Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Libe Mimenza Castillo: “Askotariko espeziez osatutako fauna anitz, zabal eta interesgarria da Artizarra”

Dokumentuaren akzioak

Libe Mimenza Castillo: “Askotariko espeziez osatutako fauna anitz, zabal eta interesgarria da Artizarra”

2018/05/23 - Unibertsitatea.net
Libe Mimenza Castillo Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea da eta doktorego-tesia egiten dabil NOR ikerketa taldean. Artizarra adituen sare sozialean eman du izena.

Libe Mimenza Castillo ere sartu da Artizarra sare sozial berriaren orbitan. Kazetaritzan lizentziatu ondoren multimedia komunikazioaren barrunbeak arakatzeari ekin zion EHU-EITB unibertsitate masterraren bidez, eta behin galderak egiten hasita geratzea nekeza izaten denez, ikerketara jauzi egiteko gizarte komunikazioa masterrera jo zuen. Tartean hainbat ikerketa-proiektutan aritu da, baita komunikazio lan profesionaletan ere, batez ere, sare sozialen esparruan. Gaur egun, Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzaile lanetan eta doktorego-tesia egiten dabil NOR ikerketa taldean.

Zer iruditzen zaizu horrelako proiektu bat martxan jartzea?

Oso albiste ona da euskal ikertzaileontzat, baita profesionalentzat ere. Ikerketaren esparrua lanbide nahiko isolatua izan ohi da, bakoitza bere iker-galderekin dabil hara-hona, baina sarri ez dakigu albokoak zer daukan esku artean, ezta euskarazko ikerketak langai dituen jakintzak norainokoak diren ere. Beraz, ikertzaile euskaldunok elkar konektatzeko berebiziko garrantzia dauka geure sare sozial propioa izateak. Artizarra, zentzu horretan, geure beharretara egokitutako plaza digitala izango da. Lagunduko du, era berean, euskaraz lan egiten duten ikertzaile eta profesionalen arteko hartu-emanak errazten ere.

Zertarako erabiliko duzu zuk?

Lehenik eta behin, neure jakintza arloko gaiak interes bereko jendearekin partekatzeko, baina baita aditua izan ez arren, kuriositatez bada ere, interesatzen zaizkidan bestelako gaiak jarraitzeko. Gainera, komunikazioaren munduan (beste zientzia adar askotan bezala), bestelako diziplina batzuetako jakintzak integratzeko beharra izan ohi dugu, bai burura datozkigun galderei erantzuteko, baita ikuspegi berridun galderak mahaigaineratzeko ere. Hortaz, tankerako elkarrekintzei bide emateko gune ere izatea gustatuko litzaidake.
Bestetik, aditu zein profesional euskaldunak bilatzeko ere baliagarria izan daiteke Artizarra: kazetarien erreferenteak eguneratzeko edota langile bila dabiltzan enpresek hautagai euskaldunak eta espezializatuak identifikatzeko. Azken finean, Artizar familiako kide bakoitzaren erabilerak definituko ditu plataforma berri honen funtzioak; une honetan, unibertsoa arakatzeko aukera guztiak baitira posible.

Gomendatuko zenioke jendeari bertan egotea?

Euskal ikertzaile oro bildu beharko ginateke bertan! Alde batetik, euskal ikertzaileon curriculum eta lan profesionalen erakuste-bilatze gune izango delako; bestetik, dibulgazio zientifikoaren berri emateko atari ere bilakatu daitekeelako; eta, gainera, euskal adituok elkar ezagutzeko, harremanetan jartzeko, eztabaidatzeko, elkarlana bideratzeko, etab. luze baterako aitzakia perfektua delako. Bihar modan jarriko balitz Linkedin, Mendeley eta Facebook sareen arteko hibrido bat denok sortuko genuke geure profila di-da batean, ezta? Ba horixe izan daiteke Artizarra, edo geuk eta geuretzat sortua dela kontuan hartuta... hori baino hobea! Askotariko espeziez osatutako fauna anitz, zabal eta interesgarria!