Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Komunikazio emozionala izango du ardatz aurtengo Euskarabildua jardunaldiak

Dokumentuaren akzioak

Komunikazio emozionala izango du ardatz aurtengo Euskarabildua jardunaldiak

2016/10/25 - unibertsitatea.net
Azaroaren 10ean izango da jardunaldia Donostian eta komunikazio mota horren gakoak aztertzea da helburua; kanpoko eta bertako esperientziak ezagutuz eta elkarren artean ezagutza partekatuz.

Informazioaz inguratuta bizi garen garai honetan, gero eta garrantzia handiagoa du mezuak, adierazteko moduek, aukeratutako kanalek... "Baina informazio anabasa horretan boterearen hegemonia aldatu da, jada ez dira hedabide handiak esklusiboki agenda markatzen dutenak edo filtro lana egiten dutenak. Testuinguru horretan hedabide handien komunikazioaz haratago, gizarte mugimendu alternatiboen mezuak inoiz baino ozenago eta indartsuago hedatzen dira, emozioetara iritsiz, masa mugimendu handiak eraginez...".

Komunikazio emozional hori izango dute aztergai, hain zuzen ere,  bosgarren Euskarabildua jardunaldian. "Komunikazio emozionala: tresna eta jokabide komunikatiboak gizartea mugiarazten" izenburupean komunikazio horren gakoak zeintzuk diren aztertzea da antolatzaileen asmoa, kanpoko eta bertako esperientziak lehen eskutik ezagutuz eta elkarren artean ezagutza partekatuz.

Euskarabildua Iametza Interaktiboa enpresak, Argia aldizkariak eta Ametzagaiña taldeak sortutako egitasmoa da, teknologien eta euskararen inguruan jarduteko eta ezagutzak konpartitzeko.

Aurtengoa azaroaren 10ean goizean izango da, Donostiako San Telmo museoan, eta Euskal Herriko hizlariak bakarrik ez, atzerrikoak ere izango dira euren esperientzien berri emateko. Bertakoen artean Argia aldizkariko kideak (Iraitz Agirre eta Lander Arbelaitz), Mugimendu Feministako Kattalin MinerErrigora egitasmoko Peru Aranburu eta Aitziber Gurutzeaga Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko kidea izango dira. Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako ekimeneko kidea ere bada Gurutzeaga.

Atzerritarrei dagokionez, Islandiatik Katrin Oddsdottir etorriko da, bertako Parlamentutik bultzatutako konstituzio berriaren erredakzio parte hartzailearen berri emateko. Kataluniatik Galdric Peñarroja argazkilaria etorriko da Diadaren komunikazio lanketaz hitz egiteko, baita Aritz Cirbian Compacto Coop agentziako presidente eta ekoizlea ere ikus-entzunezkoez hitz egiteko edota Scheherezade Suria itzultzailea. Suriak gero eta gizarte globalagoan testuen erredakzioan kultur aniztasunak duen garrantzia azpimarratuko du.

Jardunaldia doakoa bada ere, parte hartzeko beharrezkoa da aurretiaz izena ematea.