Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Josu Narbarte: "Euskal Herriko paisaiaren azterketa arkeologikoa egin nahi izan dut tesian"

Dokumentuaren akzioak

Josu Narbarte: "Euskal Herriko paisaiaren azterketa arkeologikoa egin nahi izan dut tesian"

2020/03/25 - Unibertsitatea.net
Urtarrilean defendatu zuen doktorego tesia. Egun, euskal kostako estuarioetan bilakaera historikoa ikertzeko proiektu batean nabil buru belarri.

Josu Narbarte (Irun, 1992) Artearen Historian graduatua da UPV/EHUn, Gasteizen. Tartean, urtebete eman zuen erasmus gisa Italian, Paduako Unibertsitatean eta ondoren, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestaketarako masterra egin zuen Donostian. Hori bukatzen ari zela sortu zitzaion doktoregoa egiteko aukera. Hiru urte eta erdi eman ditu UPV/EHUko Ondaregintza eta Paisaia Kulturalen inguruko ikerketa-taldean lanean, tartean urtebete Paueko Unibertsitatean (Frantzia). Urtarrilean egin zuen tesiaren defentsa.

Artearen historia ikasi zenuen.

Historiari lotutako gaiek betidanik erakarri izan naute. Batxilergoan ohartu nintzen bereziki interesatzen zitzaidala ondare kulturalarekin lotutako guztia, eta horregatik hautatu nituen Artearen Historiako ikasketak. Gero, Paduako Unibertsitatean Arkeologia ikasgaia landu eta praktikak egiteko aukera izan nuen eta UPV/EHUra itzultzean gradu amaierako lana Geografia sailean egitea erabaki nuen. Alegia, ondare kulturalak espazioaren pertzepzioan eta ordenazioan duen eragina aztertzeko.

Hortik ikerketarako urratsa, berriz, nahiko ezustean eman nuen. Unibertsitateko ikasle gehienek oso informazio eskasa izaten dute ikerketa-munduaren inguruan, eta nire kasuan ere hala izan zen. Une horretan oso garrantzitsua izan zen gerora nire tesiko zuzendari izango zen irakaslearen orientazioa. Ikerketa-ibilbidearen nondik norakoak zeintzuk ziren azaltzeaz gain, asko lagundu zidan ikerketa-lerro bat hautatzen gradu amaierako lanean landuta nituen ideietatik abiatuta.

Euskal Herriko nekazal esparruen arkeologia. Horixe da zure ikerlerroa.

Paisaiaren azterketa arkeologikoa egitea izan da ideia. Azken urteetan asko ugaritu dira paisaiaren inguruko hausnarketak; Europako Kontseiluak eta UNESCOk, adibidez, paisaiaren balio kulturala azpimarratu dute eta ondare kultural gisa definitu. Ideia hori 2019ko Euskal Kultur Ondarearen Legean ere azaltzen da EAEn. Funtsean, paisaia deitzen diogu faktore desberdinen elkarreraginetik epe luzean sortzen den agro-ekosistema baten adierazpen espazialari. Prozesu horietan ingurumen-dinamikek eragiten dute noski (klimaren bilakaera izan daiteke adibide bat), baina giza jarduerak dira batez ere eraldaketa-faktore nagusiak. Espazioaren apropiazioa eta lurralde jakin batean dauden baliabideen ustiaketa (nekazaritza, batik bat) egitate kulturalak dira eta horiek sakon baldintza ditzakete lurrazalaren itxura (kanalen edo lubakien eraikuntzaren bidez), inguruko espezieen eboluzioa (deforestazioen, hazi jakin batzuen hautaketaren eta etxekotzearen ondorioz) zein lurzoruen propietateak (laborantza-zikloen edota ongarrien erabileraren eraginez).

Ideia hau onartzeak esan nahi du ezinbestekoa dela iraganeko gizarteek ingurumenarekin zuten harremana ikertzea; bai behintzat behar bezala ulertu nahi badugu ze neurritan dagoen hau artifizializatuta gaur egun, eta ondorioz zein izan daitekeen bizi ditugun arazo ekologiko ugariren jatorria. Bide horretan, ez da baliagarria Arkeologia tradizionalak erabiltzen duen “aztarnategi” kontzeptua, hau espazioan eta denboran mugatutako egitatea baita. Horren ordez, beharrezkoa da paisaia osoa eraldaketa historiko baten emaitza gisa aztertzea, epe luzean eta erregistro desberdinak erabiliz.

