aldagai berberak, sexua barne.

Zein motatako indarkeria da gehien sufritzen dutena?

Indarkeria eta biktimizazio moten artean, emozionala da gehien erabili den indarkeria. Lehenengo maitasun erlazioetan indarkeria mota hori ohikoena dela esan daiteke, adingabe guztietan, bizi diren lekua edozein izanda ere.

Nerabeen adina gora doan heinean indarkeria handitu egiten dela ikusi duzu.

Bai, horrela da. Nolanahi ere, kontuan hartu beharko lirateke beste ikerketa batzuetan egindako zehaztapenak. Hauen arabera, indarkeriak denboran zehar izan duen ibilbidea ez da lineala (indarkeria psikologikoa izan ezik, lineala baita, eta adinean gora egiten baitu), baizik eta lerromakurra. Gainera, 16-17 urtetik aurrera indarkeriak behera egiten du, indarkeriaren ondorio negatiboen kontzientzia handiagoa izateagatik.

Indarkeria gainera hainbat aldagairi estuki lotuta doala diozu.

Bai noski, ez doa inoiz bakarrik. Lehen azaldu dudan bezala, lehenengo maitasun erlazio batean gaizkile izatearekin zuzenean lotzen diren edo biktimizatzen duten faktoreak daude, hala nola, jarrera sexistak, adina, kanpoko kontrol lokusa eta desdoikuntza klinikoa. Hala ere, interesgarria da adingabe horiekin lan egiten denean arrisku faktore eta babes faktore guztiak detektatzea eta pertsona ikuspegi holistiko batetik aztertzea.

Nola esku hartu beharko litzateke?

Alde batetik, garrantzitsua da egoitza-harreren pean dauden profesionalei, hezkuntza-sistemako profesionalei eta gizarteari berari zuzendutako prestakuntza-kanpainak garatzea. Lehenengo maitasun indarkeria desagerraraztea lortu behar da, berdintasunezko harremanak indartuz. Giza eskubideak errespetatzea sustatzen duten esku-hartze psikoedukatiboko programak ere garatu behar dira, indarkeria adin txikiagoetan prebenitu ahal izateko.

Bestalde, edozein esparrutan jarrera ez-sexistak esku hartu eta landu ahal izateko interesgarria litzateke hezkuntza formaleko eta ez-formaleko egungo programak berrikustea eta jarrera sexistak identifikatzea; bai aurkakoak, bai aldekoak. Izan ere, berrikusitako literaturak, emakumeekiko jarrera sexistak eta indarkeriazko jokabideen onarpena estuki lotuta zeudela dio.

Zein erronka dituzu eskuartean?

PSIDES ikerketa-taldearekin batera ikertzaile gisa dudan erronka sare sozialetako indarkeria aztertzea da; izan ere, gazte gehienek sare sozialak erabiltzen dituzte beren berdinekin eta bikotekideekin komunikatzeko.

Bikotekideen arteko ziber-indarkeria -cyber violence- ikertzeaz gain, interesgarria litzateke prebentziorako eta esku hartzeko hezkuntza-politika goiztiarrak garatzea, ziber-indarkeria eta ziber-eremutik kanpo - offline- gertatzen diren indarkeriak murrizten laguntzeko. Hau da, ciber online eta offline indarkeria ikertzen jarraitzea. Hala ere, ziber-indarkeriak baditu berezitasunak, eta, horren ondorioz, espezifikoki heldu behar zaio horri.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolakoa izan zen esperientzia?

Txiotesian parte hartzeak nire ikerketarekin zerikusia duen ezagutza transmititzen eta sentsibilizatzen lagundu dit, euskarazko ikerketei argia eta bidea ere ematen lagunduz.

Gainera, uste dut lehiaketa honek lagundu egiten duela doktore gazteak ikusarazten eta ikerketaren esparruan ikusezinak diren pertsonekin ikerketak egiten, esaterako, egoitza-harreretan dauden adingabeekin. Haiengatik eta guzti honengatik, eskerrik asko Txiotesia!

 

txiotesia,elkarrizketa