Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Joanes Lameirinhas: "Adinekoen hauskortasun egoeran faktore psikologikoek eta sozialek izan dezaketen eragina aldarrikatu da azken hamarkadan"

Dokumentuaren akzioak

Joanes Lameirinhas: "Adinekoen hauskortasun egoeran faktore psikologikoek eta sozialek izan dezaketen eragina aldarrikatu da azken hamarkadan"

2021/05/25 - Unibertsitatea.net
Lameirinhas, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko doktoregaia da eta adinekoen hauskortasun egoera ikertzen ari da tesian.

Joanes Lameirinhas Ortuoste (Elizondo, 1997) UPV/EHUn Psikologian graduatu zen 2019an. Horren ondoren, 2020an, unibertsitate berean “Zahartze Osasuntsua eta Bizi Kalitatea Masterra” burutu zuen. Graduatu zenez geroztik, arlo klinikoan jardun den arren, bereziki ikertzaile lanetan aritu da UPV/EHUn eta Sevillako Unibertsitatean. Egun, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko doktoregaia da eta zahartzaroari heldu dio bere doktoretza tesian.

Psikologian graduatua zara eta tesia egiten ari zara gaur egun.

14 urterekin jadanik oso argi nuen Psikologia ikasi nahi nuela. Txikitatik oso behatzailea izan naiz, giza jokabidearen inguruan dezente hausnartzen nuen, eta lagunen arazo eta gatazkak entzutea ere asko gustatzen zitzaidan. Gauzak horrela, Psikologiako Graduan izen ematea halabeharrezkoa zen. Zehazki, institutuko orientatzaile izateko grinak bultzatu ninduen horretara: gazteei laguntzea edo hausnartzeko bitarteko izatea zen nire ametsa. Haatik, iritzia laster aldatu nuen; izan ere, unibertsitatean hasi bezain laster, nire amama zendu zen, eta gertakari horrek erabat astindu ninduen. Horren eraginez, adineko pertsonekiko nuen ikusmira areagotu zen, eta zahartzaroaren arloan ekarpenak egiteko gogoa piztu zen nigan. Paraleloki, graduan irakasle paregabe batzuk ezagutu nituen, haiekin lankidetzan aritzeko gonbita luzatu zidatenak, eta, ondorioz, ikerketa arloa gertuagotik ezagutzeko aukera izan nuen. Doktoretza egitea aukera bikaina zen zahartzaroaren inguruan gehiago ikertzeko eta nire ekarpenak egiteko, eta, hortaz, ez nuen zalantzarik izan. Atzera begira, irmoki esan dezaket ez naizela nire aukeraketez batere damutzen.

Hauskortasun psikologikoa zahartzaroan. Horixe zure tesiko ikergaia. Zertaz ari zara hauskortasuna aipatzen duzunean?

Hauskortasuna adineko pertsonetan gertaera edo ondorio kaltegarriak (erorketak, gaixotasun eta nahasmendu kronikoak, mugikortasunaren okerragotzea, desgaitasuna, mendekotasuna, ospitalizazioak, heriotza…) pairatzeko arriskua areagotzen duen zaurgarritasun egoera litzateke. Hasiera batean, adinarekin erlazionatutako funtzio fisikoen narriaduraren ondoriotzat hartzen zen. Ikuspegi biomediko hertsi horren aurka, azken hamarkadan, hauskortasunaren ikuspegi biopsikosoziala aldarrikatu da, zaurgarritasun egoera horretan faktore psikologikoek eta sozialek izan dezaketen eragina azpimarratuz. Izan ere, antsietatea, depresioa, bakardadea, gizarte isolamendua eta bestelako aldagai psikosozialak ere desgaitzaileak eta hilgarriak izan daitezke.

Izatez, izaki guztiak gara hauskorrak, zaurgarriak, ustekabeko gertakariek gure bizitza kolokan jar baitezakete edozein momentutan. Haatik, egia da zahartzen goazen heinean hauskortasunaren garapena erraz dezaketen arrisku-faktoreak elkartzeko probabilitatea areagotzen dela. Hori dela eta, hauskortasun kontzeptua zahartzaroaren arloan bakarrik erabili izan da.

