Dokumentuaren akzioak
Maider Galardi: "Askotarikoa da pairatutako biolentzia, eta hori alde guztietako andreek bizi izan dute"
Maider Galardi Fernandez de Aguirre (Lasarte-Oria, 1995) Soziologian graduatua da. Ikasketa Feministen eta Generokoen masterra egin zuen gero, antropologiako adarrean; eta egun, doktoretza tesia egiten ari da UPV/EHUko Antropologia Feminista Ikertaldean. Berria egunkarian ere kazetari lanetan ari da.
Kazetari lanetan ari zara Berrian eta ikerketaren munduan ere murgilduta zabiltza.
Egitearen egitez, kazetaria naizela diot, baina, egia esan, hara-hona nabil unibertsitatean sartu nintzenetik. Berez, soziologiako gradua daukat, hasierako asmoa Zientzia Politikoak eta Administrazio Publikoa ikastea izan arren. Lehenengo urtean zientzia politikoak ikasi eta gero, bigarrengoan soziologia eta politikak, biak batera ikastea erabaki nuen. Hala egin nuen 3. mailan Mexikora soziologia ikastera joan nintzen arte. Uda horretan Berria egunkarian egin nituen praktikak, eta 4. mailan periodiko horretan ordezkapenak egiteko aukera eman zidaten. Biak —soziologia eta politikak— bukatzeko denborarik ez nuenez, soziologia amaitzea erabaki nuen eta ordutik bukatu gabe daukat Zientzia Politikoen gradua, nahiz eta, berez, sekulako tresnak eman dizkidan. Hamar bat ikasgai falta zaizkit bukatzeko, ea denbora ateratzen dudan inoiz!
Hortaz, kazetaritza ez dut ikasi, baina unibertsitateko gradua bukatu aurretik hasi nintzen kazetari lanetan, eta ikaragarri gustatzen zait. Bitartean Ikasketa Feministen eta Generokoen masterra egin nuen, antropologiako adarrean, eta bide berri bat ireki zitzaidan. Ematen du arlo profesionalean arazo identitarioa dudala (jejeje), baina urteekin ikusi dut guztiak baduela zentzua, Berrian ere politika eta gizarte sailean hainbat gai begirada feministatik lantzen aritu naizenez: Asko gustatzen zait idaztea, eta asko gustatzen zait galdetzea eta entzutea. Desberdinkeriek kezkatzen naute, eta beti uste dut informazio interesgarri pila bat dagoela arrakala edo kontakizun hegemonikoen tolesduretan. Aipatutako dominazioak egitura eta botere harremanen dinamika konkretuen baitan kokatzea ezinbestekoa iruditzen zait, eta, beraz, ikasitako guztia praktikan jartzen ari naiz ikerketan. Gainera, nire kasuan, orain arteko guztia batzen da. Euskal gatazkan inplikatuta senide edo lagunak eduki dituzten emakumeek jasandako biolentzia eta horiei aurre egiteko erresistentzia bideak aztertzen ari naiz, eta hor topatu daiteke orain arte esan dudan guztia: feminismoa, zapalkuntza sistemekiko kezka, ohikoan entzuten ez ditugun ahotsei tokia egitea, Euskal Herriko politika eta gatazkaren kontakizunarekiko ardura, galdetzea, entzutea, idaztea...
UPV/EHUko Antropologia Feminista Ikertaldean ari zara tesia egiten.
Unibertsitateko sistema antolatua dagoen moduan, ikerketan aritzea eta baldintza prekarioetan aritzea ia bat datoz beti, horregatik, garrantzitsua da bidea samurtzen dizun jendez eta baliabideez inguratzea. Hortaz, esan dezaket nolabait zortea dudala. Marta Luxan Serrano soziologoa hasiera hasieratik egon da nire alboan, eta tutore lanak ez ezik bidelagun lanak ere egin ditu gradu amaierako lana egin nuenetik. Pentsa, orduan jada Berrian nengoen lanean eta nire erritmoak errespetatzeaz gain, behar nuen bultzada eman dit beti. Master amaierako lana ere berarekin egin nuen, eta animatu ninduen doktoretza egiteko beka eskatzera.
Esan dudan bezala, baldintzak prekarioak dira, eta beka lortu arte zaila da bidea. Erabaki behar duzu apustua egitea ikerketaren alde, jakin gabe ea ordainsaririk izango duzun, eta oso ziur egon behar zara gai horrekin segitu nahi duzula hainbat urtez. Nik aukera izan nuen masterra egiten ari nintzela AFITeko taldean ikerketa beka labur bat egiteko, eta hor ezagutu nituen taldekideak: beka batekin doktoretza egiten ari direnak, bestelako ikerketa proiektu batekin lanean ari direnak eta irakasle direnak. Guztiak aipatuta baten bat ahaztuko nuke, beraz azpimarratu nahi dut taldeak berak ematen dizun babesak eta baliabide materialek bultzada eman zidatela abentura horri ekiteko.
