Dokumentuaren akzioak
Julen Astigarraga: "Birsortzen ari diren basoen hazkuntzak azkarragoak dira baina klima aldaketaren eraginen aurrean zaurgarriagoak izan daitezke"
Julen Astigarragak (Oñati, 1994) Geografia eta Lurralde Antolamenduko Gradua egin zuen UPV/EHUn. Australian lanean egon ostean Ekologia Masterra egin zuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta argi ikusi zuen ikerketa eta zientzia atsegin zituela.
Geografia eta Lurralde Antolamendua ikasi eta ikerketaren munduan murgildu zinen gero.
Geografia eta Lurralde Antolamenduko Gradua egin nuen Euskal Herriko Unibertsitatean eta ondoren Australiara lanera joateko aukera sortu zitzaidan. Geografiako graduan beti biogeografiak erakarri nau gehien eta graduan egin nituen praktikak eta gradu osteko lehen lana ere arlo horretara bideratu nituen. Australiatik itzuli nintzenean ez nuen garbi ikerketara bideratu nahi ote nuen nire etorkizuna baina ondoren Ekologiako Masterra egin nuen Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta bertan garbi ikusi nuen ikerketa eta zientzia zela benetan atsegin nuena. Ezagutza berria sortzeak benetan asebetetzen nau eta nik uste zientziak eta kasu honetan ekologiak aukera hori ematen zidala ikusi nuela nolabait.
Klima aldaketak eta gizakiaren kudeaketak basoetan duten eragina ikertzen ari zara.
Masterra Madrilen egin nuenez bertan sortu zitzaidan tesia egiteko aukera. Gauzak horrela, doktoretza egiteko Eusko Jaurlaritzako laguntza eskuratzeko zortea izan nuen eta egun, Madrileko Alcaláko Unibertsitatean ari naiz tesia egiten, FORECO (Forest Ecology and Restoration Group) ikertaldean. Talde oso zabala da baina taldearen izenak dioen moduan, batik bat baso ekologiaren eta ekosistemen leheneratzean inguruan ikertzen dugu.
Nire kasuan, tesian bi galdera nagusiri erantzuteko ahaleginetan nabil. Alde batetik, klima aldaketak basoetan duen eragina ikertzen dut ipar hemisferioko baso inbentarioetako datuak erabiliz. Bestalde, klima aldaketak basoetan duen eragina baso kudeaketa ezberdinek (iraganekoak eta gaur egungoak) nola moldatzen duten ikertzen dut.
Basoen egiturak duen garrantzia ikusteko azalera handietako basoen inbentarioak aztertu dituzue batetik.
Basoen bilakaera aztertzea oso zaila da, izan ere basoen dinamikak edo bizi erritmoak oso motelak dira gureekin alderatuz. Adibidez, zuhaitz bakarrari erreparatzen badiogu, zuhaitz horren dinamikak ikustea oso-oso zaila da (ziur aski ez da hilko gu bizi garen artean). Horregatik milaka eta milaka zuhaitz aztertu behar ditugu batera. Noski, hori egiterakoan ezin dugu zuhaitz bakoitza xehetasun guztiekin aztertu. Ondorioz, azken hamarkadetan milaka erakunde ezberdinek hartutako datuetan oinarritu beharra daukagu. Bertan, langile ugari urteetan zehar basora joan dira, eta prozedura berdinarekin eta toki berean, zuhaitz bakoitza neurtu, markatu eta beraien bizi baldintzak aztertu dituzte.
Lan zama eta gastu hori guztia bere gain hartzeko gaitasuna duen erakundea normalean estatua izaten da. Ondorioz, orokorrean estatuaren egitasmoa denez, datuak publikoak izaten dira eta Internet bidez eskuratu daitezke. Hala ere, herrialdearen arabera zenbait akordio sinatu beharra dago eta gustatuko litzaigukeena baino askoz zailagoa izaten da datuak eskuratzea. Egun adibidez, Europako eta Estatu Batuetako baso inbentarioekin ari naiz lanean. Izugarrizko datu basea da eta oso galdera interesgarriak erantzuteko gaitasuna ematen digu. Hala ere, datuen akordioekin beti kontuz ibili behar izaten dugu.
... eta bestetik, azalera txikietako basoetako zuhaitzen hazkundea ere kontutan hartu duzue.
