Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maitane Basasoro: "Antzuola Herri Eskolan eraikitzen den curriculuma, ikasleen ideia eta interesetatik abiatzen da"

Dokumentuaren akzioak

Maitane Basasoro: "Antzuola Herri Eskolan eraikitzen den curriculuma, ikasleen ideia eta interesetatik abiatzen da"

2022/09/15 - Unibertsitatea.net

Maitane Basasoro (Orereta-Errenteria, 1992) Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko kidea da Hezkuntza eta Kirol Fakultatean (UPV/EHU). Irakaslea da Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduetan, baita DBHko eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Masterrean. Doktorego tesia 2022ko urtarrilean defendatu zuen: "Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri". Bere ekarpenek demokrazia eta justizia soziala hezkuntzan, ikasleen parte-hartzea eta pedagogia kritikoa dute ardatz.

Hezkuntzaren alorraren inguruan eman dituzu azken urteak.

Hala da. Haur Hezkuntzako Gradua eta Lehen Hezkuntzako Gradua burutu nituen. Bertan ikasitakoak eta ondoren Haur Hezkuntzako irakasle modura izandako esperientziak asko ikasteko balio izan zidan. Hala ere banuen halako inkonformismo bat; sentitzen nuen (eta ikusi nuen) hezkuntzan gauzak beste modu batera egin zitezkeela eta orduan erabaki nuen ikerketaren bidea esploratzea eta doktoregoa egitea. Irakasle jarduna maite dut eta gaur egun horretan jarraitzen dut, kasu honetan unibertsitateko irakaskuntzan.

Ikasleen parte hartzea erdigunean jartzen duen eredu pedagogikoan jarri duzu fokua.

Bai, Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektuan hain zuzen. Masterra egitean nire doktorego tesiko zuzendariak izan direnak ezagutu nituen, baita ALHE ikerketa taldea ere. Antzuola Herri Eskolarekin elkarlanean ari ziren ordurako eta plazera izan zen inplikatzeko aukera edukitzea. Master Amaierako Lanean hezkuntza proiektuaren gakoak identifikatzen hasi nintzen eta iruditu zitzaidan ikasleen parte-hartzearen inguruan sakontzeko toki aproposa zela.

Hezkuntzan parte hartzean oinarritutako ereduaren garrantzitsua aldarrikatzen dela zenion Txiotesian, baina praktikan errealitatea bestelakoa dela. Badute ikasleek benetan pentsatzen dutena esateko tokirik?

Diskurtsoa barneratuta dugu eta hezkuntza legedian ikasleek parte-hartu behar dutela garbi islatuta dago. Errealitatean topatzen ditugun praktikak, ordea, isolatuak, mugatuak edo sinbolikoak izaten dira: ikasleak rol pasiboa hartzen du, informazio iturri bilakatzen da, zeregin konkretu batzuetan hartzen dute parte (irakasleak hala erabakita) edo bere ekintzek ez dute eragin zuzena errealitatean. Parte-hartzea erreala denean, ikaslea eraldaketarako agente aktibo eta ezinbesteko kontsideratzen da eta ardurak eta erabakiak har ditzan bilatzen da. Are gehiago, komunitatearen zentzua hartzen du parte-hartze horrek eta herritar gisa inplikatzeko aukera eta eskubidea ematen dio. Ikuspegi hau oraindik ez da islatu hezkuntza-sisteman eta topatzen ditugun ereduak oso murritzak dira.

Antzuolako Herri Eskolako eredua ikertu duzu? Zergatik? Zerk egiten du berezi?

40 urte baino gehiago dira Antzuola Herri Eskolan aldaketa ematen hasi zela. Ikasleen ongizatea zuten ardatz eta erabaki zuten horretarako aldaketak eman behar zirela. Pixkanaka egin zuten prozesu bat izan zen, prozesu kolektibo bat. Psikomotrizitatearen bitartez, ideien zirkulazio librearen bitartez eta proiektu globalen bitartez ikasleek izateko eta egiteko aukera zutela ikusi zuten, errealitatearekin eta komunitatearekin harremantzeko aukera, parte-hartzeko eta parte izateko aukera.

Gainera, eskola publikoa da eta eskolatik bertatik sortutako eraldaketa prozesua izan da. Bi ezaugarri garrantzitsu iruditzen zitzaizkigun eta, beraz, ikasteko gune aproposa.

