Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Mujika: "Kosovoko emakume taldeek erresistentzia zibilean eta bakegintzan paper oso garrantzitsua izan dute"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Mujika: "Kosovoko emakume taldeek erresistentzia zibilean eta bakegintzan paper oso garrantzitsua izan dute"

2019/01/22 - Unibertsitatea.net

Itziar Mujikak (Idiazabal, 1985) Kazetaritza ikasi zuen UPV/EHUn. Nazioarteko Ikasketak masterra egin zuen gero eta baita Genero Ikasketak  Universitat de Barcelonan. Egun UPV/EHUn ari da irakasle Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Ikasketak eta Zuzenbidearen Historia departamentuan. Ikertzailea ere bada Hegoa Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuan.

Kosovoko emakumeak dira zure ikerketako protagonistak.

Kosovoko emakumeak, baina batez ere emakume taldeak. Askotan galdetzen didate zergatik aukeratu nuen gaia baina uste dut neuk ere ez dakidala erantzuten. Haurtzarotik izan dut emakumeek gerretan eta gerra ostean izan dituzten bizipenen, oztopoen eta ondorioen gaineko interesa. Kosovok ere txikitatik deitu dit atentzioa, haurra nintzenetik gogoratzen dut telebistatik ikusi genuen gerra.

Urteek aurrera egin ahala Kazetaritzan lizentziatu nintzen eta gero masterra egin nuen Nazioarteko Ikasketetan (UPV/EHU). Master Amaierako Lanarekin hasi nintzen gai hau lantzen eta ondoren doktoretza tesirako saltoa egin nuen.

Kosovoko emakumeek erresistentzia zibilean eta bakegintzan izan duten papera ikertu duzu.

Bai, hala da. Gerra osteko bake eraikuntza prozesuan izan duten papera aztertzen hasi nintzen lehenengo, baina laster ikusi nuen gerra aurreko egoerarekin zuzenean lotuta zegoela emakumeen gerra osteko parte hartze sozial eta politikoa. Emakumeek parte hartze handia izan zuten independentziaren alde, gerra saihestu nahian eta estatu paralelo bat sortzeko sortu zen indarkeriarik gabeko erresistentzia zibil mugimenduan.

Garai honetan sortu ziren lehendabiziko emakume taldeak baina denbora gutxira topatu zituzten oztopoak. Traba hauek indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilaren irudi nagusia bihurtu zen Kosovoko Liga Demokratikotik etorri ziren, baita Ibrahim Rugova eta honen ingurutik ere. Hauen helburu nagusia independentzia zen eta emakume taldeek emakumeen eskubideen defentsa jarri nahi zuten prozesuaren erdigunean. Talka sortu zen.

Denbora gutxian emakume taldeak (guztira 11 talde 1989-1999 biartean) mugimendu honen zirkulu ofizialetatik kanpo antolatu ziren eta beraien lanaren erdigunean emakumeen eskubideen defentsa kokatu zuten. Honek ez du esan nahi erresistentzia mugimenduan egon ez zirenik. Indarkeria maila oso altua zen eta indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilak bizirauteko gutxienekoak eskaini behar izan zituen: jatekoa, osasun zerbitzuak, eskolak... Emakume taldeek hezkuntzan eta osasunean zentratu zuten beraien lana hasieran baina laster hasi ziren emakumeen aurkako indarkeriak dokumentatzen eta gatazkaren nazioartekotzean parte hartzen.

Gerraren lehertzeak, NATOren esku-hartze militarrak eta Nazio Batuen Erakundearen Kosovo Misioaren (NBEKM) hasierak garai berri baten hasiera suposatu zuen lurraldean. Garai berri honek emakume aktibistek zein emakume taldeek nahitaez Misioaren baitan funtzionatu behar zutela ekarri zuen.

Bosnia Herzegovinan lauzpabost urte lehenago gertatutakoak eta gatazkak eragindako genero inpaktuek nazioartea alertan jarri zuen eta gerra amaitzean diru andana eskaini zen emakumeen eskubideen defentsa eta gizon eta emakumeen eskubideen berdintasuna sustatzeko. Ondorioz epe laburrean ehundaka emakume talde sortu ziren, asko esperientziarik gabeak. Bien bitartean beraien parte-hartze soziala eta politikoa genero rol tradizionalak jarraitzen zituen: oso parte hartze eskasa, batez ere landa eremuetan.

Emakumeek beraien jardun soziopolitikoaren bazterketaren aurrean erantzun egin dutela eta erresistentzia dinamikak garatu dituztela diozu.

Bai. Erresistentzia dinamikak modu zabalean ulertuta hainbat jarri dituzte abian. Emakume taldeak gerra osteko lehen egunetik hasi ziren elkartzen, gerra aurretik elkartzen ziren taldeak eta gerra ondoren sortu zirenak, denak elkarrekin. Hauek, Kosovo Women’s Network sortu zuten.

Hala ere, emakume taldeek uko egin zioten ofizialki inskribatzeari, harik eta talde edo erakundeen benetako sortze urtea jartzeko aukera izan arte. Izan ere NBEKM-k tokiko erakundeen inskribatze data 1999tik aurrerakotzat hartzen zuen, ordura arte erakunderik egon ez bailitzan. Honek ofizialki NBEKMrekin lan egiteko aukerak itxi zizkien eta ia finantzaziorik gabe jardun zuten.

