Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jone Uria Albizuri: "Iruditzen zait arlo bakoitza berean bakartuta baino, hobe dela denok jakitea besteak zertan ari diren"

Dokumentuaren akzioak

Jone Uria Albizuri: "Iruditzen zait arlo bakoitza berean bakartuta baino, hobe dela denok jakitea besteak zertan ari diren"

2019/03/14 - Unibertsitatea.net
Matematikan doktorea dau Jone Uria eta egun, BCAMen (Basque Center of Applied Mathematics) postdoc bezala dihardu, neurozientzia ikuspuntu matematiko batetik ikertzen.
Jone Uria Albizuri: "Iruditzen zait arlo bakoitza berean bakartuta baino, hobe dela denok jakitea besteak zertan ari diren"

Irudia: Berria

Jone Uria Albizuri matematikan doktorea da. Talde teoriaren alorrean egin zuen tesia, zuhaitz errotuen automorfismoen taldeen propietateak ikertzen, zehazkiago. Egun, BCAMen (Basque Center of Applied Mathematics) postdoc bezala dihardu, neurozientzia ikuspuntu matematiko batetik ikertzen.

Zerk eraman zaitu Artizarrera?

Nik ikasketak eta tesia matematikan egin ditut, eta beraz, gutxi gorabehera ezagutzen dut euskal matematikarien komunitatea, edo nolabait jakingo nuke norengana jo zerbaiten inguruko kezkaren bat banu edo zerbait antolatu nahiko banu. Bertso munduarekin antzera. Baina beste alorretan ikertzen ari den jendea ez dut ezagutzen, edo oso gutxi. Nahiz eta askotan ahoz ahokoak funtziona dezakeen, interesgarria iruditu zitzaidan denok foro berean elkartzeko egitasmoa, eta horregatik eman nuen izena batez ere.

Zer iruditzen zaizu proiektua? Zer nabarmenduko zenuke?

Aberasgarria eta interesgarria oso, lehen aipatutakoarengatik. Iruditzen zait arlo bakoitza berean bakartuta baino, hobe dela denok jakitea besteak zertan ari diren, zein kezka dauzkaten, etab. Adibidez, interesgarria egin zitzaidan filosofiako foroan elkarbanatu zuten lotura bat, non zioen gaur egun filosofoak zientzia filosofo izan zitezen ez zela nahikotzat jotzen logika irakastea (orain arte eta oraindik leku askotan egiten den bezala); baizik eta estatistika eta algoritmoei buruz ere ikasi behar luketela. Badira gaiak alor askotakoak "ukitzen" gaituztenak, eta horregatik da interesgarria batzuek besteen kezkak ezagutzeko leku komun bat izatea.

Zertarako erabiliko duzu?

Orain arte idatzi izan dena irakurtzeko baino ez dut erabili izan. Hala ere, ni parte naizen foroak etorkizun batean aktiboagoak balira, eztabaida ezberdinetan jendearen kezka, zalantza eta iritziak irakurri zein nireak emateko erabiliko nuke. Horretaz gain ikerketen dibulgazio lana zein kontsulta puntualak egiteko, eta euskal ikerlari nahiz ikerketan interesa duen jendea saretzeko oso tresna erabilgarria izan daitekeela uste dut.

 

artizarra logoa