Proiektuak ikasleen interes eta jakin-minetatik abiatzen dira, jakin nahi duten horretatik.

Bai, Antzuola Herri Eskolako egunerokoa bestelakoa da. Ez dago irakasgairik, ezta testu libururik ere. Horren ordez, ikasleek aukeratzen dituzten proiektu globalen bitartez egiten dute lan, haiek erabakitzen dute zer jakin eta zer egin nahi duten gai horien barruan. Ikastetxeko egunerokoa proiektu hauen bitartez ardazten da eta honek aukera ematen die inplikatzeko eta erabaki indibidual zein kolektiboak etengabean hartzeko. Eraikitzen den curriculuma, beraz, ikasleen ideia eta interesetatik abiatzen da. Ikuspegi honek jarduteko beste modu bat dakar eta irakaslearen begiradan aldaketa eman behar da ezinbestean. Ikaslea ikusteko modua eta ezagutza eta boterea ulertzeko modua aldatu behar dira. Aldaketa hau eman ezean, beste eskema batzuen baitan bada ere, parte hartze sinboliko eta mugatu hori elikatzen jarraitu dezakegu. Alegia, proiektu bidez funtzionatzen dugula esatea ez da nahikoa. Proiektu horiek nola sortzen diren eta haiekin zer eta nola egiten den da garrantzitsua.

...eta pertsonak hezteko prozesu horretan komunitatearen garrantzia aipatzen duzu.

Eskola komunitate baten parte da eta bertan dauden pertsonak, komunitate horretako kideak, herritarrak. Nola bereizi? Ezin da ulertu eskola gabeko komunitaterik, ezta komunitate gabeko eskolarik ere. Eskolaren eta hezkuntzaren ikuspegi itxi horrekin amaitu behar da, heziketa prozesua lau pareta artean soilik emango balitz bezala. Ezagutzak izaera soziala du eta errealitatearekin, komunitatearekin ematen den elkarreragin horretan sortzen da.

Ikasleen parte hartzea sustatzeko gakoak eman nahi izan dituzu tesian, eta horretarako modu parte hartzailean planteatu duzu ikerketa bera.

Gaia bera ikusita, ezin nuen ikerketa beste modu batean irudikatu. Bidean ikerketaren izaera politikoaz hausnartzeko eta ikasteko aukera izan nuen eta, ikertzaile gisa ardura batzuk hartzea dagokigula gabi dago: zer ikertu, nola ikertu, norekin ikertu, nola egin datuen erabilera… Ikerketa arduratsua deritzona.

Ikerketa etnografiko bat burutu nuen, aipatu bezala Antzuola Herri Eskolan. Horretarako, bi topagune sortu nituen eta bertan ikerketaren nondik norakoak parte-hartzaileekin adostu nituen. Elkarrekin joan ginen ikerketaren diseinua irudikatzen.

28 talde eztabaida egin dituzu, 28 belaunalditako ikasle ohirekin. Zer da gehien errepikatu dena? Sorpresaren bat?

Izugarria izan zen niretzako 28 belaunalditako ikasle ohien bizipenak jasotzea. Gainera asko animatu ziren (zehazki 182) eta inplikazioa handia izan zen. Hezkuntza Proiektuan aldaketak izan dira hasieratik gaurdaino eta, beraz, kontakizunetan ere alde horiek nabaritzen ziren. Baina ideia asko talde eztabaida guztietan errepikatzen ziren eta ez da kasualitatea.

28 talde eztabaidetan proiektuek hartu zuten protagonismoa. Emozioz eta ilusioz kontatzen zituzten proiektuetan egindako lanak eta hartutako ardurak. Parte aktibo sentitzen ziren eta egunerokoan “zerbait handia, garrantzitsua” egiten zutela oroitzen zuten. Erabakiak hartzeko espazioa eta aukera zutela eta nahi zuten horren inguruan eraikitzen zutela egunerokoa. Ideia asko bilduko nituzke hemen eta ezinezkoa da, baina bada azpimarratzeko azken ideia bat: ongi pasatzea eta ikastea elkarrekin doazen kontzeptu gisa identifikatzen zituzten ikasle ohiek. Are gehiago, konturatu gabe ikasten zutela aipatzen zuten, benetan egin nahi zuten horretan sakonduta eta haien interesetatik abiatuta. Hori izugarria da.

Ikasleen parte hartzea sustatzera bideratutako gakoak identifikatu dituzu ikerketan. Zeintzuk aipatu zenituzke?