Dendrokronologia bidez neurtzen dugu zuhaitzen hazkuntza (Grezieraz dendros-ek zuhaitza esan nahi du eta chronos-ek denbora). Zuhaitzek hazkuntza eraztunak sortzen dituzte urtero eta eraztun hauen zabalera neurtuz zuhaitzen adina jakiteaz gain urte bakoitza nolakoa izan zen jakin dezakegu. Baliabideak mugatuak izan ziren urteetan (adibidez izozteen edo lehorteen ondorioz) eraztunak estuagoak izaten dira eta baliabideak anitzak diren urteetan aldiz, zabalagoak. Eraztun berriena, zuhaitzaren azalaren justu barnean kokatzen da eta zaharrena aldiz zuhaitzaren zentroan. Egungo klima aldaketaren eragina ezagutzeko baliagarria izateaz gain, beste hainbat datu eskuratu daitezke dendrokronologiari esker, hala nola, iraganeko klimaren berreraikuntzak egiteko edo iraganeko inperioak noiz loratu eta erori ziren ezagutzeko balio dezake. Egun adibidez, nire tesiaren parte, dendrokronologiaren bidez Oñatiko pagadiak klima aldaketari nola erantzuten ari diren ikertzen ari gara.
Emaitzak gero elkartu egin dituzue. Zer diote emaitzek?
Nik uste, biak, ikerketa lokalak eta globalak direla beharrezkoak. Izan ere, nahiz eta mundu globalizatu eta elkarkonektatu batean bizi, ikerketa lokalak tendentzia globalak ulertzeko ezinbestekoak dira. Adibidez Iberiar Penintsulako basoei dagokionez, oro har, mundu mailako tendentzia antzerakoak ikusten ditugu: hilkortasun tasak hazi egin dira eta birsorkuntza eta hazkuntza tasak gutxitu. Klima aldaketari dagokionez, bere efektuak areagotzen ari direla ikusten dugu, hein handi batean demografian eman diren aldaketa horiek azalduz. Azpimarratzekoa da, klima aldaketaren eragina ez dela lineala ez eta egonkorra denboran zehar, ekologia zeinen konplexua izan daitekeenaren adierazgarri. Emaitzek diotenaren arabera geroz eta eragin handiagoa du klima aldaketak. Horretaz gain, basoen zaurgarritasunaren areagotzea batik bat XX. mendeko bigarren erditik hona eman diren aldaketen ondorio izan dela ere ikusi dugu, batik bat nekazaritzaren abandonuak eta baso kudeaketa tradizionalaren gutxitzeak eraginda.
Beraz, klima aldaketak baso egitura jakin batzuetan gehiago eragiten du beste batzuetan baino. Zein neurri hartu beharko lirateke?
Argi dago baso egituraren arabera klima aldaketaren eragina ezberdina dela eta Amazonasko oihanean edo Errusiako basoetan ematen ari diren aldaketak ez direla berdinak. Hala eta guztiz ere, atzerantz egin eta irudi orokorrago bat hartzen badugu badirudi klima aldaketa ia beti presente dagoela. Horretaz gain, gizakion eragin zuzena ere begi bistakoa da gure basoetan. Euskal Herriko basoak ere nekazaritzaren abandonuaren eta baso kudeaketa tradizionalaren gutxitzearen ondorioz hazten ari dira eta aldaketa horiek gertutik jarraitzea oso garrantzitsua dela uste dut. Adibidez, orain arte ikusi denaren arabera birsortzen ari diren basoen hazkuntzak azkarragoak direla dirudi lehendik ezarritako basoena baino, baina klima aldaketaren eraginen aurrean zaurgarriagoak dira. Bestalde, zuhaitz exotikoen landaketak aipamen berezia merezi duela uste dut Euskal Herrian. Aztertu dugunaren arabera, landaketetan ere hilkortasun tasak gorantz doaz eta hein handi batean jarraipen faltagatik dela esango nuke. Egun landaketek iraganean ematen zituzten baino askoz irabazi baxuagoak ematen dituzte, eta zenbaitetan entzun izan dut Euskal Herriko produktibitate handiko basoek garrantzi izugarria dutela karbono xurgapenean, naturan oinarritutako soluzio moduan. Egia da, Euskal Herriko basoak klimaren eta landatu diren espezieen ondorioz oso produktiboak direla biomasa aldetik. Horrek esan nahi du hazkuntza azkarrekoak direla eta karbono ugari xurgatzen dutela. Hala eta guztiz ere, azken ikerketek garbi erakusten dute azkarren hazten diren espezieak (eta baita indibiduoak ere) azkarren hiltzen direnak direla, beraz argumentu honek ez luke pisu gehiegirik edukiko epe ertain luzera begira. Hala ere, asko ikertu beharreko gaia dela uste dut espezie bat edo beste faboratzea klima aldaketaren izenean, oso ongi ikertu behar baita espezie berrien sartzapenak zein ondorio izango dituen bertako ekosistemetan. Gure ingurura begiratu besterik ez dugu orain dela pare bat urte banda marroiak eragin zuen sarraskia antzemateko konifera landaketetan.
