Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Urizar eta Nerea Osinalde:"Ikerkuntzan harremanak egitea ezinbestekoa da lankidetzak sortzeko"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Urizar eta Nerea Osinalde:"Ikerkuntzan harremanak egitea ezinbestekoa da lankidetzak sortzeko"

2017/04/10 - unibertsitatea.net
Lehenengo IkerGazte kongresuak elkartu zituen Itziar Urizar (Bilbo, 1989) eta Nerea Osinalde (Bergara, 1983). Osinaldek Osasun arloko saria eraman zuen egindako ahozko aurkezpenagatik. Urizar entzuleen artean zegoen. Elkar ezagutu eta lankidetza hasi zuten. Osinalde Biokimikan Lizentziatua eta 2012an Biokimikan Doktorea da (UPV/EHU). Odenseko (Danimarka) SDU unibertsitatean 3 urte eman ondoren (2012-2015) orain Gasteizeko Farmazia Fakultateako Biokimika eta Biologia Molekularra Saileko irakaslea da. Urizar biokimikan lizentziatua (UPV/EHU) da eta Ikerketa Biomedikoa Masterra egin ondoren (UPV/EHU) tesia egiten dabil.
Itziar Urizar eta Nerea Osinalde:"Ikerkuntzan harremanak egitea ezinbestekoa da lankidetzak sortzeko"

Nerea Osinalde eta Itziar Urizar

Zer nolako esperientzia izan zen lehenengo IkerGaztekoa? Zuen kasuan lankidea ere ekarri zizun kongresuak
Itziar Urizar: Egia esan, esperientzia paregabea izan zen niretzat. Alde batetik arlo desberdinetako ikertzaile gazteen lanak ezagutu ahal izan nituelako eta bestetik, zuk esan bezala, lankide eta lagun berria egin nuelako. Nire kasuan oso erraza izan zen Nerearekin kontaktatzea, jende asko elkar ezagutzen genuen eta Ikergazte2015 kongresuan lagun batek aurkeztu gintuen.

Nerea Osinalde: Niretzat ere oso esperientzia aberasgarria eta polita izan zen. Gure esparruko kongresuetara joateko ohitura daukagu gure lana ezagutarazteko, baina Ikergazte kongresuan gure lanarekin inolako erlaziorik ez daukaten ikertzaileekin partekatzeko aukera izan genuen. Horri esker bestela ezagutuko ez genituen ikertzaileak ezagutzeko aukera izan genuen eta zuk esan bezala elkarlan oso interesgarriak hasteko aukera ere. Ni 2015ean, lehenengo Ikergazte kongresua egin zenean, Danimarkan nengoen postodoc-a egiten eta interesgarria iruditu zitzaidan han ikasitako teknikarekin egindako lana euskal ikertzaileekin partekatzea. Ahozko aurkezpena egitea tokatu zitzaidan eta bertan zen Itziar. Nik erabilitako prozedura bere ikerkuntza aurrera ateratzeko baliagarria izan zitekeela esan zidan eta momentu horretan hasi zen oraindik ere martxan den elkarlan oso interesgarria.

Beharrezkoak dira era honetako topaguneak?
I.U:
Noski baietz. Ikerkuntzan harremanak egitea ezinbestekoa da lankidetzak sortzeko eta horretarako besteen lana zertan datzan jakin behar da. Askotan, ondoko laborategiko ikertzaileak zertan dabiltzan ezagutzea ere zaila izaten da. Horregatik, premiazkoa iruditzen zait horrelako ekintzak egitea. Gainera, euskarazko zientziari bultzada emateko bide aparta iruditzen zait.

N.O: Erabat ados nago Itziarrekin. Kalitatezko ikerkuntza egiteko ezinbestekoa da teknika ezberdinak erabiliz zure hipotesia baieztatzea eta ia ezinezkoa da norberak teknika horrek guztiak ezagutzea. Horregatik dira hain garrantzitsuak elkarlanak eta, noski, elkarlan horiek norekin abiatu jakitea. Hori dela eta Ikergazte bezalako topaguneek aukera aparta eskaintzen dute gure ondoan lanean daudenen lanak ezagutzeko eta, ondorioz, egokia izanez gero, beraiekin batera proiekturen bat sortzeko.

