Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Judit Martinez: "Oso kongresu zabala da eta ikerketa nahiz pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du"

Dokumentuaren akzioak

Judit Martinez: "Oso kongresu zabala da eta ikerketa nahiz pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera ematen du"

2021/03/25 - Ikergazte

2019ko Baionako Ikergazte kongresuan parte hartu zuen Judit Martinez Abajok eta sortzen den giro atsegina azpimarratu nahi izan du. Psikodidaktikan doktorea da (UPV/EHU) Martinez eta irakaslea Gasteizko Hezkuntza eta kirol fakultatean.

Ikergazte izatea zer da zuretzat?

Ikertzaile berria izatea. 2019. urtean defendatu nuen tesia, eta momentu honetan oraindik ere ikertzen ikasten ari naiz.

Emakume kirolarien identitatea nola eraikitzen den aztertu zenuen zure doktorego tesian. Zeintzuk izan ziren ondorio nagusiak?

Tesiak lau zutabe nagusi izan zituen; identitatearen eraikuntza, hezkuntza, kirol erakundeak eta komunikabideak; eta arlo bakoitzean ondorio ezberdinak agertzen ziren. Beraz, hori guztia laburtzea zaila da, baina zenbait ideia azpimarratuko nituzke. Elkarrizketatutako emakume horiek erreferente falta nabaritu zuten; oztopo ezberdinak topatu zituzten, eta matxismo eta homofobiari aurre egin behar izan zieten. Ezberdintasunak arlo askotan mantentzen direla komentatzen zuten; batez ere kirol erakundeetan, marka babesleak aurkitzeko momentuetan eta komunikabideen presentzian.

Hezkuntzan ere pausuak eman behar direla aipatzen zuten, hezkidetza eta inklusioa benetan lortzeko.

Bukatzeko, goi mailako kirolaria izatea ez dela beraientzako erraza izan eta aldaketak eskatzen dituzte, emakume gehiago ikusi nahi dituzte kirol munduan; federazioetan, berrietan, eta erabakiak hartzen diren lekuetan.

Baionako kongresuan parte hartu zenuen, baita artikulua aurkeztu ere. Zer nolako esperientzia izan zen?

Niretzat lehenengo kongresua izan zen euskaraz. Posterren aurkezpen desberdina eta atsegina antolatu zuten. Normalean horrelako ekitaldiak oso formalak izaten dira, eta Baionan atseginagoa izan zen.

Zer nabarmenduko zenuke?

Bertan sortzen den giro atsegina, eta euskaraz ikertzeko eta publikatzeko ahalegina.

Aurtengoa Gasteizen izateak zer esan nahi du?

Erronka bat suposatzen du pandemia egoera kontuan hartuta. Baina aurreko deialdietan bezala, ziur nago interesgarria izango dela; oso kongresu zabala delako eta ikerketa nahiz pertsona ezberdinak ezagutzeko aukera ematen duelako.