Dokumentuaren akzioak
Kanpoko espeziei esker Bilboko itsasadarraren biodibertsitatea handitzen ari da
1997. urtean hasi zen UPV/EHUko Landare-biologia eta Ekologia saileko Zooplanktonaren ekologia ikerketa-taldea Bilboko estuarioa ikertzen. Hilero jasotako laginei esker estuarioaren aldaketen lekuko izan da ikerketa taldea. Alde batetik aldagai abiotikoei erreparatu die eta bestetik zooplanktonari.
Ibon Uriarte ikertzailearen esanetan "gaur egun, esan daiteke nahiko egoera onean dagoela Bilboko itsasadarra; bai, behintzat, bizidunek ezinbestean behar duten oxigenoaren mailari dagokionez. Zalantzarik gabe, badago hobetzeko tartea, eta ez da inoiz izango behinola egon zen ekosistemaren parekoa, erabat eraldatuta dagoelako".
Bizitzeko baldintzak hobetzearekin batera hasieran hutsik zeuden habitat gazikarak zooplanktonez betetzen hasi ziren eta lehenengo iritsi zirenak berez habitat horretakoak ez ziren espezieak izan ziren, berez itsastarrak direnak, baina baldintza horietara moldatzeko gai izan ziren "oportunistak". Ondoren berez estuariokoak diren espezieak iritsi ziren, baina ez dira "bertako espezieak, kanpokoak eta inbaditzaileak baizik".
2001. urtean agertu ziren lehen aldiz bertakoak ez diren bi espezie: Oithona davisae eta Acartia tonsa. Indopazifikokoak dira, berez, ur epeletakoak, baina azken hamarkadetan mundu osoko estuario eta itsasaldeetan ari dira zabaltzen, itsasontziek garraiatuta, besteak beste. 2010. urtean Pseudodiaptomus marinus espeziea hauteman zuten, ur gazikara eta epeletako kopepodoa, eta, jatorriz, Pazifikokoa.
Habitat jakin batean espezie inbaditzaileak sartzea normalean ez da ona, biodibertsitatearen galera dakarrelako eta ekosisteman estresa eragiten duelako. Bilboko itsasadarraren kasuan, ordea, bestelako interpretazioa egin du Uriarte: "Kanpoko espezieak hutsik zegoen habitat batera iritsi dira. Hortaz, ezin da esan bertako espezieak kanporatu dituztenik; biodibertsitatea handitu besterik ez dute egin espezie horiek. Ekosisteman funtzio berriak dituzten komunitateak sortzeko aukera emango du horrek". Hemendik aurrera "bertakoak ez diren espezieek Bilboko estuarioan ekosistema mailan duten eragina aztertzea" izango da ikertaldearen lana.