Kosovo Women's Network (KWN) emakume taldeak egindako lana aipatzen duzu bereziki.

Bai, emakume talde sare honetan zentratu dut nire analisia tesian. Gerra aurretik indarkeriarik gabeko erresistentzia zibilaren mugimenduaren baitan zeuden aktibistek eta independenteki jardundakoek eratu zuten. Lurraldeko emakume talde guztiak elkartzeko helburuarekin sortu zuten, jatorri etnikoaren zein bestelako harresien gainetik.

Emakumeak eta beraien eskaerak bake negoziazioetan egotea defendatu duen aktore nagusiena izan da: emakumeen parte hartze sozial eta politikoa sustatzeko lanean dihardu, emakumeen aurkako indarkeriaren dokumentazioan, salaketa zein prebentzio neurriak bultzatzen...

Gerra ostean nazioarteko misioek egindako lanekin oso kritikoa izan da, baita tokiko elite politikoek hartutako erabakiekin ere. Bakegintzan, adibidez, nazioarteko agentzietatik bultzatutako adiskidetze dinamikei ere bestelako sakontasun bat eman die. Adiskidetze programetan parte hartzeko diru-laguntzei uko egin zien eta hala ere gerra ostean serbiar zein albaniar jatorriko herritarrak batzea lortu zuten serbiar jatorriko mutil gor bati audifonoak erosteko dirua biltzeko. Aktibista ezagun batek dioen moduan: “gure baldintzekin, gure iniziatibaz eta garaia zela sentitu genuenean”. Nazioarteko agentziek lortu ez zutena lortu zuten.

Zein da Kosovoko emakumeek aurretik dituzten erronka nagusiak?

Gizarte patriarkalean beste edozein emakumek dituenaren antzekoak, lurralde horren egoera politiko eta sozialak eragindakoak. Bertako komunitate etniko guztien ezaugarri nagusienetakoa da kultura eta dominazio patriarkala. Honi langabezia maila altua gehitu behar zaio, emakume oso gutxik egiten dute lan etxetik kanpo. Emakumeen aurkako indarkeria oso altua da eta hezkuntza maila ere gizonezkoena baino baxuagoa, batez ere landa eremuetan.

Eremu politikoan bada beste erronka nagusi bat: gerra garaian indarkeria sexuala sufritu zuten emakumeen eskubideen aldeko borroka. Gaurkotasuneko gaia da han, batez ere tabua izan delako 1999tik. 2012an entzuten hasi den gaia da, indarkeria sexualaren inguruan dauden sinesmen eta ulermen kulturalek sortutako estigma dela eta. Izan ere gaia salatzeko ahotsa altxatu zuten emakume asko kanporatu zituzten familia eta komunitateetatik. Ikerketen arabera, indarkeria sexualaren 20.000 biktima inguru daude. Oso zaila da zenbateko zehatza jakitea, gehienek gertatutakoa ez dutelako kontatu eta beste asko hilda daudelako.

KWNk urteetan zehar egin du isilpeko lan haundia indarkeria hau sufritu duten emakumeei laguntzen. Bospasei urte da gerrako biktimen legedia negoziatzen hasi zirela, pertsona hauek gerra biktimatzat identifikatzeko, baina alderdi politiko gehienek ezetz erantzun zuten.

Bi kanpaina nagusi hasi ziren orduan, bizirik dirauten pertsona hauen onarpenera bideratutakoa eta indarkeria mota hau ezagutzera ematekoa. Horretarako besteak beste Mendoj për ty (zugan pentsatzen, albanieraz) kanpaina egin zuten. Bertan, lurralde osoan bildutako 5.000 gona eta soineko inguru zintzilikatu zituzten Pristinako futbol estadioan. Garai beretsuan, Heroinat (emakume heroiak) eskultura inauguratu zuten hiriburuaren erdigunean.

Prozesu politiko eztabaidatsu baten ostean pertsona hauek gerrako biktimatzat hartzea onartu zen. Honek pentsio bat izateko aukera ematen die, baita osasun zerbitzuetarako sarbidea. Hala ere estigmak jarraitzen du eta gutxi dira salaketa jarri dutenak.

#txiotesia lehiaketan izan genuen zure ikerketaren berri. Zer-nolako erronka iruditu zitzaizun?

Erronka bikaina! Ez da erreza inondik inora txio gutxi batzuetan doktoretza tesi bat laburtzea. Eta ikerketa norberarena izanda, are gutxiago. Baina azken finean #txiotesia lehiaketak eskatzen duena ikasketa prozesu bat ere bada, eta beraz, aberasgarria izan zen zentzu guztietan.

Ze asmo dituzu aurrera begira?

Egiten dudana egiten jarraitzea. Kosovori begira jarraitzen dut eta ahal dudan guztietan hara joaten. Bake eraikuntza prozesua arrakalaz beterik dago, komunitate etniko desberdinen arteko erlazioak ez dira egunerokotasunean ikusgarriak, eta Pristina eta Belgrade arteko negoziazioetan lurraldearentzat zein Balkanetako erregioarentzat ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen agertokiak planteatzen ari dira.

Aspaldi utzi zion nazioarteak Kosovo edo Balkanei begiratzeari, baina egun batetik bestera nazioarteko agertokian jar dezaketen eskenatokiak planteatzen ari dira Europar Batasuna eta Serbia eta Kosovoko egungo agintariak.

txiotesia,elkarrizketa