Ikerketa garatzeko ikerketa-kasu batzuk hautatu genituen: Aizarna, Zizurkil eta Alkiza, Gipuzkoan; Sara, Lapurdin; eta Bastida, Araban. Nahita aukeratu genituen urbanizazio bortitzik jasan gabeko landa-komunitateak, horiek baitira iraganeko paisaien traza materialak hobekien gorde dituzten inguruak. Kasu bakoitzean, herrien osagai desberdinak aztertu genituen: biziguneak eta gune monumentalizatuak, bide-sareak eta espazio produktiboak (baratzeak, soroak, larreak, basoak zein bazkaguneak). Paisaiaren egungo egoera aztertzeaz gain, berau osatzen duten elementu desberdinen bilakaera historikoa ere ikertu dugu, erregistro desberdinen uztarketan oinarritutako metodología berritzaile bat erabiliz.

Ikerketan metodologia berritzailea erabili duzula diozu. Zertan datza?

Metodologiaren hautaketa aipatutako helburu teorikoan oinarrituta dago. Paisaia faktore natural eta antropikoen elkarreraginaren emaitza bada, haren azterketan informazio-iturri desberdinak uztartu beharko dira. Alde batetik, Historian eta Arkeologian ohikoak diren metodologiak erabili ditugu, noski: iturri dokumentalen eta toponimikoen azterketa, prospekzioa eta, Aizarnako kasuan, baita indusketa arkeologikoa ere.

Esku-hartze horiek osatzeko, zundaketa geoarkeologikoak ere egin ditugu, lur-erregistroen bilketa sistematikoan eta honen osaera fisiko-kimikoaren karakterizazio estratigrafiko batean oinarrituta. Metodo hau ohikoa da sedimentu geologikoen azterketan, baina gutxi ikertu da haren aplikazioa giza eragina aztertzeko testuinguru historikoetako erregistroetan.

Azkenik, funtsezkoa izan da sortutako datu guztiak modu eraginkorrean jaso, kudeatu eta alderatzeko prozedura sistematiko bat martxan jartzea. Horretarako, Geografiako Informazio Sistemak (GIS) erabili ditugu, ikerketa-kasu bakoitzerako datu-base berezi bat sortuz.

Egungo landa-paisaiak ulertzeko, atzera egin duzu ikerketan. Noiz arte?

Enfoke erregresibo bat planteatu genuen: egungo paisaiatik abiatzea, iturri desberdinen bidez atzerantz egiteko. Ikusi dugunez, paisaia “tradizionala” deitzen dugun horren egungo itxura nahiko modernoa da: XVIII. eta, batez ere, XIX. mendean emandako prozesuak islatzen ditu. Hala ere, kasu askotan eredu horiek ere azkar eraldatzen ari dira XX. mendearen bigarren erdiaz geroztik. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago paisaia “tradizional” horiek, Aro Modernoan kodifikatzen bukatu arren, haien oinarrian badaudela identitate kolektibo batzuk, lurraldetasun-eredu batzuk eta, funtsean, herri-sare bat. Horiek Erdi Aroaren amaieran egituratuta zeuden dagoeneko.

Aldi berean, elementu horien konfigurazioa prozesu zaharrago batzuen ondorioa izan zen. Espazioaren okupazio egonkorra jarduera produktibo batzuen bidez (funtsean, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta basogintzaren bidez) ingurugiroa eraldatzeko martxan jarritako dinamika jakin batzuei lotuta dago. Prozesu horiek, kasu askotan, Goi Erdi Aroan edo are lehenago eman ziren.

Baserri eredua noiz kokatzen da?

Baserri deitzen diogu Euskal Herriaren isurialde atlantikoan ezaugarrizkoa den espazioa okupatzeko eredu bati, hau da, paisaia-mota bati. Gaur egun, termino generiko samarra da eta herrien inguruan sakabanatutako etxalde-multzoek osatutako paisaiari egiten dio erreferentzia. Hala ere, esanahi hori ere ez da aldagaitza izan denboran zehar. Gipuzkoako Korografia lanean, Manuel Larramendik dio baserria, izatez, herrietatik urruti kokatutako bizigunea dela, eta herrien ingurukoak, aldiz, etxaldeak direla. Etimologikoki zentzua daukan sailkapena da, baina Larramendik berak dio XVIII. mendean bi terminoak jada nahastu egiten zirela. Hala ere, Aizarnan, Saran eta Zizurkilen egin ditugun ikerketek erakutsi dute Larramendi zuzen zebilela bi baserri-tipologia bereiztean. Izan ere, herrietatik urrun kokatuta dauden baserri asko eta asko, izatez, XVI. eta XVIII. mendeen artean herri-lurrak pribatizatzearen ondorioz lehen basoak izandako lurretan sortutako biziguneak dira. Aldiz, Erdi Aro amaierako herrien itxura aztertzen badugu, ikusiko dugu etxebizitza indibidualak eta haiei lotutako produkzio-unitate dibertsifikatuak egon, bazirela, baina oro har herrien inguruetan kokatuta egoten zirela, lur emankorrenetan, eta ez mendialdean. Beraz, baserri-paisaiaren nozioa bera ere dinamikoa da.