Zeintzuk dira hauskortasunean eragiten duten faktore nagusiak?

Hauskortasuna bultza dezaketen arrisku-faktoreak askotarikoak dira. Faktore nabarmenena adina litzateke. Zahartzen goazen heinean gure zelulak pixkanaka endekatu egiten dira, eta, ondorioz, zenbait funtzio fisiko eta mental narriatzeko probabilitatea areagotzen da (horien artean, funtzio muskulueskeletikoa, funtzio immunitarioa, funtzio sentsorialak eta funtzio kognitiboak). Balizko narriadura horiek, adineko pertsonak gaixotasunak, desgaitasuna eta mendekotasuna pairatzeko arrisku handiagoan jartzen ditu; hauskortasun egoeran jartzen ditu, alegia.

Bestalde, zahartzaroan ohikoagoak diren gertakariek ere berebiziko eragina dute hauskortasunaren garapenean: erretiroa, sare soziala murriztea, hurbilekoen heriotza, alarguntzea… Izan ere, gertakari hauek sintomatologia antsioso eta depresiboaren aurrekari izan daitezke, hartara hauskortasuna bizkortuz.

Azkenik, beste aldagai batzuen eragina ere azpimarratu behar da: bizi-estiloak (sedentarismoa, malnutrizioa…), generoa, maila sozioekonomikoa, bizi-baldintzak, gizarte isolamendua, hautemandako babes soziala…

Aipatutako faktore guztiak kontuan hartzea beharrezkoa da hauskortasun egoeran dauden adineko pertsonak identifikatzerako orduan.

Diozunez, ez dago oraindik hauskortasun psikologikoaren definizio adosturik.

Gaur egun hauskortasunaren ikuspegi biopsikosoziala aitortzen eta aldezten den arren, hauskortasunaren dimentsio psikologikoak definizio teoriko eta operazional adosturik gabe jarraitzen du. Autore ezberdinek, beren ikerketetan, egoki uste duten moduan neurtu izan dute hauskortasun psikologikoa, baina, oinarrian, definizio teoriko zehatzik gabe. Autore batzuek, adibidez, soilik alderdi kognitiboa hartu dute kontuan, eta beste batzuek, aldiz, bakarrik gogo-aldartea izan dute ikergai.

Esan daiteke, beraz, ez dagoela hauskortasun psikologikoaren definizio argi eta adosturik. Haatik, definizio bat zehaztea da, hain zuzen, hauskortasunaren ebaluaziorako tresnak garatzeko eta esku-hartze doi eta eraginkorrak gauzatzeko lehen urratsa. Horregatik, doktoretza tesi honen helburuetako bat hauskortasun psikologikoaren definizio teoriko eta operazional bat proposatzea da. Definizio horrek, era berean, integrala izan behar luke, Psikologiaren aztergai diren hiru alderdiak (kognitiboa, emozionala eta jokabidezkoa) barne hartuz.

Hauskortasuna atzemateko ebaluazio-tresna bat euskaraz garatzea da zure beste helburuetako bat.

Hauskortasunak adineko pertsonen populazioan duen prebalentzia altua eta hauengan eragin ditzakeen ondorioak aintzat hartuta, hauskortasun egoeran dauden edo berau garatzeko arriskuan dauden pertsonak antzemateko beharra dago. Horretarako, ezinbestekoa da, funtsean, haren neurketa egokia egiteko aukera ematen duten ebaluazio tresnak izatea.

Egun, ordea, ez dago hauskortasunaren ebaluazioa egiteko aukera ematen duen euskarazko ebaluazio tresnarik; are gehiago, euskarazko ebaluazio tresnen gabezia orokorra da. Ildo horretatik, doktoretza tesi honek behar hori ere ase nahi luke, euskal hiztunen hizkuntza eskubideei erantzuna eman asmoz; izan ere, badaude beste hizkuntza batean komunikatzeko ezgai diren edota beren ama-hizkuntzan ebaluatuak izatea nahiago duten pertsonak. Zoritxarrez, eskubide hori bermatzeak gaur egun oraindik ere erronka bat izaten jarraitzen du.

