Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Kultur Hezkuntzari buruzko master berria aurkeztu dute

Dokumentuaren akzioak

Kultur Hezkuntzari buruzko master berria aurkeztu dute

2007/02/06 - Unibertsitatea.net
Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak eta Arteola elkarteak Euskal Kulturgintzaren trasmisioa bideratzeko, graduatu ondoko programa eratu dute.

Euskal kulturgintzak utzitako ondarea nola trasmititu aztertuko duen hezkuntza programa abian jarriko dute Arteola elkarteak eta HUHEZI Faklutateak. Euskal Kulturgintzaren Trasmisioa izeneko graduatu ondokoa azken urteetan egituratzen ibili dira eta datorren ikasturtean jarriko dute abian.

Hainbat gabezia ikusi dituzte kulturgintza trasmititzeko bidean eta gabezia horiek konpontzeko bide bat zabaldu nahi izan dute. Ikasleei aditu titulua emango die programa honek eta bi berrikuntza handi ekarriko ditu. Batetik euskal kulturgintzaren inguruan aurrekaririk ez duen gogoeta gune hezitzailea sortzea eta bestetik ekimenak gai honi emango dion estatus akademikoa.

Etorkizunean kulturgintzako zenbait alorretako eragile izango direnei zuzenduta dago eta programak eskainiko duen prestakuntza, teorikoa zein praktikoa izango da. Alde batetik, Mondragon Unibertsitateko zein Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek, adituek eta ikertzaileek prestakuntza teorikoa emango dute. Bestalde, «40 urteetako aritu eta adituek» testigantza bidezko prestakuntza praktikoa eskainiko dute, kantagintza, bertsolaritza, literaturgintza eta beste hainbat kulturbideren arloetan. Horien artean, euskal kulturgintza modernoan protagonista izan diren eta gogoeta bide nagusiak zabaldu dituzten eragileak egongo dira: Bernardo Atxaga, Andoni Egaña, Ruper Ordorika, Koldo Tapia, Juan Antonio Urbeltz, Joxemari Sors eta abar.