Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Maialen Sagarna: “Kongresu honek euskaraz egindako ikerketa badela erakusten du eta beraz, ikusgarritasunean laguntzen du”

Dokumentuaren akzioak

Maialen Sagarna: “Kongresu honek euskaraz egindako ikerketa badela erakusten du eta beraz, ikusgarritasunean laguntzen du”

2019/03/05 - Ikergazte2019

Maialen Sagarna Aranburu usurbildarra batzorde zientifikoko kide izango da aurtengo Ikergazte kongresuan ere. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (UPV/EHU) irakaslea da Sagarna 2004tik, Arkitektura sailean. Eskolako zuzendariordea izandakoa ere bada.

 

Zer da ikergazte izatea? Zer esan nahi du horrek?

Ikergazte izateak ez du esan nahi soilik adinez gaztea den ikertzailea izatea. Batez ere ikerketa munduan hasi berria izatea dela esango nuke. Jakintza arlo gehienetan bat etortzen dira adinez gaztea izatea eta ikertzaile berria izatea, baina beste jakintza arlo batzuetan, aldiz, ikergazteak ez dira (edo ez gara esan beharko nuke) adinez hain gazteak; arkitekturan adibidez. Arkitekturan ez da ikertzeko tradiziorik egon orain gutxi arte eta honek bere ondorioak izan ditu. Ez da egon ikertzaile gazteak lagunduko dituen ikerketa talde sendorik eta, horren ondorioz, ikertzen hasi garenoi ikerketaren alorrean bideak zabaltzen joatea tokatu zaigu. Nahiz eta adinez dagoeneko hain gazteak ez izan, arkitekturaren inguruan ikertzen dugunok ikergazteak garela esango nuke.

Gipuzkoako arkitekturaren eboluzioaren azterketa egin duzu zuk. Zer duzu orain eskuartean?

Beste hainbat ikertzailerekin elkarlanean, ARO2 ikerketa taldean hainbat lerrotan dihardugu lanean, batik bat arkitektura ondarearekin zerikusia dutenetan.

XX. mende hasieran hormigoi armatuak arkitekturan sortu zuen eraldaketak erakarrita, Gipuzkoako arkitekturaren eboluzioa aztertu nuen tesian. Honekin lotuta, Getxon kokatuta dauden Punta Begoñako galerietan mende hasieran eraikitako hormigoizko egiturak GPR (Ground Penetrating Radar) bidez aztertzen ari gara.

Bestalde, ondare arkitektonikoan berrikuntza energetikoaren nondik norakoak ikertzen ditugu, Europatik datozen zuzentarauak kontuan hartuta; nZEB (Nearly Zero Energy Buildings) estrategia adibidez.

Era berean esfortzu handia egiten ari gara BIM (Building Information Modeling) teknologiaren inguruan ikertzeko. Industria arloan hain ezaguna den 4.0 industriaren parekoa da, eraikuntzaren eremua eraldatzera datorren BIM teknologia. Dagoeneko ezinbestekoa bilakatu da eraikuntza munduaren digitalizazioa. Arlo honetan gero eta diziplina gehiagok hartzen du parte eraikinaren bizitza zikloan (eraikina diseinatzen denetik, eraiki, erabili, mantendu eta eraisten den arteko ziklo horretan) eta teknologia kolaboratibo berri honi esker, ziklo osoa kudea daiteke. Baina nola jarri martxan teknologia berri hau administrazio publikoan? Eta zer egin behar du unibertsitateak ikasleak teknologia berri honekin lan egiteko gai izateko? (jada merkatuak honi buruzko ezagutzak dituzten profesionalak eskatzen ditu). Nola lagundu dezake teknologia berri honek eraikin baten mantentze lanetan? Eta lagungarria izan daiteke babestutako arkitektura ondarea kudeatzeko?

Iruñeko kongresuan ere batzorde zientifikoan izan zinen. Zer nolako esperientzia izan zen Iruñekoa?

Ezin izan nintzen Iruñera joan, baina batzorde zientifikoan parte hartu nuen arkitekturarekin lotura zuten hainbat komunikazio ebaluatzen. Egia esan, asko harritu ninduten ikerketa lerro batzuk eta haien mailak.

Zergatik da garrantzitsua IKERGAZTE moduko kongresu bat?

Hainbat arrazoi daude, baina azpimarratzekotan bat azpimarratu nahiko nuke. Ikerkuntzaren munduan murgilduta gaudenon meritokrazia dela eta, gure ikerketaren emaitzak argitaratzeko beharra daukagu. Baina argitalpenak nolabaiteko oihartzuna izan dezan, ezin dugu edozein aldizkaritan argitaratu gure lana. Indexatutako goi mailako aldizkarietan argitaratzea da guztion helburua. Eta jakina, aldizkari haietan erabili beharreko hizkuntza ingelesa da gehienetan. Ez daukagu euskarazko modu horretako aldizkaririk, nahiz eta batzuk bidea hasi duten, Aldiri aldizkariak adibidez. Horrek ez du esan nahi euskaraz ikertzen duen ikertzailerik ez dagoenik. Kongresu honek euskaraz egindako ikerketa badela erakusten du eta beraz, ikusgarritasunean laguntzen du. Esku artean darabilzun gaiarekin zerikusia izan dezakeen gairen bat lantzen ari diren ikertzaileak ezagutzeko eta haiekin ikerketa sareak ehuntzeko da aproposa batez ere. Ikerketaren inguruan eraiki diren hainbat sare sozialek (researchgate.net, academia.edu, etab.) horretan laguntzen badute ere, ez da erraza euskaraz ikertzen duten ikertzaileak nazioarteko plataforma hauetan topatzea. Horrexegatik azpimarratu nahi dut artizarra.eus sare sozialak eskaintzen duen aukera eta ikertzaile euskaldun guztiak animatzen ditut bertan izena ematera.

Zer nabarmenduko zenuke?

Ikergazteri esker atzerrian dauden ikertzaile euskaldunen berri ere izaten dugu. Askotan ikertzaile euskaldun asko atzerrira joaten dira haien ikerketan aurrerapausoak eman ahal izateko. Ikergazteri esker, badago feedback bat atzerrian ikertzen ari diren ikertzaile euskaldunen lanari buruz eta hau oso aberasgarria da Euskal Herriko komunitate zientifikoarentzat.

ikergazte2019