Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Urizar: "Antzutasuna hobeto ezagutzeko beharrezkoa da ugalkortasunaren mekanismo molekularrak aztertzea"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Urizar: "Antzutasuna hobeto ezagutzeko beharrezkoa da ugalkortasunaren mekanismo molekularrak aztertzea"

2019/05/21 - Unibertsitatea.net
Fisiologian doktorea da Itziar Urizar Arenaza bilbotarra. Doktoretzan hartzaile opioideek giza espermatozoideen ahalmen ugalkorrean duten inplikazioa ikertu du.

Itziar Urizar Arenaza (Bilbo, 1989) Biokimikan Lizentziatua (2012) da eta Ikerketa Biomedikoa Masterra (2013) egin zuen gero. Fisiologian Doktorea (2019) da gaur egun eta bere lana gehiago ezagutzeko elkarrizketatu dugu:

Biokimika ikasi eta masterra egin ostean ekin zenion tesia egiteari.

Betidanik gustatu izan zaizkit natura, animaliak, landareak… eta ikastolan Biologiako irakasleak arlo horrekiko piztu zidan interesagatik erabaki nuen Biokimika egitea. Karrerako lehenengo urteetan laborategiko praktikak izaten genituen baina gehienok oraindik ez genekien zer zen tesi bat egitea. Laugarren mailan, laborategi batean barne ikasle bezala lan egiteko aukera suertatu zitzaidan eta orduan hasi nintzen ikerketaren munduan murgiltzen. Karrera bukatzean eta masterra egin eta gero, ordura arte lan egindako proiektuan sakontzea erabaki nuen, eta horregatik pentsatu nuen tesia egitea eta zientzalari bezala hastea.

Espermatozoideekin egiten duzu lana, zehazki, ugalketa lagunduan espermatozoideen hautaketa hobetuko duen biomarkatzaileak bilatzen.

Tesian zehar egindako lan gehiena zientzia basikoan oinarritu izan da. Horrela, biologian ematen diren mekanismoak deskribatu ditugu jakintza hori etorkizunean lagunduriko ugalketan baliogarria izan dadin. Gaur egun, zenbait proiektutan ari gara lanean eta horietariko bat espermatozoideen hautaketa hobetuko duen biomarkatzaileak bilatzean datza. Bereziki, espermatozoide emankorrenek euren gainazalean adierazten duten proteoman jarri dugu arreta.

Ikerketarekin ugalketa prozesuaren hobekuntzan eragin nahi duzu baina baita antisorgailuen garapenean.

Antzutasun eta ugalkortasun arazoak betidanik kezka mediko eta sozial garrantzitsuak direla onartu bada ere, azken urteotan arazo kliniko esanguratsuan bihurtu dira. Izan ere, mundu osoan zehar adin ugalkorrean dauden bikoteen %15ak pairatzen ditu gutxi gora behera eta normalean, antzutasunaren eragileak faktore maskulinoa (%30) eta femeninoa (%30) dira portzentai berdinean. Gizonezkoaren antzutasunari dagokionez, badaude identifikatutako kausa asko, hala ere, portzentai handi batean arazoaren kausa ulertezina izan daiteke. Hori dela eta, beharrezkoa da ugalkortasunaren mekanismo molekularrak aztertzea antzutasuna hobeto ezagutzeko eta itu terapeutiko berriak garatzeko. Espermatozoideen mekanismo horien ezagutza sakonagoa baliogarria litzateke lagunduriko ugalketan zein antisorgailuen garapenean ere.

Diziplinarteko ikertzaileekin elkarlanean ari zara?

Bai. Normalean tesia egiten duzunean gauza oso konkretu bati buruz ikertzen ematen dituzu laupabost urte. Askotan bakarrik sentitzen zara eta zure emaitzak borobilak ez direla uste duzu. Horri aurre egiteko zure arlokoak ez diren beste ikertzaile batzuekin harreman estua edukitzea nahitaezkoa da, izan ere, uste duguna baino gehiago lagundu ahal diogu elkarri. Nire kasuan, melanoman lanean dabilen talde batekin harremanetan jarri ondoren hainbat minbizitan eta espermatozoideetan elkarbanatzen diren mekanismo molekularrak deskribatu ditugu. Elkarlan horri esker teknika asko erakutsi dizkiogu elkarri baita ikerketa lerro berri bat ireki ere.

Tesia hasi zenueneko galderen erantzunak lortzen hasia zara?

Espermatozoidea gorputzean aurki dezakegun zelularik espezializatuenetarikoa dela badakigu ere, beste zelulek aurkezten ez dituzten mekanismo molekular berezi eta bakarrak dituela ikusi dugu. Egiaztapen hori baliogarria litzateke antzutasun kasuak hobeto ulertzeko zein lagunduriko ugalketan ernalkuntza errazteko. Horrela, soilik gameto arra itutzat duten farmakoak diseinatu ahalko lirateke albo efektuak gutxituz.

Zure ikerketaren berri ematen ikusi zaitugu, Txiotesian ere parte hartu duzu... egiten duzun lan hori gizarteratzea garrantzitsua dela uste duzu?

Noski. Nire ustez oso garrantzitsua da egiten ari zarena gizartaratzea. Ez soilik zientzialarien artean elkarbanatzea, baizik eta familia eta lagunen artean zabaltzea. Askotan kexatzen gara zientzialariok gure profesioa ez delako ezagutzen ezta baloratzen ere. Ezkutaturik bizi gara eta hori aldatu beharra daukagu. Txiotesia bezalako ekintzek horretarako balio dute, era original batean zure egunerokotasunean egiten duzuna erakusteko beste arlo batzuetan lanean ari direnak erakarriz.

Zeintzuk dira eskuartean dituzun erronkak?

Tesia bukatu eta gero, oraindik ere galdera asko geratu zaizkit erantzuteko. Alde batetik, espermatozoideen mekanismo molekularretan gehiago sakondu nahiko nuke. Tesian espermatozoideek adierazten dituzten hartzaile opioideen azpitik induzitzen diren seinaliztapen bidezidor intrazelularrak ikertu ditugu, baina zelula hauek hartzaile mota gehiago dituzte euren gainazalean. Hori dela eta interesgarria litzateke beste hartzaile batzuen azpitik aktibatzen diren mekanismoak berdinak ote diren aztertzea.

txiotesia,elkarrizketa

 

 

 

 

(txiotesia3 eta txiotesia 4)