Noski, Berrian ere erraztasunak eman dizkidate bai lanean ari nintzela tesiko gaiari ekiteko, baita gerora ere egunkariarekin harremana erabat ez eteteko, eta hori eskertzekoa da. Iaz eman zidaten Eusko Jaurlaritzako beka, eta ordutik nago berriro AFITen, Marta talde horretako kide delako. Tesiarena hain bide bakartia izanda, oso lagungarria da talde izaera ematen dizun espazio hori edukitzea, besteak zertan ari diren jakiteko, begirada berriak ezagutzeko, eztabaida sustatzeko...
Euskal gatazkan senide edo lagunen bat zuzenean inplikatuta izan duten emakumeen bizipenak erdigunera ekarri nahi izan dituzu.
Azkenaldian badago uste bat euskal gatazkari buruz askoz gehiago idazten, esaten, filmatzen dela. Ahaztu egiten zaigu lehenago ere hainbat euskal sortzailek heldu diotela gaiari, auziaren une gogorrenetan ere. Bestalde, egia da azken urteetan giro politikoa zentzu batean aldatu den heinean —ETA desagertzeaz ari naiz, esaterako— ate bat zabaldu dela gaiari beste begirada batzuekin heltzeko. Ez da kasualitatea, esate baterako, gatazkaren irakurketa feministak azken hamarkadan hedatu izana, jada hitz larrietako GATAZKAK zentralitatea galdu duelako. Edonola ere, beste aldagai politiko batzuk ez dira aldatu, eta jendeak oraindik hitz egiteko beldurra dauka, eta beldurra du haien testigantzek hirugarren pertsonei kalte egingo ote dieten. Batetik, horregatik erabaki nuen denborazko distantzia hori jartzea: elkarrizketatuak eta ni neu egiten ari garen ikerketarekiko nolabaiteko segurtasun neurri gisa.
Bestetik, gatazkako subjektuak sinplifikatzera jo izan da askotan, baina faktore eta osagai asko daude aztertzeko. Esate baterako, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan hainbat eta hainbat aktore egon ziren inplikatuta “ETA VS Estatuak” dikotomiatik kanpo: GAL, ETApm, ETAm, BVE, Komando Autonomoak... Hori guztia soilik talde armatuak kontuan hartuta, baina gainontzeko testuingurua ere kontuan hartu behar da: mugimendu feminista indartzen da, heroinaren gorakada nabarmena da, ezkerreko alderdi eta fakzio pila bat daude...
Euskal gatazkaren konplexutasuna ulertzeko garai interesgarria dela uste dut, lehen esan bezala dikotomia horiek gainditzea baita nire asmoa.
Gatazkaren alde banatan egondako emakumeekin egon zara. Nortzukin?
Horrelako gaiei buruz hitz egiteko konfiantzazko giroa sortzea ezinbestekoa da, oraindik argiki hitz egiteko beldurra dagoelako. Gainera, emakume hauek inoiz testigantza eman badute, beraien senar, bikotekide, seme, anai... horren gaineko testigantza emateko izan da, eta ez haien bizipen propioak kontatzeko. Hortaz, ezinbestekoa da konfidentzialtasuna.
Elkarrizketak egin eta segituan dokumentu batean izenak aldatzen ditut. Ordutik, nik asmatutako izenekin egiten dut lan, niri neuri ere espazio informaletan datu horrek irrist ez egiteko. Beraz, ezin dut esan izen abizenekin nor diren, parte hartzaileak traizionatzea litzatekeelako. Esan dezakedana zera da, gatazkan inplikatutako pertsona horien senide edo lagun emakumeak direla: polizien alargunak, ETAko kide izandakoen lagunak, talde parapolizialek hildakoen alabak, ETAren biktimen alabak, torturen ondorioz hildakoen senideak, presoen amak... Gehienak euskal herritarrak.
Nolakoak izan dira topaketak?
Master amaierako lana egiten hasi nintzenetik lau bat urte daramat antzeko elkarrizketak egiten, eta kazetari bezala ere egin ditut indarkeriarekin zerikusia duten gaiekin saioak, eta oraindik iruditzen zait formula egokirik ez dudala edo dugula aurkitu. Gauza bat argi dut: ikerlari edo kazetariontzat informazioa dena, elkarrizketatuentzako zauri bat irekitzeko momentua izan daitekeela. Eskatzen diegu irekitzeko, min handienak kontatzeko. Gu bi orduko grabazio batekin goaz etxera, baina beharbada haiek egunak pasatzen dituzte gaiari bueltaka. Horren kontziente izan behar gara, eta eskaini prozesuan aurrerago ere parte hartzeko, ikusteko zer egiten ari garen haien informazioarekin, nola tratatzen dugun gaia...
