Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maialen Sebastian de la Cruz: "Endoskopia egitea ekiditeko metodo ez-inbaditzaile bat garatu nahi dugu"

Dokumentuaren akzioak

Maialen Sebastian de la Cruz: "Endoskopia egitea ekiditeko metodo ez-inbaditzaile bat garatu nahi dugu"

2021/01/27 - Unibertsitatea.net
Eritasun Zeliakoa eta Esofagitis Eosinofilikoa detektatzeko metodo ez inbaditzaile baten bila ari da bere ikerketa tesian. Orain arte lortutako emaitzek itxura ona dutela dio.

Maialen Sebastian de la Cruz (Ordizia, 1995) Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatua da (UPV/EHU). Gero, Madrilgo Complutense Unibertsitatean egin zuen Inmunologian Masterra eta egun, UPV/EHUn ari da doktoregoa egiten, Functional Genetics of Immune Disorders laborategian.

Biokimika eta biologia molekularreko ikasketak egin eta ikertzaile lanetan ari zara gaur egun.

Egia esan oso argi izan dut beti laborategi batean egin nahi nuela lan. Hain zuzen, 13-14 urterekin lehenengo aldiz institutuan natur-zientzien ikasgaian laborategi-praktika batzuk egin genituenetik. Dena dela, Biologia ikasgaian Biokimika ikasi nuenean hartu nuen Biokimika eta Biologia Molekularra ikasketak burutzeko erabakia; izan ere, bizitzaren oinarri kimiko eta molekularrak ezagutu nahi nituen, eta horrek etorkizunean laborategi batean lan egiteko aukera ere emango zidan.

Ikerketa munduan murgiltzeko erabakia ez zen erabaki puntual bat izan. Nik uste, beti izan nahi izan dudala ikerlaria, gaixotasunen ezagutzan ikerketaren bidetik nire ekarpen xumea egin ahal izateko. Gerora, doktoradutza egitea erabaki nuen, doktore bilakatu ahal izateak ilusio handia egiten dit eta ikerketa munduan lan egiteko ia ezinbestekoa a.

Eritasun Zeliakoa eta Esofagitis Eosinofilikoa detektatzeko metodo ez inbaditzaile bat bilatzen ari zara tesian.

Gaur egun bi gaixotasun horiek diagnostikatzeko modu bakarra itu ehunetan (heste mehea Eritasun Zeliakoaren kasuan; eta esofagoa Esofagitis Eosinofilikoaren kasuan) inflamazioa edota kalteak daudela konfirmatzea da. Horretarako gaur egungo aukera bakarra, endoskopia eta biopsien analisia burutzea da.

Eritasun Zeliakoan (EZ) gutxienez bi biopsia aztertzea gomendatzen da, lehena diagnosi momentuan, glutena kontsumitzen ari direla eta sintomak dituztenean, eta bigarrena glutenik gabeko dieta hasi eta bi urtera, inflamazio eza konfirmatzeko. Esofagitis Eosinofilikoan (EoE), eosinofiloen infiltrazioa aztertzen da esofagoan eosinofilo kopurua zenbatuta, eta neurketa fidagarria izateko gutxienez bost biopsia aztertzea gomendatzen da. Honek suposatzen du, pazienteek hainbat aldiz pasa behar dutela endoskopia eta biopsia erauzketa prozesutik.

Hau ez da atsegina, izan ere endoskopia metodo inbaditzaile bat da, ahotik kamera bat eta pintza moduko batzuk sartzean datzana. Hau kontuan izanik, gure ideia edota asmoa endoskopia egitea ekiditea da, edota behintzat kopurua murriztu ahal izatea, endoskopia eta biopsien erauzketaren ordez erabili ahal izango den metodo ez-inbaditzaile bat garatuz.

Digestio aparatuko desoreka edo kalteak listuan eta ahoko mukosetan detektatu daitekeela pentsatuta abiatu duzu ikerketa.

Hala da bai. Ahoa digestio aparatuko lehen atala da, eta hori kontuan izanik ahoko mukosek digestio aparatuan beherago dauden mukosen antza izan dezaketela uste dugu. EZren kasuan heste mehean eta EoEren kasuan esofagoan gerta daitezkeen aldaketak ahoko mukosetan ere behatu daitezkeela uste dugu.

Hainbat laginketa egin dituzue hipotesia frogatzeko. Nola izan da prozesua?

Laginen bilketa Gurutzeta, Galdakao, Txagorritxu, Donostia eta Tomellosoko (Ciudad Real) ospitaletan egin da. Elkarlana polita bezain neketsua izan da. Batetik, eskertzekoa da medikuak ikerketaren alde egotea, parte hartu nahi izatea eta guri laginak emateko prest egotea, elkarlan horri esker ikerlariok osasun sistemaren parte izan gaitezkeelako eta gure ekarpena egin. Bestetik, guztira 150 lagin baino gehiago jaso ditugu EZren ikerketarako eta 80 inguru EoErako, beraz pentsa, lagin horiek guztiak jasotzeko denbora luzea behar izan da, eta horiek analizatu ahal izateko prestaketaren atzean ere lan handia dago.

Eritasun zeliakoaren eta Esofagitis Eosinofilikoaren iragarpen-modelo bana sortu duzue. Zertan datza?

Listuan adierazten diren gene jakin batzuen adierazpen-balioak hartzen ditugu kontuan, eta horiek erabili pazienteek gaixotasuna duten edo ez aurreikusteko. Adierazpen-balio horiekin eta erregresio logistiko izeneko formulak erabiliz ebaketa puntua kalkulatu dugu: puntu horretatik gorako balioak gaixotasunaren adierazle izango lirateke.

Nolakoak izan dira emaitzak?

Oraindik ez ditugu azken emaitza, baina itxura ona dute, sentsibilitate eta espezifikotasun onak lortu ditugu eta asmatze-tasa nahiko altua.

Tesiaren zein fasetan aurkitzen zara orain?

2019ko maiatzean jaso nuen UPV/EHUko beka, beraz urte eta erdi pasatu da tesiarekin hasi nintzenetik. Oraindik erdia baino gehiago geratzen zait, beraz oraindik asko daukat ikasteko.

Endoskopia ordezkatuko duen metodo bat epe laburrean abian egongo dela uste duzu?

Hori ederra litzateke, baina ez dut uste epe laburreko kontua denik. Halere, nork daki, agian hemendik urte batzuetara EZ eta EoE endoskopiarik gabe diagnostikatu daitezke. Gu horretarako gabiltza lanean, etorkizunean gure ekarpena lagungarria izan daitekeelakoan.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Asko gustatu zitzaidan, oso ekimen polita dela uste dut eta gauza berri asko ikasteko ideia paregabea. Gainera, partaidetza handia izateak asko poztu ninduen, ekimenari indarra ematen baitio.

txiotesia,elkarrizketa