Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jon Alkorta: "IkerGazte kongresuak euskaraz egiten den ikerkuntzari bere lekua eman dio, ikusgarritasuna emanez.

Dokumentuaren akzioak

Jon Alkorta: "IkerGazte kongresuak euskaraz egiten den ikerkuntzari bere lekua eman dio, ikusgarritasuna emanez.

2015/09/10 - Unibertsitatea.net
Oraingoan Jon Alkorta elkarrizketatu dugu, bera Lasarte-Oriakoa da eta IkerGazte kongresuan hartu zuen parte. Hizkuntza Azterketa eta Prozesamendua masterraren amaierako lana aurkeztu zuen kongresuan eta egun doktoretza egiten dihardu.

Zertan datza egin duzun ikerketak?

IkerGazten master amaierako lana aurkeztu nuen. Lanean euskararako HPSG gramatikan lehen proposamena egin dut; hitz-hurrenkera, aditz-sail ezberdinak eta perpausek dituzten analisi ezberdinak aztertuz eta horiei dagozkien erregela gramatikalak osatuz.

 

Zertan lagunduko luke edota zein da egiten duen ekarpena?

Master amaierako lanean HPSG gramatikaren lehen proposamena egin nuen, horregatik, oraingoz gramatika perpaus sinple batzuk sintaktikoki analizatzeko gai da. Gramatika gehiago garatzean, perpaus konplexuagoen analisi sintaktikoa egiteko gauza izango da.

 

Badira euskararako garatu diren beste gramatika batzuk baina HPSG gramatika besteengandik ezberdina da; izan ere, sintagma-egituran eta baterakuntzan oinarritzen da. Ikuspegi aldaketa da gramatikaren ekarpenik handiena.

 

Ikerketa amaitu baduzu zertan ari zara? Eta bukatzear bazaude... gero zer?

Masterra amaitu ostean, doktoregoa egiten hasi nintzen eta horretan nabil. Hala ere, doktoregoan ez diot masterreko ikerketari jarraipenik eman. Orain, sentimenduen analisia diskurtsoaren ikuspegitik aztertzen ari naiz. Interneten milaka eta milaka iritzi dago eta hainbeste iritzi dagoenez horiek automatikoki prozesatzeko beharra sortu da. Horrela, pertsonek (eta oro har, gizarteak) produktu, ekintza edo gertaera baten inguruan duten iritzia zein den jakin daiteke.

 

Zer suposatu du zuretzako IkerGazte kongresuan parte hartu izanak?

IkerGazte kongresuan parte hartzea oso aberasgarria izan da. Alde batetik, kongresuak nolakoak diren jakiteko balio izan dit eta beste aldetik, beste arloetako ikerlerro batzuk nolakoak diren ezagutzeko.

 

Zer ekarpen egingo du mota honetako kongresu batek ikerketari dagokionez?

Nire ustez kongresu honek ikerketari ikuspegi ezberdinetatik ekarpen ugari egin dizkio. Nik hiru ekarpen azpimarratuko nituzke: ikertzaileen lana plazaratzeko balio izatea, oraindik nahiko ezezaguna den ikerkuntzaren mundua gizartean ezagutaraztea eta ikertzaileei ikerkuntzaren beste ikuspegi bat, ikuspegi orokorrago bat, ematea.

 

Eta euskarari dagokionez?

Kongresuak euskarari ekarpen handia egin dio. Ikerkuntzako hizkuntza nagusia ingelesa da eta horregatik, beste hizkuntzetan egindako ikerketek ez dute hainbesteko oihartzunik. Kongresu honek euskaraz egiten den ikerkuntzari bere lekua eman dio, ikusgarritasuna emanez. Bestalde, euskarazko material gehiago sortzeko ere balio izan du.

 

Zer da kongresuan bizi duzunetik gehien azpimarratuko zenukeena?

Kongresuan egon den aniztasuna eta giro aparta azpimarratuko nituzke gehien. Gainera, kongresuko parte hartzaileok geure arlotik kanpo dauden aurkezpen eta saioetara joan gara eta horrek sortu duen jakintza trukaketa ere azpimarratzekoa da.

 

Zer nolako giroa bizi izan zenuen kongresuan zehar?

Kongresuan zehar giro ezin hobea egon zen. Aurkezpen nahiz posterretan oso giro aparta egon zen, baita tailerretan ere.

 

Zein da kongresuak egin dizun ekarpena?

Kongresuak egin didan ekarpenik handiena beste arloetako ikerketak eta ikertzaileak ezagutzea izan da. Gainera, kongresuak nolakoak diren ezagutzeko aukera ere eman dit.