Dokumentuaren akzioak
Maddalen Iza: "Estratosferan ENSO bi faseek, beroak eta hotzak, dituzten eraginak ikertu ditut"
Maddalen Iza (Errenteria, 1987), Fisikan lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutensean (UCM). Bertan egin zuen Geofisika eta Meteorologia masterra eta 2017an doktoratu zen Fisikan.
Fisika ikasi eta metereologiaren munduan murgildu zinen.
Fisika ikasten hasi nintzenean ez nekien meteorologia fisikaren alor bat zela, beranduago jakin nuen eta deskubrimendu zoragarria izan zen. Lizentziaturaren azken bi urteetan espezializazioa egiteko aukera genuen. Argi neukan ez nuela fisika teorikoan edo esperimentalean sakondu nahi, horiek ziren, oker ez banabil, Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen zituen aukera bakarrak. Madrilen ordea, aukera askoz gehiago zeuden, horien artean geofisika edo meteorologia. Madrilera joan eta meteorologiarekin zerikusia zuten irakasgai guztiak egin nituen, hamahiru edo. Aurreko urteak ez bezala, ederki gozatu nituen bi urte horiek.
ENSO fenomeno metereologikoa izan duzu tesian ikergai.
Karrera bukatu ostean meteorologian masterra egin nuen, garai hartan bi urtekoa zen eta master lana egiten urte bete ematen genuen. Nik erdiko atmosferan nuen interesa, estratosfera eta mesosferan, non dinamika atmosferikoa beheko atmosferarekin alderatuta guztiz ezberdina den. Alor horretan ziharduen irakaslearekin hitz egin eta orduan hasi nintzen ENSO fenomenoak estratosferan duen eragina ikertzen.
ENSO, El Niño Southern Oscillation, Pazifiko ekuatorialean ematen den fenomeno atmosferiko eta ozeanikoa da. 2-7 urtero, neguko hilabeteetan zehar, ekialdetik datozen haize alisioak lasaitu eta normalean Pazifikoaren mendebaldean izaten diren ur beroak ekialderantz mugitzen dira. Ondorioz Pazifiko ekialdeko urak, Peru kostaldean, ohi baina gehiago berotzen dira. Hau da El Niño gisa ezagutzen den gertaera. Aparteko bero honek atmosferan efektu handia du, uhinen bidez ipar poloko estratosferaraino iristen den eragina. Kontrako gertaera, ozeanoaren atal hau hotzagoa egotea La Niña bezala ezagutzen da. Bi hauek dira ENSO fenomenoaren bi faseak, beroa eta hotza.
Estratosferan ENSO bi faseek, beroak eta hotzak, dituzten eraginak ikertu dituzu.
Bai, hori da. Jakina zen El Niñok, ezohiko tenperatura beroak eragiten dituela estratosferan. Baina azken hamarkadetan ezagututako El Niño mota berri batek, pazifikoaren erdialdean kokatua, izan zezakeen inpaktua ez zen batere argia. Batzuek ezaguna den El Niñok bezala jokatzen zuela zioten, besteek bere seinalea ez zela estratosferara iristen. Bestetik, La Niña, fase hotzari buruzko ikerketa askoz urriagoa zen, ez omen baitzen El Niño bezain eraginkorra estratosfera moldatzen, kasu honetan estratosfera polarra hozten. Gure ikerketaren bidez bi galdera hauek argitu genituen. Hala, El Niño mota berriak ez du ohiko El Niñok duen arrastoa estratosferan. Bai ordea La Niñak, bere seinalea El Niñok duenarekin alderatu daiteke, antzekoa, baina kontrakoa ipar poloko estratosferan, ohi baino tenperatura hotzagoak eragiten ditu.
Zeintzuk dira guri eragiten dizkiguten fenomenoaren ondorioak?
El Niño fenomenoak hainbat eragin ditu munduan zehar, batzuk zuzenak, Peruko kostan sortzen dituek kalteak bezalakoak eta beste batzuk zeharkakoak, guk estratosfera bidez sumatu ditzakegunak. Ipar poloko estratosfera berotu ostean, ezohiko tenperatura hauek beherantz zabaltzen dira. Masa bero hau estratosferatik troposferara jaitsi eta ipar poloko gainazaleko presioa areagotzen du. Presio aldaketa honek aldi berean ipar Atlantikoko presioen egitura moldatzen du, Ipar Atlantikoko oszilazioa izenez ezagutzen dena (NAO - North Atlantic Oscillation). NAO patroi hau fase negatiboan aurkitzen denean mendebaldetik Europara datozen ekaitzak hegoalderantz mugitzen dira, beraz Europa hegoalde eta Mediterraneoan ohi baino negu umelagoa eta beroagoa izaten dugu. Ordea, NAO fase positiboa nagusi denean, euri hauek iparralderantz doaz eta guk negu hotz eta lehorra pairatzen dugu. Laburbilduz, estratosferaren bidez El Niñok Europan dugun eguraldian eragin izan dezake.