Hortaz, elkarrizketa egiteko baldintzak haiekin adostea gustatzen zait. Aurrena kontaktatu egiten dut, informazio gehiago nahi badute, txosten labur bat bidaltzen diet konfiantzazko eremu bat sortzeko, lehenago nirekin geratzea proposatzen diet, grabagailu eta galderarik gabe, elkar ezagutzeko beste intentziorik izan gabe. Ikusten badugu espazio segurua dela, beste hitzordu bat zehazten dugu, haiek nahi duten tokian: batzuk nahiago dute toki intimoago batean egin (haien etxean edo nirean), beste batzuek espazio publikoaren “anonimotasuna” bilatzen dute (taberna batean), beste batzuek espazio neutro bat nahiago dute (udalaren areto bat...).
Jaso ditut ezezkoak ere, eta batez ere harridura handiz jaso dute nire proposamena:, ez dudala nahi hirugarren pertsona horren bizipena kontatzea, haiena baizik. Elkarrizketa asko ematera ohituen zegoenarentzat ere desberdina izan da hori, eta ez dakit beldurra den, mina den, emozio batzuk askatzeko beharra den... baina hitzak bezainbesteko pisua izan du isiltasunak prozesu honetan. Hasieran ezerosoa zen, baina ohartu naiz laneko gako nagusietako bat izango dela, hain justu, isiltasun horrek atzean duen materia guztia aletzea.
Emaitzek zer erakutsi dute?
Oraingoz ez dut behin betiko emaitzarik, baina ondorio batzuk atera daitezke. Lehen aipatutako gatazka “handiak” ikusezin egin ditu beste zapalkuntza eta gatazka gurutzatu batzuk: adibidez, emakume hauek zaintzarekin izan duten korapiloa. Egindako lan hori ez da aitortu, ezta jasandako indarkeria ere. Askotarikoa da pairatutako biolentzia, tartean biolentzia sexualizatua eta orain arte izendatu gabeko indarkeria: lekualdatze behartuak, kalte psikologikoak, ekonomikoak... Eta hori, “alde guztietako” andreek bizi izan dute. Egunerokoari aurre egiteko estrategiak eta praktika erresistenteak ere partekatzen dituzte.
Bandoak bando... testigantzetan antzekotasunak aurkitu dituzu.
Hain zuzen ere... lan honen helburuetako bat da “alde bateko/besteko” dikotomia hori zalantzan jartzea. Aldatuko al litzateke kontakizuna “alde bat/bestea” bereizi ordez emakume horien bizipenak aintzat hartuko bagenitu? Jakina, helburua ez da minak parekatzea eta ezta bake egoera batean gaudela irudikatzea ere. Helburua kontaketa hegemoniko horien xehetasun eta arrakalei erreparatzea da.
Zer egin da testigantza hauekin? edo zer egin beharko litzateke? edo zer egitea espero duzu?
Lehen ere esan dut tesiaren ibilbidea bakartia dela, baina horretaz gain, badirudi gure sinadurarekin doan ezagutza eta jakinduria oso jabetza indibiduala eta pribatua dela, eta ez dut hori horrela denik uste. Lan potolo hau egitea lortzen badut, besteak beste gaiaren bueltan eztabaidan ari garen feministon, gatazka gertutik bizi izan duten pertsonen eta honen jiran lanean ari diren beste hainbat eragileren ezagutzagatik ere bada. Horregatik gustatuko litzaidake andre hauen ahotsa ahalik eta urrunen heltzea eta ez gelditzea lengoaia oso akademikoan eta jende gutxiren esku.
Haien bizipenak ikusezinak direla diot, eta horregatik nahiko nuke zentroa hartzea. Hori nola egin ez dakit, baina oraingoz elkarrizketatuak prozesuaren parte izatea nahi dut. Doktore izateko egiten ari naiz hau, baina baita haien bizipenak ezagutarazi daitezen ere. Horregatik nahiko nuke irakurterraza den zerbait egitea, eta ahalik eta gehien hitz egitea gaiari buruz. Nire “señorek” irakurtzeko eta haien burua testu horietan “islatuta” ikusteko moduko lan bat egitea da asmoa.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Erronka nagusietako bat izango da idazketarekin asmatzea. Isiltasunarena, bizipenak ez konparatzearena, minak osatzeko prozesua izatea eta ez zauriak are gehiago irekitzearena, irakurterraza izatea, andre hauek mutututako objektu izatetik subjektu aktibo izatea... Hori tesi prozesuari dagokionez.
Handira jota zer nahiko nukeen? Kontakizun hegemonikoaren eraikuntzan eta hainbesteren ahotan dagoen bizikidetza partekatuan begirada feminista egotea, eta euskal gatazkari ikuspegi horretatik heltzea.
Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?
Oso dibertigarria eta interesgarria. Lanerako eta aisirako erabiltzen dut Twitter, eta gaia ezagutarazteko aukera aproposa izan zen. Sintesi ariketa bat ere bai, eta lan akademikoa modu dibulgatiboago batean nola azaldu pentsatzeko dinamika ona iruditu zitzaidan. Egiten ari diren beste ikerketen berri izateko ere egitasmo bikaina da.