Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Manu Araolaza: "Epigenetikaren azpian dauden mekanismoak aztertzea, ezagutzea eta hobeto ulertzea da gure helburu nagusia"

Dokumentuaren akzioak

Manu Araolaza: "Epigenetikaren azpian dauden mekanismoak aztertzea, ezagutzea eta hobeto ulertzea da gure helburu nagusia"

2021/12/02 - Unibertsitatea.net

Manu Araolaza (Donostia, 1990) Biologian lizentziatu zen UPV/EHUn eta ondoren Biología celular y genética masterra egin zuen UAM-en (Universidad Autonoma de Madrid). Egun, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean dabil doktoretza tesia egiten, Fisiologia departamentuan.

Biomedikuntzaren bideari ekin zenion unibertsitatean eta ikerkuntzaren munduan murgilduta zaude gaur egun.

Berez, ni, biologoa naiz, baino bideko gora-beherak direla eta, biomedikuntzarako bidea hartu nuen karrera amaitu eta gero. Biologia betidanik izan dut gustuko, eskolan nenbilenean asko interesatzen zitzaizkidan biologiarekin erlazionaturiko gai guztiak, ekologiatik hasita, zeluletara. Unibertsitateko azken urteetan berriz, genetikaren inguruan interes handia piztu zitzaidan eta ondorioz, Madrilera joatea erabaki nuen erlazionaturiko master bat egitera. Ondoren, Euskal Herrira bueltatu eta gaiaren inguruan nire formakuntza handitzeko aukera ezberdinak bilatzen hasi nintzeneta, orduan egin nuen topo nire egungo tesi zuzendariarekin. Berak, nire intereseko proiektu bat eskaini zidan eta tesi lana egin ahal izateko finantziazioa bilatzen hasi ginen UPV/EHUk doktorego tesiak egiteko dituen doktoretza-aurreko beka bat lortu arte. Egun, Fisiologia departamentuko Giza Ugalketa taldean nabil.

Epigenetikaren inguruan ikertzen ari zara tesian. Zer da epigenetika?

Epigenetika, genetikaren eremu oso zabala eta konplexua da. Orokorrean eta modu erraz batean azalduta, epigenetika, genomaren gainean ezartzen diren zenbait molekula kimiko txikiek eratzen dute, beti ere DNA katea kaltetu gabe. Aldaketa hauek, genomak duen irisgarritasun maila kontrolatzen dute eta horrenbestez, bertan dauden geneen adierazpena baldintzatzen dute, zer adierazi eta zer ez kontrolatuz.

Zehazki epigenetikaren azpian dauden mekanismoak identifikatu nahi dituzue.

Hori da, gure helburu nagusia epigenetikaren azpian dauden mekanismoak aztertzea eta bide berean honek osatzen duen sare konplexua hobeto ezagutzea eta ulertzea da. Azken urteetan garrantzi handia hartzen ari den eremua bada ere, oso ikerketa eremu konplexua da. Horregatik, asko geratzen da hau guztia erabat ulertzeko. Aldaketa hauen artean hiru dira nagusienak: DNA-ren metilazioa, histonen eraldaketak eta RNA ez-kodetzaileak.

Gure kasuan, DNA-ren metilazioan zentratzen gara. Helburu nagusia, kanpo faktore bat erabiliz (gure kasuan morfina) bertan ematen diren aldaketak nola ematen diren ezagutzea da, aldaketak hauek pairatzeko sentikortasun handienak dituzten eremuak edota DNA sekuentziak zeintzuk diren identifikatuz. Honek, bestelako substantziak aztertzeko bidea erraztu dezake.

Baita genoman aldaketak eragiten dituzten eragileak zeintzuk diren identifikatu.

Epigenetikak, genomak duen irisgarritasun maila aldatzen du, geneen adierazpena burutzen duten makinaria proteikoek geneetara iristeko duten erraztasun maila baldintzatuz. Aldaketa mota hauek ezagunak baditugu ere, aldaketa hauek zeinek burutzen dituen eta nola gauzatzen diren ezezaguna da.

"Egiten duguna garela" diozu.