Fenomenoa hobeto ulertzeak Europako eguraldiaren predikzioak hobetuko lituzkeela zenioen.
Halaxe da, bai. Beste fenomeno batzuk ere kontuan hartu beharko genituzke, estratosferan gertatzen diren bat bateko beroaldiak adibidez. Honek, El Niñok bezala, gainazaleko presioen egitura moldatu dezake. Baina, Pazifikoan El Niño ekitaldi bat gertatzen ari dela jakinda eta honek Atlantikoan duen eragina kontuan izanda, hurrengo urtarorako iragarpena egin ahal izatea errazagoa da, ohi baino hezeagoa eta beroagoa izateko aukera handiagoa izango baita. Hau da, ENSO dugun urteetan Europan neguko urtaroko eguraldiaren iragarpena egiteko trebetasun handiagoa dugu.
Tesian ikertutakoarekin eman da fenomenoa hobeto ulertzeko aurrerapausorik?
El Niño eta La Niña arteko antzekotasunean aurrerapausoa egin genuela pentsatu nahi dut. Batetik, El Niño mota berriak estratosferan eraginik ez duela ikusi genuen, beraz, mota honetako ekitaldiak gertatzen direnen hauek ez zaizkigu erabilgarriak izango eguraldiaren iragarpenak egiteko. Europarako bide estratosferikorik ez dutela ikusi dugu. Bestetik, La Niñak estratosferan eragin esanguratsua duela argitu genuen, El Niñorekin alderatu zitekeena.
Ildo honetatik jarraituz, tesi amaieran faseen arteko berdintasun eta ezberdintasunak ikertzeko asmoz bi faseen arteko simetriak eta asimetriak aztertzen hasi nintzen, eta nahiz eta nik zientzia utzi dudan, badakit beste ikertzaile batzuk bide hori jarraitu dutela. Honek asko pozten nau, egindako lana esanguratsua izan litekeela adierazten du.
Egun ez zabiltza ikerketaren munduan, zertan diharduzu?
Tesia bukatu baino lehenago erabaki nuen ez nuela zientzian jarraitu nahi. Lan zoragarria izan liteke, baina ordurik gabekoa eta exigentzia maila handikoa. Bestetik ziurgabetasunez beteriko bidea da, inguruan ditudan emakumeek bost edo zazpi urte eman dituzte atzerrian, bi eta hiru urtero herrialdez aldatuz, horrek suposatzen duen guztiarekin. Ez da niretzat nahi nuen bizitza. Orain oinarrietara itzuli naizela esan dezakegu, meteorologa bezala dihardut, noizean behin ikerketa txikiak eginez, baina zientzian jasaten nuen presioa sentitu gabe.
Krisi klimatikoaren aurkako mugimenduan ere bazabiltza.
Klima aldaketa arazo globala da, baina dagoeneko desabantailan daudenen egoera okertzen du batez ere. Garrantzitsua da klima aldaketaren oinarri zientifikoak zabaltzea, baina horrekin ez da nahikoa. Nahiz eta klimatologoek urteak daramatzaten arriskuei buruz ohartarazten, beharrezkoak diren neurriak urruti daude oraindik. Baliteke honegatik geroz eta zientzialari gehiago aritzea klima aldaketaren aurkako mugimenduan. Zentzu honetan “Contra el diluvio"-n, nik parte hartzen dudan taldean, alde zientifikoa hedatzeaz gain, krisi honek gizartean dituen eraginak azpimarratzen saiatzen gara. Hitzaldi eta testuen itzulpenen bidez egiten dugu hau bereziki. Krisi honek erantzun politiko zuzenak behar dituela uste dugu, horregatik benetako trantsizio ekologiko baten aldeko apustua egiten dugu.
Zein proiektu dituzu epe laburrean eskuartean?
Meteorologian lanean jarraitzeko asmoa dut. Bestetik, Contra el diluvio-n hainbat proiektu ditugu martxan, adibidez klima aldaketak gizartean dituen eraginen inguruan material sorta bat sortzen ari gara, interesa duenak informazio zehatzagoa irakurtzeko aukera izan dezan. Horrez gain, kolektiboak hainbat hitzalditan parte hartuko du udara honetan eta horiek ere prestatzen ari gara.
Txiotesian ezagutu zintugun... zer nolako esperientzia izan zen zuretzat?
Polita, baina oso zaila! Zerbait azaltzerakoan istorio guztia kontatzea gustatzen zait, hasieratik hasi eta entzulea kontu batean sartuz. Beraz, egindako lan guztia 6 txiotan kontatzea ia ezinezkoa iruditu zitzaidan, baina erronka gisa polita izan zen. Hala ere, nahiago dut txiotesia irakurle gisa, beste alorretan zer ikertzen den deskubritu eta ikerlariek zein galderari aurre egin behar dieten ikusi. Batzuek gainera meritu ikaragarria dute, modu ulergarria eta dibertigarrian 6 txiotan euren tesia azaltzeko gai diren horiek!