Ikasleen bizipenetatik abiatuta haiek benetan parte noiz sentitzen ziren identifikatzea izan zen lehen urratsa. Askotan beste kolektiboen, adituen edo instituzioen aholkuak jasotzen ditugu, ikasleen parte-hartzea sustatzeko irizpide eta jarraibideekin. Baina, galdetu al diegu nahikoa ikasleei? Zenbatetan izan da ikasleen parte-hartzea ikergai eta, zenbatetan ikasleak ikerketako protagonista?

Hala ere, behin gako horiek bilduta, garrantzitsua iruditzen zitzaidan horietan sakontzea, horiek ongi barneratzea eta egunerokoan nola gauzatzen diren ulertzea. Horretarako irakasle eta irakasle ohiekin beste talde eztabaida bat burutu nuen, behaketak egin nituen Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan eta ikastetxeko dokumentazioa ere aztertu nuen. Prozesu hau garrantzitsua izan zen gako horien atzean zegoen irakurketa pedagogikoa ulertzeko.

Ikasleen parte-hartzea sustatzeko hainbat gako aipatzen dira lanean baina, laburbilduz, horiek hiru dimentsiotan banatu nituen: irakaslearen begirada, curriculuma eta antolaketa. Hiru dimentsio horietan aldaketak eman behar dira ikasleen parte-hartzea sustatzeko eta, doktorego tesian, dimentsio horietako bakoitzean zenbait proposamen egin nituen. Gainera, ondorioztatu nuen irakaslearen begirada lantzeak lehentasuna duela eskoletan ikasleen parte-hartzea sustatzeko erronkan. Irakasleak haurraz, ezagutzaz eta botereaz hausnartu behar du ezinbestean, horren baitan aldatuko baitira beste dimentsioak modu esanguratsuan.

Beste eskola batzuetara esportatzeko eredua da, ala tokian tokian sortu behar da?

Antzuola Herri Eskolan egiten dena, soilik Antzuolan egiten da. Zergatik? Eskolatik bertatik hasitako proiektua delako eta, beraz, bertako errealitatera egokitzen delako. Antzuolako eredutik asko dugu ikasteko, baina ikusitako eta ikasitako hori, ondoren, tokian tokiko errealitatera egokitu behar da. Testuinguruaren araberako beharrak identifikatu behar dira eta horren baitan bidea nola eraiki erabaki. Gainera, Antzuolak erakutsi digu hezkuntza publikoak egungo erronkei erantzuteko eta halako ereduak martxan jartzeko gaitasuna duela. Hezkuntza eragileek badute nora begiratu.

2022 hasieran aurkeztu zenuen tesia. Nola joan zen?

Oso oroitzapen polita dut. Uste nuen trago txarra pasatzeko unea izango zela defentsa, urduritasun eta tentsio handiko momentua. Asko gozatu nuen, ordea. Egindako ibilbideari amaiera polit bat emateko modua zela pentsatu nuen, ospatzeko eguna. Behin ikuspuntua aldatuta, arnasa hartu eta ikasitakoa eta bizitakoa aretoan zeudenekin partekatzea izan zen nire helburua.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Alde batetik, nire ikerketa ibilbidea egonkortzea eta gai honetan sakontzen jarraitzea. Euskal Herriko errealitate eta beharretara egokitzea eta, ahal den heinean, ekarpena egitea. Eta, bestetik, irakaskuntzaz gozatzea. Ikasturte eroa izan da aurtengoa, doktoretza-tesiaren amaiera, akreditazioa, plazaren prestaketa… Beraz, atseden hartu, indarberritu eta hurrengo ikasturtean gogoeta guzti hauek ikasleekin patxadaz lantzeko tartea hartu nahiko nuke.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Ariketa oso interesgarria izan zen. Ez da erraza zure tesia sei txiotan azaltzea eta lagungarria izan zen gako diren ideiak identifikatzeko eta hauek Twitter bezalako komunitate zabal eta anitz batean ulergarriak izan daitezen pentsatzeko. Aldi berean polita izan zen beste ikertzaileen lanak ezagutzeko. Oso lan interesgarriak zeuden eta aldi berean oso desberdinak. Normalean kongresuetan eta halako topaketetan gure arloko jendea topatzen dugu eta oso aberasgarria izan zen beste begirada bat duten lanak irakurtzea.


txiotesia,elkarrizketa