Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itzultze-koefizientea esku pilotan

Dokumentuaren akzioak

Itzultze-koefizientea esku pilotan

2017/10/24 - unibertsitatea.net
Sara Ruiz Gutiérrez-Solanak esku pilotan erabil daitezkeen arauzko hamabi pilota-kategorien arteko aldea kuantifikatu ditu Gradu Amaierako Lanean "measure Dynamics" softwarea erabilita
Itzultze-koefizientea esku pilotan

Sara Ruiz. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Esku pilotan, oraindik ere, eskuz egiten dira pilotak, eta artisau bakoitzak teknika ezberdina erabiltzen du. Berez, ez daude bi pilota berdin. Horregatik, berdin-berdinak ez badira ere antzeko ezaugarriak (masa, diametroa, edo nukleoaren diametroa) dituzten multzotan sailkatzen dira. Pilota bakoitzaren kalitatea ziurtatzeko eta bere multzoko ezaugarriak betetzen dituela ebaluatzeko, federazio bakoitzak erabakitako probak egiten dira.

Aukeraketa hori, orokorrean, pilotaren portaera aztertuta egiten da. Pilotari profesional batek pilota jaurtitzen du eta errebotean zein portaera duen begiratzen du, pilota baliokoa den edo ez erabakitzeko. Metodo "malgu eta subjektibo samarra" Sara Ruiz (Basauri, 1993) Fisikan graduatu berriaren (UPV/EHU) esanetan eta horregatik talkaren elastikotasuna adierazten duen itzultze-koefizientea neurtuta egindako sailkapen-metodoa garatzen saiatu da bere Gradu Amaierako Lanean. Esku pilotan erabil daitezkeen arauzko hamabi pilota-kategorien arteko aldea kuantifikatu du Ruizek "measure Dynamics" softwarea erabilita. "Erakargarria iruditu zitzaidan Fisika egunerokotasun handiko gai bati, kirolari, alegia, aplikatzea" dio.

Ikerlanerako bi esperimentu diseinatu zituen. Lehenengoan, pilota bertikalean jaurti zuten-10 metroko altuerara arte-, erortzen zenean bote bakoitzaren altuera neurtzeko.  Bigarrenean, pilota horizontalean jaurti zuten pilotalekuko frontisaren kontra; pilotak sailkatzeko egin ohi den moduan.  Bilboko Miribillako frontoian egin zituen aipatu probak Bizkaiko Esku Pilota Federakuntzako bi pilotari profesionalen laguntzarekin (Endika Basañezena eta Iker Gardokirena). Inolako efekturik gabe egin zituzten jaurtiketak pilotariek. Jaurtiketak bideoan grabatu eta ondoren "measure Dynamics" programarekin aztertu zuen Ruizek eta jaurtiketaren unean pilota bakoitzak zuen posizioa, abiadura eta azelerazioa lortu zituen.

Probetan egiaztatu zuen jaurtiketa horizontaletan ez zegoela pilotak zuzen sailkatzen lagunduko duen alde nabarmenik itzultze-koefizientean; izan ere, neurketen emaitza frontisaren kontra botatako pilotaren jaurtiketaren hasierako abiaduraren mende zegoen neurri handi batean. Hala ere, metodo hori hobetu daitekeela uste du Ruizek; batetik, abiadura handiko kamera bat erabilita irudiak hartzeko eta, bestetik, pilotak jaurtitzeko makina automatiko bat erabilita jaurtiketaren angelua nahiz abiadura kontrolatu ahal izateko.

Jaurtiketa bertikalarekin lortutako emaitzak, aldiz, argigarriagoak izan ziren. Pilota 3 metroko altuera baino baxuagoan jaurtitzen zenean, itzultze-koefizientearen balioa ia berbera zen. Baina 10 metroko altuerako jaurtiketetan, aldea esanguratsua zen. "Itzultze-koefiziente guztiak alderatzean, adinaren arabera sailkatzeko modua aurkitu nuen pilota-mota bakoitzarentzat (Toke, Mista eta Goxua), eta arauek determinatutako gogortasunaren sailkapena ez zetorren arren bat lortutakoarekin, neurri batean doitzen da".

Ruizen ustez, baliagarria izango litzateke federazioen araudietan itzultze-koefizientearen zenbakizko balioa sartzea masaren, diametroaren eta nukleoaren balioekin batera. "Beste kirol batzuetan askoz ere zehatzagoa da materialari buruzko araudia, eta nire ustez itzultze-koefizientea ere har liteke kontuan esku pilotan".