Dokumentuaren akzioak
Lau film-dokumental emango dituzte Begi Belarri ikus-entzunezkoen zikloan
2021/01/12 - Unibertsitatea.net
Gasteizen egingo da urtarriletik apirilera eta Geu Elkarteak eta Oihaneder Euskara Etxeak antolatu dute.
Urtarrila eta apirila bitartean Begi belarri ikus-entzunezkoen zikloa antolatu dute Gasteizen Geu Elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak.
Euskarazko lau dokumenal emango dituzte zikloan, hilean bat. Emanaldiek zati bi izango dituzte: film-dokumentalaren proiekzioa eta filmaren zuzendariarekin, istorioaren protagonistekin edo jorratzen den gaiaren gaineko hizlariekin solasaldia.
Emanaldiak arratsaldeko 19etan izango dira Oihaneder Euskararen Etxean eta bertaratzeko gonbidapena eskuratu beharko da. Oihanederren webgunetik egingo da eta emanaldia baino aste bete lehenago jarriko dira eskuragarri.
Hona hemen egitaraua:
- Urtarrilak 13, "Bi urte, 4 hilabete eta egun bat". 1990 hamarkadako derrigorrezko zerbitzu militarren kontrako mugimenduaren azterketa egiten du Lander Garrok. Solasaldian, Gasteizen talde antimilitaristetan intsumisioaren mugimenduan ibilitako hiru pertsonek parte hartuko dute: Luis Zulaika, Susana Correal eta Asis Iriondo.
- Otsailak 10, "Erraiak". Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egiten da. Solasaldian, Ekain Martinez de Lizarduy zuzendaria izango da.
- Martxoak 10, "Caminho Longe". Alfonso Etxegarai ETAko militante ohiak Kristiane Etxaluze adiskidearekin etxera itzultzeko bideaa jasotzen du. Solasaldia, Josu Martinez eta Txaber Larreategi zuzendariekin egingo da.
- Apirilak 14, "Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa". Zentral nuklearren kontra 70. eta 80. hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduak jasotzen ditu. Baita, manifestaldi bakezale batean guardia zibilak tiroz hil zuen Gladys del Estal Ferreño nor zen eta gertaerak nola izan ziren. Solasaldian Bertha Gaztelumendi zuzendaria eta Sabino Ormazabal gidoilaria egongo dira.
Iturria: Geu Elkartea.