Dokumentuaren akzioak
Maite Luengo Aguirre: "Euskal testuinguruan, gero eta gehiago mintzatzen ari gara emakumeen gorputz-esperientzien inguruan"
Maite Luengo Aguirrek (Arrigorriaga, 1995) UPV/EHUko Letren Fakultatean Artearen Historia ikasi ondoren, Birmingham City Universityn burutu zituen master-ikasketak. Ingalaterran, arte garaikidean espezializatu, eta Euskal Herrira itzuli zen doktoretza egitera. Azken hori, UPV/EHUko doktore-aurreko PIF/BUR kontratuari esker burutzen ari da, Université Bordeaux Montaignerekin kotutoretzan. Bere tesiak 90eko euskal emakume sortzaileen lanak ditu ikergai; zehazki, nitasunetik abiatuta, gorputzari eta generoari lotutako esperientzien inguruan burututakoak. Horretaz gain, Emartistak 2000-2020 proiektuan dihardu, emakumezko artista gazteen lanak ikustarazten.
Artearen Historian graduatu zinen eta Txinako Arte Garaikidean espezializatu zinen gero.
Batxilergoko 2. mailako Artearen Historia hautazkoa aukeratu nuenean, ikasgaia izugarri gozatu, eta Artearen Historiako Graduarekin jarraitzea erabaki nuen. Unibertsitateko lau urteetan zehar ere, espero bezainbeste disfrutatu nuen. Ikasten genuen garai bakoitza begikoa nuen. Aitzitik, arte garaikidearen kasuan, lehenengo mailan nengoenean, deseroso sentiarazten ninduen, ez bainuen bereziki gogoko. Hasteko, artea adierazpen eder eta atseginekin lotzen nuelako; bestetik, hain askotarikoa izanik, gehienetan ez nuelako esanahia ulertzen. Zalantzarik ez, artera gerturatzeko nire era mugatua zen hasieran. Baina, denborak aurrera egin ahala, jakin-mina piztu zitzaidan.
Gradua bukatzerakoan, master ikasketak arte garaikideari buruz egin nahi nituela argi nuen, gero EHUn bueltan, doktoretza-tesia egiteko. Horretarako, masterreko urtea ahalik eta gehien aprobetxatu nahi nuen, lan metodologiari eta edukiei zegokienez, gauza berriak ikasteko. Garaian, txinera ikasten ari nintzen eta hango kultura garaikidea interesatzen zitzaidan. Ondorioz, Birminghamera joatea erabaki nuen, arte garaikide txinatarrari buruzko master oso erakargarria baitute. Erabaki bikaina izan zen, artista eta ikertzeko era berriak ezagutzearekin batera, Shanghaiko OCAT zentroan, soinu-artez osatutako erakusketaren antolaketan parte hartzeko aukera izan bainuen.
Euskal arte eta literaturara egin duzu salto tesian. Zehazki emakumezko autoreek gorputza feminismotik nola landu duten ikertzen.
Aldaketa handia eman dezake arte txinatarretik tesiko gaira egindako saltoa. Lotura ulertzeko, agerikoa ez den giltzarria aipatzea falta zait. Master Amaierako Lanean, Ren Hang (1987-2017) argazkilariaren lanen bitartez, gorputza eta generoa lantzen aritu nintzen jada. Modeloen gorputzak antolatzeko era jostalaria deigarria gertatu zitzaidan; genero erreferentziarik gabeko izaki berriak sortzen baitzituen, errealitateko gorputzetik abiatu eta fikziozkoak ziruditen irudiak osatuz.
Gauzak horrela, euskal testuinguruko artearen baitan, gorputzari buruzko ikerketarekin jarraitu nuen. Liburutegian kuxkuxeatu ahala, 90eko hamarkadarekin egin nuen topo, zenbait emakume autoreek, bai artean, bai literaturan, gorputzari lotutakoak sortu zituzten. Horien artean, zenbaitek nitasunetik egin zuten lan: literaturan, lehen pertsonan zein norberaren esperientziatik abiatuta idatziz. Artean, performancean autorearen gorputza zuzenean erabiliz, edota honen argazki eta grabaketak baliatuz. Errealitateko esperientzia hartu eta irudimenaren bitartez, gizarteko genero arauak birpentsatzeko tartea sortu zuten; besteak beste, gorputz modelaketa eta jantziari lotutako hausnarketen bitartez.
Txiotesian galdera hauxe planteatu zenigun: "Emakumeak eta gorputza berriz ere, oraindik beharrezko gaia dugu?". Beharrezkoa al da?
