Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jone Uria Albizuri: "Karrerako matematikak deskubrituz joan ahala hasi nintzen zaletzen. Eta ordutik matematikazale amorratua naiz"

Dokumentuaren akzioak

Jone Uria Albizuri: "Karrerako matematikak deskubrituz joan ahala hasi nintzen zaletzen. Eta ordutik matematikazale amorratua naiz"

2020/02/19 - Unibertsitatea.net
Matematikan doktorea da Jone Uria Albizuri. Egun BCAM-en ari da lanean doktoratu ondorengo ikertzaile gisa.

Jone Uria Albizuri (Getxo 1990), Matematikan Lizentziatua. Madrileko Unibertsitate Autonomoan burutu zuen masterra eta UPV/EHU-n doktore tesia. Egun BCAM-en ari da doktoratu ondoko ikertzaile gisa, Neurozientzia Matematiko, Konputazional eta Esperimentalen lan taldean.

Matematikaria zara. Noiz piztu zitzaizun interesa?

Ez dakit esaten umetan matematikak gustatzen ote zitzaizkidan. Badakit ez nituela gorroto eta ondo moldatzen nintzela, eta hori ez zen ohikoa, baina gustatu... Problemak eta asmakizunak ebaztea bai. Eta hori ere bada matematika, baina ez da lehen eta bigarren hezkuntzan matematikatzat duguna sarri. Nirea ez zen hautu garbi eta ziur bat izan. Erdi deskartez, erdi konbentzituta, horrela tokatu zen. Baina izan nintekeen ingeniari edo arkitektu edo fisikari probabilitate berarekin. Beraz, esango nuke nire matematikarekiko benetako interesa gerora etorri zela, karrerako matematikak deskubrituz joan ahala hasi nintzen zaletzen. Eta ordutik bai, garbi esan dezaket matematikazale amorratua naizela.

Ikerketarako saltoa eman zenuen gero.

Bartzelonan eman nuen urtebete Seneca-Sicue programaren bitartez. Guk artean Lizentziatura egiten genuen, baina Bartzelonan bazegoen gradua ezarrita. Hautazko irakasgaien artean ez nuen nire orduko interesekin bat egiten zuen irakasgai askorik aurkitu, eta gradu amaierako lan bat egiteko aukera suertatu zitzaidan irakasgai baten ordez. Hori izan zen ikerkuntzarekin antza zuen zerbaitekin lehen kontaktua. Ondoren bostgarren mailan lankidetza beka batekin ere aritu nintzen, eta ordurako garbi neukan ikerketan aritu nahi nuela. Horretarako doktoretza zen artean ezagutzen nuen bide bakarra. Ziur aski matematika teorikoan ikertzen hasteko modu bakarra izan badelako. Masterra egin, Jaurlaritzako laguntza eskuratu eta 3 urtetan burutu nuen tesia. 2017ko abenduan defendatu nuen.

Zuhaitz errotu erregularrak eta hauen automorfismoen taldeak. Horixe zure tesiaren gaia. Letretakoentzako matematikak direla esan zenigun Txiotesian.

Tira, letretakoena txiste txar bat besterik ez zen. Beti esan izan dut nire tesian (eta ziur aski karrerako apunteetan ere) letra gehiago dagoela zenbakiak baino. Hori gutxi ez, eta nire tesiko zuhaitzak hitzak antolatzeko modu bat besterik ez dira. Erpin bakoitzak letra bat izango luke, eta zuhaitzean behera bide bat egiten duzunean erpinetako letrak irakurriz gero hitzak irakurriko zenituzke. Noski, hitz horiek ez dira “kaixo” edo “eskerrik asko” izango, 0 eta 1-en segidak baizik. Baina hemen 0-a eta 1-a letra bi baino ez dira, sinbolo bi, ez dago erlaziorik beraien artean, ez dira 0 eta 1 zenbakiak, nolabait esateko.

Ariketa bat izan daiteke esaterako alfabetoko hizkiak zuhaitz baten bitartez ordenatzea eta adarrak sortzen joatea. Zer da zuhaitz horren egituran eta adarretan bilatzen duzuna?

Gauzak ordenatzeko modu bat da. Zuk hitzak dauzkazu, eta ordenatzen dituzu laburrenetik luzeenera. Zero letra daukana goian, letra batekoak azpian, bi letrakoak gero... Eta berdin hasten direnak lotzen dituzu elkarrekin. Gero aztertu dezakezu zer gertatzen den zure alfabetoko bi letra trukatzen badituzu. Ordenagailu batek azken finean letrak aldatu besterik ez ditu egiten, neurri batean. Agindu jakin batzuen arabera erabakitzen du 0ak 1 bihurtzea edo 1ak 0. Gure egunerokoan erabiltzen ditugunak baino askoz sinpleagoak, baina zentzurik teorikoenean nire tesian aztertu nituen taldeak agindu errekursibo bidez diseinatutako ordenagailu txiki batzuk dira.

