Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Laurence Tresse: “Gizakiak betidanik ulertu nahi izan du nondik datorren”

Dokumentuaren akzioak

Laurence Tresse: “Gizakiak betidanik ulertu nahi izan du nondik datorren”

2017/05/12 - unibertsitatea.net
Laurence Tresse, Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria ere izan zen IkerGazte kongresuko lehen egunean. Bere ibilbideaz eta astrofisikaz jardun genuen berarekin.

A Journey into the World of Galaxies“. Galaxien mundura eraman dituzu Ikergazteak. Nola hasi zenuen zuk bidaia hori? Nola gogoratzen dituzu aurreneko urratsak?
Nire bidaia 17 urte nituenean hasi zen. Liburu asko irakurtzen nituen, nerabea nintzen, badakizue... eta halako batean liburu bat irakurri nuen. "Patience dans l'azur" Hubert Reeves-ena. Edonork ulertzeko moduko liburua. Astronomo bat denentzat hitz egiten zuena. Liburua irakurri eta pentsatu nuen, “hau niretzako da. Astronomia ikasi nahi dut”. Ordurako zientziak aukeratuak nituen eta, beraz, norabide egokian nindoan. Batxilergoa egin, gero unibertsitatera eta Normandian nengoela ikusi nuen fisika nuklearra zela gehiena. Nik astronomia non egin nezakeen galdetu nuen eta Parisa joateko esan zidaten. Parisa joan nintzen, tesia egin nuen eta hasira liluragarria izan zen, gauza asko zeuden unibertsoaren inguruan ez nekizkienak. Eta zoragarria da mundua ulertu ahal izatea. Nerabea zara. Zure buruari galdetzen diozu zergatik nago hemen... Ezereza sentitzen zara, baina mundua ulertzeko gai zara. Tesia egin eta lana aurkitzea ez zen erreza. Garrantzitsua da bidaiatzea, kontaktuak egitea talde zientifikoekin... Beraz Ingalaterran egin nituen hiru urte doktoratu ostekoa egiten. Italian ere izan nintzen ordu terdi, tesia egiteko Hawaien ere bai. Bertan teleskopioa dagoelako, frantsesa. Ondoren Marsellan aurkitu nuen lana eta orain Lyoneko laborategiko zuzendari naiz.

Zein gomendio duzu ikertzaile gazteentzat?
Pasioa izan behar dute. Bidaiatzeko prest egon. Pazientzia handia. Astronomiaren kasuan, gainera, ez zara aberastuko. Bizitzako aukera moduan hartu behar da.

Galaxien sorrera eta bilakaera. Zenbat gauza ikertzeko, zenbat aurkitzeko.
Astronomia oso zabala da. Izarrekin lan egin dezakezu, planetekin... Memento honetan jendea exoplanetak aurkitu nahian dabil eta aurkitu dituzte 3000tik gora. Kontua da lurraren moduko planeta bat aurkitzea. Aurkitu dituzten planetak handiak dira, errazago direlako detektatzen. Lurra bezalako planeta txikiagoak detektatzeko teleskopio sakonagoak behar dira. Gai bakoitza lantzeko astronomian instrumentu espezifikoak behar dira. Unibertsoaren garapena ulertu nahi dut. Galaxiak unibertsoan. 13 bilioi urte baino gehiago ditu. Partikulatatik sortu zen eta argia. Nola heldu den unibertsoa orain dena izatera. Ditugun moduko galaxia ederrekin. Nire arloa da unibertsorik sakonena behatzea, ahal denik eta urrunen.

Exoplanetak aipatu dituzu. Albiste dira aspaldian. Eta hor dago betiko galdera: Ba al dago bizitzarik hemendik aparte?
Zergatik ez? Ez dago arrazoirik kontrakoa esateko. Bilioika izar daude. Gure galaxian bakarrik izar asko daude eta euren inguruan planeta sistemak. Sistema horretan egon daitezke planetak ez daudenak izarretatik urrun, baina ez hurbilegi ere eta, beraz, ura egon daitekeena. Kontua da komunikatzea beste bizitza batekin. Bizitza inteligentea izan behar du horretarako. Hori dena bakarrik gure galaxian, imajinatu besteetan. Beraz, zergatik ez.

Beste zientzia batzuekin alderatuta astrofisikak beti izan du oihartzuna medioetan. Zergatik dela uste duzu?
Nire ustez gizakiak betidanik ulertu nahi izan du nondik datorren. Hasiera batean astronomiak soilik zerura begiratzen du eta irudi ederrak uzten ditu horrek. Baina astronomiako arlo batzuk baino ez dira ageri medioetan. Planetekin, exoplanetekin zerikusia dutenak. Errazak dira jendeari azaltzeko. Bestelako gaiak, adibidez, kosmologia, unibertsoaren egitura, gutxiago, ez delako hain erreza azaltzeko. Zulo beltzak ere erakargarri dira jendearentzat. Magikoa dirudien edozein gauza da erakargarri. Beltza esaten dugunean esan nahi dugu ez garela gai zer den esateko baina badakigula zer eragiten duten. Energia beltza, materia beltza... Energia beltzak esan nahi du gorputzak aldentzen dituela beragandik. Materia beltzak ordea erakarri. Baina ez dakigu zer diren.

Non daude une honetan astrofisikarien begiak?
Asko dira. Nola sortu ziren galaxiak? Urrun urruneko unibertsoa behatu behar dugu horretarako. Bilioi bat urte gazteago zenean. Ulertu behar dugu lehenengo izarrak, lehenengo galaxiak nola sortu ziren. Teleskopio bat eraikitzen ari gara, 2018rako prest egongo dena. Infragorri sentikorrak izango dituena unibertso sakona aztertzeko. Eta ELT (Teleskopio ikaragarri handia) ere hor dago. Europakoa, 39 diametroko metroko ispilua izango duena. Txilen egongo da eta eraikitzen hasi dira. Amerikan ere beste bat eraikiko da, 30 metrokoa.

Lyoneko ikerketa zentroko zuzendari legez, zeintzuk dira zuen helburuak? Zertan ari zarete une honetan?
Ni zuzendaria naiz eta, beraz, administrazio lan asko [barre artean]. Gai desberdinak lantzen dira. Simulazio asko egiten dira, era askotako simulazioak. Ta beste alde batetik instrumentuak eraikitzen ditugu. ELTk instrumentu bi izango ditu. Bata kamera izango da. Ta bestea espektroskopioa izango da. Eta Lyon-en horretan ari gara. Erronka handia da. 2024-2025rako egongo da.

Eta pertsonalki zer aurkitu nahiko zenuke?
Lehenbiziko argira joan eta behatzea. Lehenengo galaxiak ulertzen ahalegintzea. Zaila da unibertsoa ez baita guztiz gardena. Eta beraz argiak denbora behar du gugana heltzeko. Nola sortu zien gasetik galaxiak. Gas hori behatzeko instrumentu zehatzak behar dira. Une honetan instrumentu berri batzuk egin dira Europan gas korronte horiek behatzeko. Ez dakigu, adibidez, zergatik kasu batzuetan ez den izar gehiago sortu.