Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Juanmari Agirreurreta: "Nirea Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia da… Betoz hamaika ikerketa eta betoz euskaraz guztiak"

Dokumentuaren akzioak

Juanmari Agirreurreta: "Nirea Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia da… Betoz hamaika ikerketa eta betoz euskaraz guztiak"

2018/12/12 - Unibertsitatea.net
Juanmari Agirreurreta izan da "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketako "Txiolari originalena".
Juanmari Agirreurreta:  "Nirea Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia da… Betoz hamaika ikerketa eta betoz euskaraz guztiak"

Juanmari Agirreurreta

Juanmari Agirreurreta, Aretxabaletan bizi den Pasai Donibanetarra da (1977). Euskal Filologiako ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean eta 2017tik doktorea da Filosofian. Hainbat itzulpen lan argitaratu ditu eta lanbidez frantses irakaslea da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketako "Txiolari originalena" izan da (Hemen txio irabazleak: FIKZIOA J.-P. SARTREREN DISKURTSO TEORIKOAN).

Nondik sortu zitzaizun ikerketarako grina?

Azken hamarkada luzean asko irakurri dut filosofiaz. Irakurritako horrekin zerbait idatzi nahi nuen, baina ez nuen garbi zer eta nola: saiakera, eleberria, poesia... Orduan, 2012ko udan, Sartreren liburu batek zeharo liluratu ninduen. Udazken horretan bertan, Donostiako Filosofia fakultatean (UPV/EHU) Sartreren filosofiari buruzko tesi bat egiten hasi nintzen.

Iaz defendatu zenuen tesia: "Fikzioa J.-P. Sartreren diskurtso teorikoan". Zergatik Sartre?

Sartreren berri banuen, bere hainbat lan irakurrita neuzkan. Ordea, L’existentialisme est un humanisme (1946) liburuxka irakurri nuenean, bere filosofia hobeto ezagutzeko grina piztu zitzaidan. Horrela, bere tratatu filosofiko nagusiari heldu nion, Izatea eta Ezereza (L’Être et le Néant, 1943); existentzialismoaren zutabe teorikoak ezarri zituen tratatua da.

Sartreren obrako zati bat da ikertu duzuna: Le Regard

Tratatua irakurri nuenean, ohartu nintzen idaztankera berezia zuela; bai, hortik joko nuen! Gainera, ‘Begirada’ atala iruditu zitzaidan obraren egitura teorikoaren argitan giltzarri edo bisagra modukoa zela; aldez edo moldez, beste atal guztiek jotzen zuten horra. Itzulpen soila egitea ez zen nahikoa, hori ikertu egin nahi nuen. Ikergaia zedarritzen hasi nintzen.

Eta testuaren itzulpena argitaratzea lortu zenuen.

Begirada’ testuaren itzulpena Jakinek argitaratu zuen iaz (2017); itzulpen horri hitzaurre luze bat egin nion. Oso eskertuta nago, argitalpen hori ikusten baitut, nolabait esateko, tesi-garaiko neke eta izerdien sari gisa. Hortxe dago egin nahi nuen ekarpen filosofikoa, Sartreren tratatuaren atal bat euskaraz, nire tesiaren ikergaia, eta gainera Jakinen!

Filosofo baten obra ikertzeko, nolabait haren hitzen barrura iristeko, zein prozedura erabili duzu.

Sartreren filosofia aztertu dut zehazki ‘Diskurtso Filosofikoaren Analisia’ deritzan ikerketa-arloaren argitan, horixe hautatu dut markotzat. Jakintza-arlo horren helburu nagusia da zehaztea nola uztartzen den filosofia jakin bat filosofia horren adierazpenarekin. Beraz, ikerketak bietatik edaten du, Filosofiatik eta Hizkuntzatik.

Aitortu diguzu baduzula etorkizunerako proiektu pertsonal bat... Alemana ikastea.

Tesia egiten ari nintzela, Martin Heidegger sakonki irakurri eta ulertu behar izan nuen, Sartrek Heideggerren tratatutik edaten baitu bereziki: Izatea eta Denbora (Sein und Zeit, 1927). Bai, Heidegger alemanez irakurri nahi nuke, eta etorkizunean testu kuttunen bat euskaratu. Halaber, maite ditudan alemaniar poetak alemanez irakurri nahi ditut.

... eta ikusiko dugu zure itzulpen lan gehiago argitaratuta?

Lanbidez ez naiz itzultzailea, ezta ikertzailea ere, frantsesa irakasten dut institutu batean. Zaila da argitaratzea. Egia esateko, zorte handia izan dut eta aurretik beste bi itzulpen baditut argitaratuta: Victor Hugoren eleberri bat (Kondenatu baten azken eguna) eta Tomas Tranströmer poetaren poema guztiak (Bizientzat eta hilentzat). Etorkizunean alemanetik euskaratu nahi nuke zerbait.

Eskerrak eman zenizkigun euskarazko ikerketa sustatzeagatik.

Lizardiren hitzak ekarriz, hizkuntza larrekoa ez ezik, euskara “noranahikoa eta jakite-hegoek igoa” nahi dugu euskaldunok. Euskara ez da bakarrik gure hizkuntza, euskara gure tresna da. Nirea Sartreri buruz euskaraz egin den lehen doktore tesia da, ez al da poztekoa… Betoz hamaika ikerketa arlo guztietan, eta betoz euskaraz guztiak.

Txiolari originalena izan zara. Aurtengo edizioan multimediaren erabilera handia izan da orokorrean... Eta hara! saria batere erabili ez duenak eskuratu du.

Iaz ere parte hartu nuen lehiaketan eta irudiak erabili nituen. Aurten, ordea, elkarrizketa gisa planteatu nahi izan dut tesi-laburpena eta irudiek traba egiten zidaten. Dena den, esan nahi dut beste txiotesi guztiak irakurri nituela eta ikaragarri gustatu zaizkidala; zenbat ikergai, zenbat arlo, zenbat ilusio, zenbat dagoen ikertzeko…

txiotesia,elkarrizketa