Estatu Batuetako produktuak gureratzeak izan zituen ondorioak ere aztertu dituzu. Ze aldaketa eragin zituen lurrean?

Ameriketako produktuak Euskal Herrian sartzea funtsezko gertaera izan zen, hain zuzen ere bi baserri-ereduen arteko trantsizioan. Artoa, bereziki, faktore garrantzitsua izan zen ordura arte landu gabeko lurrak hautsi eta bertan nekazal produkzio-unitate berriak (hau da, baserri sakabanatuak) sortu ahal izateko. Prozesu honen bidez, ordura arte era kolektiboan kudeatzen ziren mendi-, bazka- eta baso-lur ugari laborantzara bihurtu eta de facto pribatizatu egin ziren, tokiko ekoizpen-ereduak irauliz.

Laburbilduz, esan daiteke herri mailako eredu batetik etxe mailako eredu batera pasa zela, prozesu produktibo gero eta gehiago baserrietara deszentralizatuz eta herri-lurren kudeaketa kolektiboan oinarritutako komunitate-eredua nabarmen ahulduz.

Zure ikerketako emaitzek laborantza-eredu jasangarriago baterako urratsak ematen hasteko ere badirela diozu. Nondik hasi beharko gineteke?

Nire ustez, egindako ikerketek bi gauza erakusten dituzte funtsean. Alde batetik, bizi ditugun paisaiak gizakiak guztiz eraldatutako lurraldeak direla; eraldaketa hori oso antzinakoa dela, prozesu desberdin askoren metaketaren emaitza dela eta, ikuspuntu honetatik, ezinezkoa dela pentsatzea espazio guztiz “natural” bat. Izan ere, gizakiarekin harremanetan sartzen den elementu oro, definizioz, esanahiz jantzi eta praktika sozial desberdinen bidez “kultural” bihurtzen da.

Beste aldetik, ikerketa honek erakusten du gizakiaren eta ingurugiroaren artean harreman-eredu posible asko daudela, eta harreman horiek egunerokotasunean lantzen diren praktiken emaitza direla. Horrek esan nahi du paisaiaren bilakaera historikoa aztertuz, irakaspen baliotsuak lor ditzakegula praktika desberdinek ingurugiroan duten epe ertain eta luzeko eraginaren inguruan. Horren arabera, baliabideen, lanaren eta etekinen arteko orekarik egokiena eskain dezaketen praktikak hautatu daitezke epe luzera begira jasangarria izan daitekeen eredu bat diseinatzeko.

Uztaron eta Aldirin parte hartutakoa, Artizarreko kide, Ikergazteko partehartzaile, Txiostesikoa ere bai... Ikertzen duzun hori euskaraz dibulgatzeari garrantzia ematen diozu.

Noski. Ikerketa euskaraz egiteari, eta ikerketa hori euskaraz dibulgatzeari. Euskal Herrian bizi naiz eta nire lana bertako gizartearentzat baliagarria izatea gustatuko litzaidake. Ezinbestekoa iruditzen zait bertako hizkuntza balioestea eta egindako lanak zein haien emaitzak ezagutzera ematea. Ez dugu sobera aukera izaten horretarako, baina zorionez gero eta gehiago dira eta ahal dudan guztietan parte hartzen saiatzen naiz.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Tesia urtarrilean defendatu nuen. Orain arte, paisaia mota desberdinak aztertu ditut: Euskal Herriko isurialde atlantiarreko baserriak, goi-mendietako artzaintza paisaiak, Ebro haraneko mahastiak… Unean, euskal kostako estuarioetan bilakaera historikoa ikertzeko proiektu batean nabil buru belarri. Aro Modernoan espazio hauek guztiz itxuraldatu ziren, padura asko eta asko lehortu eta Herbehereetako polderren antza duten baratze-paisaia bihurtzean; prozesu horrek berebiziko garrantzia izan zuen XX. mendeko hedapen urbano eta industrialean… baina ia inork ez du ezer ikertu haren inguruan! Oso interesgarria da.

Etorkizunera begira, gustatuko litzaidake egindako ikerketa desberdinen artean konparazio-ariketaren bat egitea eta, auskalo, Euskal Herriko landa-paisaien atlas moduko bat jostea… baina horretarako lan asko falta da oraindik!