Egiten duguna garela esaten dudanean, kanpo faktoreei edota inguruneari egiten diot erreferentzia. Izan ere, dena ez da genetika, gure inguruneak asko eragiten du gugan eta gure osasunean. Kanpo faktoreek aldaketak sortzen dituzte epigenetikan, aldaketak emanez zeluletako geneen adierazpenean, begi bistakoak izan daitezkeen aldaketak eratuz. Gainera, aldaketa hauetariko batzuk denboran zehar mantentzen dira eta ondorioz, ondorengoetara iragan daitezkeela ere behatu da. Esaterako, droga ezberdinekiko gehiegizko kontsumoak edota elikadura txar batek gure seme alabetan eragin kaltegarriak izan ditzake, eta hau, epigenetikan emandako aldaketen ondorioz izan daitekeela uste da.

Zure ikerketan metilazio patroian zentratu zara, eta morfina bezalako kanpo agente batek patroi honetan sortzen dituen aldaketak ikusi nahi izan dituzue.

Hori da, nire ikerketa proiektuan DNA-ren metilazio patroian zentratu gara, eta horretarako opioideak eta zehazki morfina erabili dugu kanpo faktore moduan. Izan ere, inguruneko kanpo faktoreek epigenetika aldatzeko gaitasuna daukate, eta ondorioz funtzionamendu zelular eta fisiologikoa aldatu dezakete, zeluletako adierazpen genetikoa aldatuz. Morfina erabiltzearen arrazoi nagusia, morfina gure gizartean asko erabiltzen den analgesiko bat delako da, medikuntzan batez ere. Honek onura asko ekartzen baditu ere (analgesiko moduan) albo-efektu kaltegarri ugari sor ditzake eta honen gehiegizko erabilerak, kalte ugari ekarri ditzake.

Guk, DNA-ren metilazioan emandako aldaketak neurtzeko Kromatografia Likidora akoplaturiko Masa Espektometria (LC-MS/MS) teknika erabili izan dugu, eta intereseko geneen adierazpena neurtzeko berriz, Polimerasaren kate-erreakzio kuantitatiboa denbora errealean teknika (RT-qPCR). Gure lehen emaitzek, morfinak DNA-ren metilazioan aldaketa adierazgarriak sortzen dituela adierazi dizkigute, eta horrez gain, honen presentziarekin erlazionatu ditugun zenbait proteinen geneek ere adierazpen-aldaketa adierazgarriak jasaten dituztela behatu dugu.

Aldaketa hauek denboran luzatzen diren eta gure ondorengoetara iristen diren jakin nahi izan duzue. Zer diote emaitzek?

Aipatu dudan moduan, morfinak ondorengoetara heredatu daitezkeen zenbait efektu kaltegarri sortzen ditu, baina honen eragilea DNA-ren metilazioa dela esateko goizegi da; ez dago batere argi. Horretarako, DNA-ren metilazioa emandako aldaketak, denboran zehar mantentzeaz gain, ugal-zeluletatik ondorengoetara ere iragan behar dute, oztopo asko gaindituz.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Hasiera batean, DNA-ren metilazioan emandako aldaketak modu global batean aztertu genituen eta honen bidez, aldaketa adierazgarriak topatu genituen. Oraingoan berriz, hasieran ikusi genituen aldaketa hauek modu sakonago batean aztertu nahi izan ditugu NGS (Next Generation Sequencing) bezala ezagutzen diren teknika berriaren bidez. Honek, DNA-ren metilazioa modu sakonago batean aztertzeko aukera eskainiko digu, zehazki non ematen diren adierazten digutelako. Horregatik, gure ikertaldeak lehenagotik zituen bestelako datu batzuekin ere elkartuz, informazio interesgarri asko lortzeko gai izango gara aurrerantzean. Hau eta gero, datu berriak izango ditugu eta ate berriak irekiko dizkigu, ikerketa aukerak handituz.

Txiotesia lehiaketan parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Txiotesia lehiaketan parte hartzeko aukera oso interesgarria iruditu zitzaidan hasieratik; izan ere, horrelako ekimenek gure ikerketak plazaratzeko aukera eskaintzen digute, gizartean gure ikerketen inguruko ezagutza handituz. Hortaz, lehiaketan parte hartzea erabaki nuen inongo zalantzarik gabe. Horrelako ekimenek, gure lanak modu erraz eta ororentzat ulergarria den modu batean azaltzera behartzen gaitu eta hori, ez da lan erraza izaten. Hala ere, lanketa hau egiteak asko laguntzen digu gure buruko ideiak antolatu eta argitzeko. Honakoa, esperientzia aberasgarri eta interesgarria izan dela esan dezaket; oso polita da zure gaiarekin zerikusirik ez duten ikerketen nondik norakoak ezagutzea.

txiotesia,elkarrizketa