Adibide praktiko bat jarriko zeniguke?

Praktiko hitza ez zait gehiegi gustatzen, zaila delako esaten zer den praktikoa eta zer ez. Oso subjektiboa iruditzen zait zerbaiten praktikotasuna. Akaso adibidea ez zaizue “praktikoa” irudituko, baina niri polita iruditzen zait: Nire tesian ikertu nituen taldeetako batek Hanoiren dorreen problema deskribatzen du. Problema deitu diot, baina jolas bat da finean. Demagun hiru makil dauzkagula eta 5 disko lehen dorrean kokatuta, oinarrian diskorik handiena eta goian txikiena. Helburua da 5 diskoak ordena berean kokatuta egotea 3. zutabean. Araua da diskoak banan banan mugitu behar direla zutabetik zutabera eta ezin dela handiagoa den disko bat txikiago baten gainean inoiz egon. Bada, jolas hori zuhaitzen automorfismoen talde batek deskriba dezake, diska kopurua edozein izanik ere.

Zure ikerketan teorian azaldutako hori guztia praktikara eraman daiteke? edo praktikan egiten den horren azalpen teorikoa da?

Ez nuke erantzuten jakingo. Berriz diot, praktika eta teoriaren marra letrak eta zientziena bezain lausoa iruditzen zait askotan. Egia da nire tesia oso eduki teoriko eta abstraktutan oinarrituta dagoela. Eta tamalez, ez, ezin dut esan gehiengoarentzat praktikoa den ezertarako erabiltzen denik, ez eta etorkizun batean erabiliko denik ere. Batez ere, talde teoriaren ikuspuntutik propietate arraroak dauzkaten taldeak direlako dira ezagunak. Eta beraien izaera “arraro” horri esker, duten erabilera nagusia irekita dauden teorientzako kontradibideak bilatzea da. Baina hau gizartearen %99,99ari ez zaio batere “praktikoa” irudituko, jakina...

BCAMen ari zara ikertzaile.

BCAMen erabat desberdina den ikerketa lerro batean ari naiz. Nahi bada, “praktikoagoa”. Neurozientzia ikuspuntu matematiko batetik aztertzea du helburu gure lantaldeak. Ni, konkretuki, molekula bati korronte elektrikoa jartzen zaionean ematen duen erantzuna deskribatzen saiatzen ari naiz, eredu matematiko bat erabiliz. Helburua da esperimentutan neurtu dutena gure ereduarekin bat datorren ala ez ikustea. Esan bezala, ez naiz teoria eta praktikotasuna bereizi zale, baina aitortuko dut orain eskertzen dudala egiten dudana lehen baino jende gehiagori azaldu ahal izatea.

Txiotesian parte hartu zenuen. Nolako esperientzia iruditu zitzaizun?

Ia ezinezkoa egin zitzaidan ariketa. Baina ziur aski nire tesiaren nolakotasunagatik zen gehiago, ez hainbeste karaktere kopuruarengatik. Kontestua azaltzeko bakarrik sekulako espazioa beharko nuke, eta gainera emaitzak azaldu behar! Baina tira, besteenak irakurtzea esperientzia polita izan zen. Inbidia ere sentitu nuen “kontatzeko moduko” tesiak zeuzkatenengandik.

Epe laburrerako zein erronka dituzu eskuartean?

Ahal bezain luzaro jarraitzea ikertzen. Ez zait hainbeste inporta zer eta “zertarako”. Gauzak ikastea eta ulertzea gustatzen zait, galdera egokiak bilatu eta erantzunak ematen saiatzea. Tamalez, ez da batere erraza ikerkuntzan ibilbide luze bat egitea. Are gutxiago, nire kasuan bezala, ez baduzu Euskal Herritik alde egin nahi. Eta alde eginda ere, bizpahiru urteko kontratuak kateatu beharko dituzu luzaroan, hurrengoa zenbaterako eta non izango denaren ziurgabetasun konstanteaz. Asko gustatzen zait ikertzea, baina ez da hori niretzako nahi dudan bizimodua. Beraz, hemen egin dezakedan arte luzatuko dut, eta gero gerokoak...

txiotesia,elkarrizketa