Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Jarraitu zuzenean Merkurio eguzkiaren aurretik igaroko den unea

Dokumentuaren akzioak

Jarraitu zuzenean Merkurio eguzkiaren aurretik igaroko den unea

2016/05/05 - Unibertsitatea.net
UPV/EHUk Eguzkia, Merkurio eta Lurra lerrokatuko diren unearen jarraipena eskainiko du datorren maiatzaren 9an.

Datorren astelehenean, maiatzaren 9an, ezohiko gertakizun astronomikoa biziko dugu, hau da, Merkurio planeta eguzkiaren aurretik igaroko da. Gertaera hau, mende bakoitzean, hamahiru aldiz baino ez da gertatzen, bataz beste.

Fenomeno honen harira, Planeta Zientzien Taldeak bi jarduera antolatu ditu Bilboko Ingeniaritza Eskolako EspaZio Gelaren behatokian; izan ere, eguraldi oso ona lagun bada, 13:12tik 20:42ra bitartean izango baita ikusgai fenomenoa Bilbon.

Streaming emanaldia eta behatze kolektiboa

  • Fenomeno astrologikoa zuzeneko streaming bidezko emanaldiaren bidez ikusi ahal izango da, EspaZio Gelaren webgunera konektatuta, horra helbidea: http://www.ehu.eus/aula-espazio/transito_mercurio/
  • Era berean, zuzeneko behatze kolektiboa ere antolatu dute, unibertsitateko kideentzat esklusiboki, eta bertan, eguzkiari behatzeko bereziki egokitutako teleskopioak erabiliko dituzte. 15:00etatik 19:00etara izango da, eta parte hartzeko ezinbestean izena eman behar da aldez aurretik; horretarako, José Félix Rojas (josef.rojas@ehu.es) irakasleari idatzi behar zaio.

Halabaer, fenomenoa beren kontura ikusi nahi dutenek eguzkiari behatzeko bereziki egokitutako teleskopioa erabili beharko dute; izan ere, adituen hitzetan "begi babes egokia izan ezean, ikusmenean eragindako kaltea berehalakoa eta zuzenezina izango da. Horrenbestez, gomendioa da kontu handiz aritzea eta adituen aholkularitza izatea eguzkiari nola behatu jakiteko".