Zein da basoen etorkizuna?
Demografian eta karbono xurgapenean zentratuko naiz, egun pil-pilean dauden gaiak dira eta.
Erreferentzia puntu bat hartuz (adibidez XX. mende hasiera), azken ikerketek diotenaren arabera badirudi hilkortasun tasak igotzen ari direla eta hildako zuhaitzak ordezkatzen dituzten zuhaitzak geroz eta txikiagoak direla altueran eta geroz eta baso gazte gehiago ditugula. Horretaz gain, birsorkuntza tasak eta hazkuntza tasak gorakada jasan dute XX. mendean zehar, baina hazkuntza horiek motelduz doaz.
Egun, basoek gizakiok isuritako CO2-aren %20-30 bitartean xurgatzen dute mundu mailan. Hau batik bat gertatzen da karbono gehiketa honek zuhaitzen hazkuntza tasak areagotzen dituelako baina egun ikusten ari gara hilkortasun tasak ere areagotzen ari direla eta badirudi hilkortasun tasa horiek hazkuntzak tasak balantzatzen ari direla (prozesu kontrajarriak etorkizunera begira zalantza asko sortzen dizkigutenak).
Etorkizunera begira, badirudi bai fenomeno naturalak eta baita gizakiak zuzenean eragindakoak (lur erabileretan ematen diren aldaketak adibidez) datorren hamarkadetan gora egingo dutela. Orokorrean ebidentziek diote oso probablea dela hilkortasun tasak goraka jarraitzea baina aldiz birsorkuntzak eta hazkuntzak behera egingo dutela aurreikusten da, nahiz eta ez izan modu orokortuan. Honek esan nahi du etorkizunean ziur aski basoek geroz eta CO2 gutxiago xurgatuko dutela mundu mailan.
Ikerketaren zein puntutan zaude?
Urte bat eta pare bat hilabeteko kontratua dut oraindik doktoretza amaitzeko. Klima aldaketaren eragina Iberiar penintsulako basoetan aztertzen duen lan bat argitaratuta dut eta orain Oñatiko lanarekin eta Europa eta Estatu Batuetakoarekin ari naiz batik bat lanean. Eskala lokaletik herrialdeko eskalara eta eskala globalera klimaren eragina basoetan nola aldatzen den ulertzen saiatzea da helburua.
Zein erronka dituzu eskuartean?
Doktoretza alde batera utzirik, urte hauetan eskuratu dudan ezagutza gizarteari laguntzeko erabiltzea gustatuko litzaidake eta ahalegin horretan nabil. Adibidez, basogintzaren gaiak azken urteetan berriz indarra hartu duenez, Oñatiko Udalarekin basogintzaren gaia lantzen ari gara, herriko basogintzari norabide bat eman guran. Zentzu horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere harremanetan jarriak gara. Ea zientzialariak eta kudeatzaileak elkarlanean aritzea lortzen dugun gizarte guztiari mesede egiteko helburuarekin.
Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?
Esperientzia oso interesgarria izan zen egia esan. Euskal Herrian horrenbeste ikerketa interesgarri eta ikerlari bikainak formatzen ari direla ikustea sekulakoa da. Ikerlari gazteak milaka gai ezberdinetan buru belarri lanean ari direla ikusteak etorkizuna itxaropen handiagoz ikustea ahalbidetzen dit. Ikerlari horiek guztiak eta beraien ikerketan bistaratzeko Txiotesia ideia bikaina dela uste dut. Izan ere, ikusten ez dena oso zaila da ulertzen.