Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jon Alkorta: "Tomate, haragi txikitu edota gaztak espageti aleen zaporea aldatzen duten moduan, hizkuntza maila ezberdinetako balentzia aldatzaileek hitzen sentimendu balentzian eragiten dute"

Dokumentuaren akzioak

Jon Alkorta: "Tomate, haragi txikitu edota gaztak espageti aleen zaporea aldatzen duten moduan, hizkuntza maila ezberdinetako balentzia aldatzaileek hitzen sentimendu balentzian eragiten dute"

2019/04/04 - Unibertsitatea.net
Jon Alkorta euskal filologoa da eta doktorego tesia egiten ari da IXA taldean.

Jon Alkorta (Lasarte-Oria, 1990) Euskal Filologian lizentziatua da. Txikitatik izan du hizkuntzekiko interesa eta gaur egun doktorego-tesia egiten ari da IXA taldean (UPV/EHU). Bere ikerketaren gaineko galdera batzuk egin dizkiogu:

 

Hizkuntzalaritzaren munduan murgilduta zabiltza gaur egun. Noiz hasi zitzaizun hitzekin jolasteko interesa?

Ba, egia esan, txikitatik izan dut hizkuntzekiko interesa. Hasiera batean, hizkuntza bariazioan eta batez ere, dialektologian nuen interesa. Euskal Filologia lizentziatura eta Hizkuntza Azterketa eta Prozesamendua masterra egitean, ordea, mundu berri eta zabal bat ezagutu nuen eta orduan, interesak aldatu eta hizkuntzaren beste alderdi batzuk gustatzen hasi zitzaizkidan.

#txiotesia4-n espagetiak (hitzak) prestatu zenizkigun osagai desberdinekin (balentzia aldatzaileak): tomatearekin, haragi txikituarekin, gaztarekin... Hizkuntza-maila desberdinetako balentzia aldatzaileak identifikatzea da zure helburua.

Bai, halaxe da. Hasiera batean, testuen balorazioa positiboa edo negatiboa den jakiteko lexikoian oinarritutako sistema bat garatzea jarri genuen helburutzat eta, horretarako, sentimendu lexikoia garatu genuen. Bertan, hitzek zenbakizko balio bat dute (-5 eta +5 artean) euren balorazio/iritzi/sentimendua adierazten dutenak: arazo (-3), irabazi (+2), etab.

Baina ikerketak aurrera egin ahala, testuetan hitz horien balioa aldatzen duten hizkuntza fenomenoak (balentzia aldatzaileak) daudela ohartu ginen eta horiek aztertzeari ekin genion. Hizkuntza maila ezberdinetan (fonologia, morfologia, sintaxia eta diskurtsoa) hitzen sentimendu balentziei eragiten dien fenomenoak daudela ikusi dugu. Hori horrela izanik, #txiotesia4-n espagetiak boloniar erara simil moduan erabili nuen. Izan ere, sukaldean, tomate, haragi txikitu edota gaztak espageti aleen zaporea aldatzen duten moduan, hizkuntza maila ezberdinetako balentzia aldatzaileek hitzen sentimendu balentzian eragiten dute.

Hizkiak, bustidurak, ezeztapen markak... Espagetien zaporea aldatzen duten osagai guzti horiek aztertu eta ondoriorik ateratzeko aukerarik izan duzu?

Bai, azterketaren ondorio nagusietako bat izan da hitzen balentzian eragiten duten hainbat fenomeno daudela. Adibidez, har dezagun "arazo" (-3) hitza. "-txo" hizkia eransten badiogu (arazotxo), hitzaren balentzia ez da hain negatiboa bihurtzen. Aldiz, "arazo handia" badugu, arazo hitzaren balentzia [-3] baino negatiboa izango da. Hitz bera ezeztapen marka batekin agertuko balitz (esaterako, "ez dago arazorik"), ezeztapen markak duen [-4] balentziaren ondorioz, “arazo” hitzaren (eta esaldiaren) balentzia [+1] izango litzateke. Halaber, kontuan hartu behar da bustidura adierazkorrak eta diskurtso-egiturak ere hitzen eta perpausen balentzian eragin dezaketela.

Tesi-lanean bustidura adierazkorra, hizkiak, ezeztapen-markak eta diskurtsoa (erlazio erretorikoak eta diskurtso-egitura) landu dira. Hala ere, balentzia aldatzaile gehiago daude. Denbora irreala beste balentzia aldatzaile bat da. "Irabaz[+2] genezake" aditzaren kasuan, "irabazi"k duen balentzia [+2] izatetik [0] izatera igaroko litzateke, aditzak adierazten duen jarduera ez delako gauzatu.

Euskara hizkuntza bera duzu ikerketa oinarri, badu beste hizkuntzek ez duten berezitasunik?

Inguruko beste hizkuntzekin alderatuz, euskararen berezitasunetako bat bere aberastasun morfologikoa dela esango nuke. Gainera, euskararen berezitasun hori tesi-lanean kontuan hartu beharreko faktore garrantzitsu bat izan da. Izan ere, hizki batzuk balentzia aldatzaile dira eta hitzari hizkiak erantsi ahala, hitzaren balorazioan aldaketak gertatzen dira.

Esaterako, "zehatz" hitza positiboa da baina "zehazgabe" negatibo bilakatzen da. Baina "zehazgabetasun" hitzaren kasuan, negatibotasun hori ahuldu egiten da "-tasun" atzizkiak nolakotasuna adierazten duelako. Halaber, "zehazgabe" hitzera itzuliz, "zehazgabeena" hitzaren formarik negatiboena da eta aldiz, “zehaztuena positiboena.

IXA taldeko ikertzailea zara.

Bai, IXA taldeko ikertzailea naiz. Taldean, batez ere, informatikariak eta hizkuntzalariak gaude eta elkarrekin aritzen gara lanean. Horren urruti daudela diruditen bi jakintza arlo uztartzea oso interesgarria eta aberasgarria iruditzen zait, izan ere, kasu batzuetan, bien ikuspegiak oso ezberdinak dira eta interesgarria izan ohi da besteen ikuspuntua ezagutzea.

Nire ikerketa lana IXA taldearen iker-eremukoa da eta taldearen azpiegiturarik gabe zaila edo zailagoa izango litzateke ikerketan aurrera egitea. Taldean, gramatikaren osagai ezberdinak prozesatzeko tresnak eta baliabideak daude eta horien bidez lortzen diren emaitzak beharrezkoak izan zaizkit ikerketa lana aurrera eramateko.

#txiotesia4-n parte hartu zenuen... Egiten duzuen lan hori gizartean zabaltzeari garrantzia eman behar zaiola uste duzu?

Bai, nire ustez, ezinbestekoa da ikerketan egindako lana gizartean zabaltzea eta #txiotesia4 edota bestelako ekimenak interesgarriak eta beharrezkoak iruditzen zaizkit. Azken batean, ikerkuntza bertan ez dabilen batentzat ez da oso eskuragarria edo zerbait hurbilekoa eta, horregatik, ikerkuntza gizartean zabaltzen indarra jarri behar da.

Zein erronka dituzu epe laburrerako?

Epe laburrerako nire helburu bakarra tesi-txostena idazten amaitu eta aurkeztea da. Aurtengo ikasturtea da nire doktorego-programako azkena eta indarra tesi-lanaren azken aspektuak amaitzen eta tesi-txostena idazten ari naiz jartzen. Gero gerokoak.

 

 

txiotesia,elkarrizketa