Gaur egun badago prebentziorako esku-hartze planik?

Hauskortasunaren prebentziorako tradizionalki baliatu izan diren esku-hartzeak ariketa fisikoan oinarritu izan dira, hauskortasun fisikoaren ikuspegiarekiko egon den joeragatik, eta hauskortasun fisikoa prebenitzeko bereziki eraginkorrak direla aurkitu da. Aitzitik, hauskortasun psikologikoari heltzeko esku-hartzeak urriak izan dira eta estimulazio kognitiboan soilik erdiratu dira. Hori dela eta, doktoretza tesi honen beste helburuetako bat da hauskortasun psikologikoa prebenitzeko esku-hartze programa bat diseinatzea, inplementatzea eta ebaluatzea. Hala, diseinatutako esku-hartze hori eraginkorra izango balitz, hauskortasuna bere osotasunean prebenitzeko esku-hartze integral baten modulu bat izan liteke.

Esan behar da, dena den, hauskortasuna prebenitzeko programak ikerketa arloan soilik burutzen direla; hots, programa horiek ez daude osasun sisteman txertatuta. Gogora bedi egun dugun osasun sistemaren izaera nagusiki erreaktiboa dela, prebentiboa beharrean, eta hauskortasuna zaurgarritasun egoera bat “besterik ez” denez –hots, berez gaixotasun bat ez denez–, ez dago berau artatzeko estrategia zehatzik. Hala eta guztiz ere, onartu behar da osasun sistematik eta zenbait elkartetatik hauskortasun egoeraren balizko ondorio batzuk prebenitzeko esku-hartze solteak bultzatzen direla: erorketen prebentzioa, estimulazio kognitiboko eta ariketa fisikoko programak…

Prebentzioaren garrantzia aipatzen duzu, izan ere, hauskortasuna itzulgarria dela diozu.

Adineko pertsona hauskorrak, osasuntsu daudenen eta mendekoak direnen artean kokatzen dira. Hau aintzat hartuz, hauskortasunaren prebentzioa bi mailatan eraman daiteke aurrera, adinekoen osasun egoeraren arabera: (1) Osasuntsu dauden adinekoekin, hauskortasuna gara ez dezaten; eta (2) Hauskortasun egoeran dauden adinekoekin, egoera osasuntsu sendora itzul daitezen edota hauskortasun egoera larriagoa edo mendekotasuna gara ez dezaten.

Aipatutakotik garrantzia berezia du hauskortasunaren balizko itzulgarritasunak. Azken batean, hauskortasuna zaurgarritasun egoera bat denez, itzulgarria izan daiteke, desgaitasuna eta mendekotasuna ez bezala. Hauskortasunaren itzulgarritasuna ikerketa askok frogatu dute. Hala ere, iragate hori faktore askok baldintzatzen dute, eta, hortaz, adineko guztiek ez dute beren osasun egoera alderantzikatzea lortzen. Dena dela, osasun profesionalon helburua beti hori izan behar luke, zahartze osasuntsua sustatu nahi badugu.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Orokorrean, doktoretza tesi honen burutzapenak zailtasun asko ditu, baina, zorionez, nire tesi zuzendariek eskaintzen didaten babesa eta laguntza direla eta, badakit agertzen diren oztopoak agertzen direla, elkarrekin gaindituko ditugula. Erronka handiena, COVID-19ak eragindako osasun krisialdiaren testuinguru honetan, ikerketan parte hartu nahi duten adineko pertsonak lortzea izango da, ezbairik gabe. Bestalde, nire ikerketa proiektua gauzatzeaz gain, irakaskuntza ordu batzuk ere emango ditut hurrengo ikasturtean, eta irakasle gisa lehenengo aldiz jardutea erronka kitzikagarria izango da.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Erronka galanta izan zen, izan ere, hiru urteko proiektu bat sei txiotan laburbiltzea benaz zaila da. Halaber, oso ekimen polita iruditu zitzaidan, ikertzaile euskaldunon jarduna plazaratzeko, elkar ezagutzeko, eta, bide batez, ikerketa eremuan euskararen erabilera hauspotzeko.