Une honetan zertan da zuen lankidetza?
I.U:
 Momentu honetan tesiaren hirugarren urtean ari naiz lanean. Lana giza espermatozoideen GPCR hartzaileen ikasketan datza. Hain zuzen ere, hartzaile opioideek espermatozoideen ahalmen ugalkorrean betetzen duten funtzioa aztertzen dut. Hartzaile hauen azpitik pizten edota itzaltzen diren seinalizazio bidezidor intrazelularrak aztertzeko proteomika teknika erabili nahi genuen eta Nerea honen erabilpenean aditua denez, berarengana jo nuen. Danimarkako University of Southern Denmark zentroan hiru hilabeteko estantzia egin eta gero, bera izan da lortutako emaitzen analisiarekin lagundu didana eta esperimentu berriak proposatu dizkidana. Ez hori bakarrik, beste hainbat ikertzaileekin harremanetan jarri nau.

N.O: Ni momentu honetan Gasteizen ari naiz irakasle eta ikertzaile lanetan. Besteak beste Itziarrekin nabil elkarlanean bere proiektuari lotutako proteomikako esperimentuen diseinuan, emaitzen interpretazioan etab. laguntzen. Izugarri betetzen nau Itziar bezalako ikertzaile bati laguntzea eta Danimarkako egonaldian ikasitako guztia behin Euskal herrira bueltan erabiltzen jarraitzea. Gainera elkarlan honi esker nik ere Danimarkako nire zuzendaria izan zenarekin harreman estuan jarraitzen dut. Itziarrek esan bezala joan den urtean berak 3 hilabete eman baitzituen laborategi horretan eta aurki beste 2 hilabeterako joango da bertara.

Zer azpimarratuko zenuke IkerGazte kongresuaren inguruan?
I.U:
 Denetatik gauza bat azpimarratu behar badut, kongresuan sortzen den giroa azpimarratuko nuke. Kongresu txikia izaterakoan, jende ezaguna joaten da eta oso eroso sentiarazten zaitu horrek. Gainera, tristea bada ere, besteak zure egoera berdinean daudela antzemateak, era batean, lasaitu egiten zaitu. Nire ustez, lanbide gogorra da ikertzailearena eta, askotan, zure egoera berdinean dagoen jendearekin hitz egiteko aukerarik ez baduzu, zaila egiten da aurrera egitea. Horrez gain, denok dakigu ikerkuntzan zure lana ezagutzera emateko hizkuntzak ezinbestekoak direla. Nire kasuan ingelesa izaten da zientziaz ari garenean erabiltzen dudan hizkuntza eta euskaraz egiteko aukera dagoela ikustea benetan pozgarria da. Bukatzeko, pena da aurten Iruñean ospatuko den Ikergazte2017 kongresura joan ezin izatea. Izan ere, orain dela bi urteko kongresuan egindako lankidetza aberasgarriaren ondorioz, berriz Danimarkara joateko aukera suertatu zaidalako.

N.O: Itziarrekin bat nator. Ni aurten ere bertan izango naiz eta espero dut duela bi urte izan zen giro atsegin bera egotea aurten ere. Kongresu txikia izateak eta horrez gain, partaideak leku berean lotan geratzeak partaideen arteko harremana asko errazten du eta arestian aipatu bezala kongresuetako helburu nagusienetako bat nire ustez beste ikertzaileak ezagutzea da. Hortaz, alde horretatik Ikergaztek eskaintzen duen aukera ezin hobea da. Gainera euskarari izugarrizko bultzada ematen diola uste dut. Goi mailako ehunka zientzia ekarpen euskaraz argitaratzea zientzia komunitateari begira eta baita maila beheragokoan dauden ikasleei begira ere oso aberasgarria dela uste dut. Zientzia munduan hizkuntza nagusia ingelesa bada ere, Ikergazte kongresurako partaide guztiek egindako esfortzuak argi erakusten du euskara ere badela zientziaz aritzeko hizkuntza.