Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Joseba Fernandez de Landa: "IkerGazte aukera ezin hobea da gure lanak argitaratzeko"

Dokumentuaren akzioak

Joseba Fernandez de Landa: "IkerGazte aukera ezin hobea da gure lanak argitaratzeko"

2019/03/12 - Ikergazte2019
Aurtengo Ikergazte kongresuko batzorde dinamizatzaileko kidea da Joseba Fernandez de Landa gasteiztarra.

Aurtengo Ikergazte kongresuko batzorde dinamizatzaileko kidea da Joseba Fernandez de Landa gasteiztarra. Informatika ikasten hasi zen lehenengo Fernandez de Landa, baina erdibidean utzi zituen ikasketok soziologia egiteko. Ikasketak amaituta, lanean hasi eta Gasteizeko Udaletxean sare sozialak eta gazteak ikertzea egokitu zitzaion. Eta ikergaiak eraman zuen berriro akademiara, sare sozialak ikertzeko teknika berritzaileak bilatzeko asmoz. IXA taldearen Hizkuntzaren Analisia eta Prozesamendua Masterrak ireki zion horretarako bidea, Eusko Ikaskuntzaren beka bati esker. Orain doktoretza bekaren zain da, sare sozialak ikertzen jarraitzeko.

Iruñeko kongresuan izan zinen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Aberasgarria, euskaraz beraien ikerketak argitaratzen dituzten gazteak badaudela ikustarazi eta hauek zertan dabiltzan ikusteko aukera eman zidan. Horrez gain, zure ikerketa konpartitzeko aukera ere ematen dizu, interesak zerk ematen duen eta zalantza zerk sortzen duen ikusteko.

Zer nabarmenduko zenuke?

Giroa, energiaz betetako euskal giroa zela nabarmenduko nuke.

“Sare sozialen erabilera moduak eta maiztasunak Gasteizko nerabeen kolektiboaren baitan” horixe aurkeztu zenuen ikerlana. Zerk eraman zaitu hori aztertzera? Zertan da orain?

Gasteizeko Udaletxeko gazteria zerbitzuan egindako ikerketa lan bat izan zen, zeresan handia eduki zuena aurrera eramaten ari ginen garaian. Interesa zegoela ikusita, lan hura akademiara eramatea okurritu zitzaidan, emaitzak interesgarriak zirelako eta lana bera ondo egina zegoelako. Horrekin batera, lana euskaratzeko aukera ona ere bazela iruditu zitzaidan, udalean idatziak gaztelaniaz egin behar izan genituelako.

Gaur egun, sare sozialak ikertzen jarraitzen dut, baina ikerketa teknika berriak aplikatuz, datu base handietan (Big Data), Ikasketa Automatikoa (Machine Learning) eta lengoaia naturalaren prozesamenduarekin (NLP) erlazionatutako teknikak aplikatuz. Era honetan, sareetan dagoen informazio mugagabeari zentzua ematen zaio, bertatik gizartea aztertu ahal izateko. Beste era batera esanda, enpresa teknologiko handiek erabiltzen dituzten ikerketa teknikak geureganatzea eta herritarron mesedetara jartzea. Azkeneko lanean, euskal hiztun gazte eta helduek zertaz hitz egiten duten eta harremanetan nola jartzen diren argitaratzea izan da asmoa. Honekin, sare sozialetan euskararen egoerari hurbilpen bat egitea lortu dugu, euskararen osasuna aztertzearekin batera, metodologia berriak proposatuz.

Baionako kongresuko batzorde dinamizatzaileko kide zara. Zergatik parte hartu behar lukete Baionako kongresuan?

Nire ustez aukera paregabea da, bai gazteontzat eta baita euskaraz ikerketa egiten dugunontzat. Bi komunitate horietako partaideok zailagoa izaten baitugu gure lanak argitara ematea eta IkerGazte aukera ezin hobea da. Gainera, euskal ikertzaile gazteok zertan gabiltzan ikusteko aukera ona da ere. Bestalde, ikerketak erdaraz burutzen dituzten ikertzaile euskaldunentzat ere aukera oso erakargarria izan daiteke, motibazio bat 4-8 orriko euskarazko laburpen bat egiteko beraien lanekin, niri gertatu zitzaidan bezala. Gogoratu beharra dago ere, euskara, erabiltzen bakarrik mantenduko dela eta ikerketa munduan presente egotea beharrezkoa dela horretarako.

ikergazte2019