Azken urteotan, euskal testuinguruan, gero eta gehiago mintzatzen ari gara emakumeen gorputz-esperientzien inguruan. Euskal literaturaren baitan, ez dira gutxi izan ikerlan kolektiboak: bertsolaritza, narratiba, poesia… Hainbat formetan egindako adierazpenak aztertu dira, baita ere idazleek elkarrizketetan esandakoak. Artearen historian, duela urte batzuk hasi ziren gai hauek gurean eztabaidatzen. Esanak esan, bi alorretan asko dago ikertzeke. Sorkuntza bakoitzaren berezitasuna kontuan izanda, joerak eta berezitasunak zehazteke diraute. Horri lotuta, nire tesiak harri-koskorra ekarriko du, 90eko hamarkadaren bukaeran egondako ikuspegia ezaugarrituz.
Zein autoreren lanak hartuko dituzu ikergai?
Ikertuko ditudan autore guztiak euskal testuingurukoak dira, gehienak 60ko hamarkadan jaioak, literatura zein artekoak. Aztertutakoaren arabera, gorputzaren esperientziei buruz mintzatzerakoan gehien baliatutako arte motak: poesia, antzerkia eta performancea dira. Esaterako, poesian Miren Agur Meabe eta Ana Urkiza izango ditut ikergai, eta antzerkian, batez ere, Maite Agirre. Halaber, performanceari dagokionez, beste euskarri artistiko batzuk ageri dira horri lotuta; adibidez, bideo-performancea; horretan Estibaliz Sádabaren lanak izango ditut hizpide. Ana Laura Aláezen kasuan, performatibitatearekin batera, eskultura eta argazkian murgilduko naiz.
Autoreek baliatutako bitarteko artistikoen aniztasuna agerikoa da, eta bereziki nabarmentzekoa dela uste dut, bakoitzak berezko berezitasun eta aukerak eskaini zizkielako. Hori dela-eta, formaren berezkotasun horiek ere kontuan izango ditut analisian.
Euskal emakume autoreek feminismoak gorputzaren inguruan proposatuko gaiei erantzuten dioten jakin nahi duzu. Nolakoak izaten ari dira emaitzak?
Orain arte aztertutakoaren arabera, feminismoak azaleratu edo eztabaida mahaian jarritako gaiekiko harremanak askotarikoak direla antzeman dut. Alde batetik, eta bereziki ikus-entzunezko artean, aktibismotik gertu dauden aldarrikapen formak topatu ditut, alegia, emakumeen kolektiboaren izenean egindakoak diruditenak. Bestalde, emakumeen gorputz-arauak berrikusterakoan, poesian, esperientzia propiotik abiatu eta salaketa intimoagoekin egin dut topo. Aitzitik, autore guztiek ez dute gorputzaren arauekiko kritika maila bera erakusten, batzuk kritikotasunari buelta eman, eta imajinazioa baliatuta, gorputzak femenino bilakatzeko jendarteko ohituren ospakizuna aldarrikatu zutela nabaritu dut.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Tesiari begira, orain, Bordelen ari naiz egonaldia egiten, teoria eta metodologiari lotutako azken urratsak ematen. Horrez gain, doktoretzako Erasmus diru-laguntza lortuz gero, datorren urtean, Toulousera joan nahiko nuke; hango ikerketa talde batean antzerkia genero ikuspuntutik lantzen ari baitira, eta tesirako aberasgarria litzateke haiengandik ikastea.
Doktoretzako ikerketaz gain, bi proiektu dauzkat eskuartean, biak ere emakume artistak eta gorputzari lotuta. Lehena, Emartistak 2000-2020 da, Marina Arranz artearen historialariarekin batera burutzen ari naiz, UEU eta EWKEk babestua. Wikipedian euskal emakume artistek duten ikusgarritasuna eta joerak analizatu, eta artelanen irudiak gehitzen ari gara. Emakume artistak historiografia garaikidearen parte izan daitezen, ikusgarritasuna funtsezkoa dela uste baitugu.
Gero, Jone Rubio arte kritikariarekin batera, beste ekimen ederra antolatzen ari naiz. Euskal arte garaikidera, gorputz esperientziatik gerturatzeko dibulgazio liburua prestatzen ari gara, beste kide batzuen partaidetzarekin. Honekin helburu bikoitza dugu: irakurleek euskal emakume artista garaikideak ezagutzea, eta arte mota honi gerturatzeko feminismoari lotutako era berritua eskaintzea.
Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?
Txiotesiak nolabait Ikergazteko aniztasuna gogorarazi zidan. 2019an kongresuan egon nintzenetik, ez nuen gainerako arloetako doktoretza ikerketen berririk izan. Egun horretan, Twitterrek tesiei buruzko egunkaria ematen zuen, diziplina askotako txioak irakurri nituen. Nik idatzitakoei dagokienez, txioak osatzea ariketa interesgarria izan zen: era ulerterrazean, karaktere zehatz batzuen barne eta irakurlegoarentzat interesgarria izan zedin nola idatzi pentsatu behar izan nuen. Erronka polita, ikertzen ari garenean, tarte bat hartu eta ordura arte zer egin dugun jendartera zabaltzeko parada baliagarria.