Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Lehiaketetarako moto profesional erabat elektriko bat sortu dute NUPeko ingeniaritza ikasleek

Dokumentuaren akzioak

Lehiaketetarako moto profesional erabat elektriko bat sortu dute NUPeko ingeniaritza ikasleek

2016/04/20 - Unibertsitatea.net
Motostudent erronkan parte hartuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek eta, une honetan, motoa eraikitzeko babesle bila ari dira.
Lehiaketetarako moto profesional erabat elektriko bat sortu dute NUPeko ingeniaritza ikasleek

NUPeko MotoStudent taldea. ARGAZKIA: Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza graduko hamahiru ikaslek parte hartu dute MotoStudent erronkaren IV. edizioan. Ekimen honetan, hainbat herrialdetako unibertsitateetako taldeek eman dute izena eta horiek guztiek, lehenik eta behin, motozikleta baten prototipoa garatu dute. José Sancho Rodríguez, Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko irakaslea buru dutela, nafar erakundeko ikasleek moto erabat elektriko bat diseinatu zein fabrikatu dute -Electric kategorian parte hartuko baitute, hau da, propultsio motor %100 elektriko bat fabrikatu beharra dute-.

Halaber, urrian, MotorLand Aragónen egingo den lehiaketan frogatuko dituzte eraikitako motoak, hain zuzen, Alcañizeko zirkuituan (Teruel) bilduko dituen lehiaketan. Lasterketa horretan, gutxienez, 35 kilometroko ibilbidea egingo du motoak gidari profesional baten gidaritzapean. Irabazleentzako sariak 3.000 eurotik 6.000 eurora bitartekoak izango dira, kategoriaren arabera.

Ekinez ikasi

Erronkako parte-hartzaile talde bakoitza enpresa bihurtzen da, eta hala jardun behar du prozesu osoan: babesleak bilatu behar dituzte, motozikletaren diseinu grafikoa eta diseinu teknikoa kalkulu prozesuarekin egin, eta azkenik, fabrikatu egin behar dute. Horrenbestez, ikasleek, sortzeko eta berritzeko duten gaitasuna frogatu zein egiaztatu beharko dute sei hilabetean, baita ingeniari gisa duten ahalmena zuzenean aplikatzeko trebetasuna ere, hainbat herrialdetako unibertsitateetako taldeekin alderatuta.

Orain, babesleak lortzeko prozesuan daude buru-belarri: "Gure kalkuluen arabera, motozikleta elektrikoaren prezioa 15.000 euro ingurukoa izango da. Kostu hau handiagoa da barne-errekuntzako motor batena baino, ibilgailu elektronikoan erabiltzen den teknologia asko ohikoetan baino gutxiago garatuta dagoelako”, horiek taldeko kide den Ion Urrearen hitzak. Hortaz, ekarpen ekonomikoa, osagaiak zein bestelako zerbitzuak, diseinatutako elementuen fabrikazioa edota ahlokularitza tekniko zein profesional bila dabiltza.