Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Gonzalez Moro: "1 motako diabetesaren garapenean lncRNA geneek duten funtzioa aztertzen ari gara"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Gonzalez Moro: "1 motako diabetesaren garapenean lncRNA geneek duten funtzioa aztertzen ari gara"

2022/06/09 - Unibertsitatea.net

Itziar Gonzalez Moro (1995, Bilbo), Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatu zen. Biomedikuntza masterra egin zuen gero eta 2018ko urritik dabil doktoretza tesiarekin, UPV/EHUn. Urtebete baino gutxiagoa tesia aurkeztea da helburua.

Biokimika eta Biologia Molekularrean graduatu zinen eta ikerketarako pausoak eman zenituen.

Txikitatik argi neukan ikerkuntzan lan egin nahi nuela. 16 urte nituela nire etorkizunari begira, biologiaren alorra aukeratu nuen. Betidanik izan dut buruan laborategi batean lan egitea; izan ere, nahiko ipurtarina naiz. Egunero ordenagailu baten aurrean 8 orduz egotea ez zegoen nire ideien artean; mugimenduan egotea dut gustuko. Batxilergoan nengoela izan nuen nire lehenengo aukera biologia ikasteko eta berehala harrapatu ninduen. Hortik aurrera Biokimika eta Biologia Molekularraren gradua egitea izan zen nire helburu nagusia. Eta lortu nuen!

Graduan zehar informazio ugari ikasi nuen eta konturatu nintzen biokimikaren mundua nik pentsa baino askoz zabalagoa zela. Hala ere, teoria asko irakasten ziguten baina nik eskuak saltsan jarri nahi nituen lehenbailehen. Orain doktoretza egiten nabilela konturatu naiz zientzialari izateaz harro nagoela. Asko dago oraindik ikertzeko eta erronka horrek mugitzen gaitu.


1 motako diabetesean gene mota konkretu batzuk duten eragina aztertu duzu.

Galdera hau nire senide eta lagunek egiten didate eta erantzutea ez da dirudien erraza. RNA luze ez-kodetzaileak ikertzen ditut, lncRNA ingelesez. Tesia hasi aurretik ia ez neukan molekula hauen berri baina interesagarriak iruditu zitzaizkidan eta hauen inguruan ikertzera jo nuen.

Betidanik ikasi dugu gure genoman geneak daudela, proteinak sortzen dituztela eta gure oinarria direla. Gainera, gaixotasun genetikoen inguruan hitz egiten denean, gene zehatz batean mutazio bat topatu dela esaten da. Hau egia den arren, gure genoma osoaren %2a baino  ez dira gene kodetzaile hauek! Gainerako %98ak ere funtzioren bat izan behar zuelakoan, gene ez-kodetzaileak agertu ziren. Izan ere, gene hauek ez dute proteinarik sortzen eta euren funtzio nagusia erregulazioan datza. Beraz, gure gorputzak ondo funtzionatu dezan ez da nahikoa gene kodetzaileak ezagutzea, gene ez-kodetzaileek ere berebiziko garrantzia dute gure ongizatea mantentzen. Ez-kodetzaile hauen artean lncRNA deritzon geneak aurkitzen dira besteak beste.

Momentuz ez daukagu informazio askorik lncRNA hauen inguruan, esan bezala berriki aurkitu direlako. Hala eta guztiz ere, ezinbestekoak dira izaki guztietan eta ikertzea erronka polita da. Gainera, 1 motako diabetesari loturiko lncRNAk aztertzen ari naiz eta horrek ere datu berriak lortzera bultzatzen nau.

Infekzio birala simulatu duzue gene hauek eritasunean izan dezaketen eragina frogatzeko.

Esan bezala 1 motako diabetesarekin nabil lanean. Gaixotasun hau autoimmune konplexua da. Zer esan nahi duen laburki azalduko dizuet hobeto ulertzeko. Gure pankrean β-zelulak daude, eta hauek intsulina sortzeaz arduratzen den glukosa gure gorputz osora iristea ahalbidetzen du. Jakina da 1 motako diabetesa pairatzen duten pertsonetan arriskurako genetika daukatela. Konplexua da, ez dagoelako gaixotasuna sortzea eragiten duen mutazio zehatz bat; mutazio desberdinek eragin eta ondorio ezberdinak dakarte gaixotasuna pairatzeko eran.

Arriskurako genetika izatea nahikoa ez dela dakigu orain. Izan ere, ikusi da nola infekzio biral konkretu batzuek erantzun autoimmunea sortarazten dutela. Honek esan nahi du pertsona horren zelulek pankreako β-zelulak suntsitzen dituztela arrotzak izango balira bezala. Honela, ez da pankreako β-zelularik bizirik geratzen, eta gaixoak ezin izango du intsulina sortu.

Hau guztia esanda, birusek gaixotasun honen sorreran daukaten zeregina ikertzea gure interesen artean sartu zen.

Zer erakutsi dute emaitzek?

Emaitzak ugariak dira eta benetan interesgarriak. 1 motako diabetesaren garapenean eragina duten duten zenbait lncRNA aurkitu ditugu. Gene hauek duten funtzioa argitzen ari gara eta gaixotasunarekin duten lotura topatzen.

1 motako diabetesean IncRNA geneek eragina izan dezaketela jakinda, zein da hurrengo pausoa?

Gure laborategian "ikerkuntza basikoa" deitzen dena egiten dugu. Gure helburua lncRNA hauek egiten dutena aurkitzean datza eta gure kasuan gaixotasunarekin elkartzea. Lortzen dugun informazio guztia publikatu egiten dugu beste ikertzaileek ere gure emaitzen berri izateko eta ikertzen jarraitzeko. Farmakologia industrian bideratutako terapia egiten ari dira, farmakoa molekula zehatz batera bideratuz. Etorkizuna izan dezakete terapia hauek baina horretarako ikerketa basikoaren beharra daukagu.

Zer suposatuko luke gene konkretu hauek eritasunean duten eragin zehatza ezagutzeak?

Informazio guztia da baliagarria eta zenbat eta gehiago izan hobeto. Esan bezala, eritasun hau sendatzea edo gutxienez gaixoen bizi-kalitatea hobetzea da helburua. Lortzeko gure gorputzak nola funtzionatzen duen jakin behar dugu eta ez da zerbait makala. Gene konkretu batek zer nolako zeregina duen jakiteak gaixotasunaren inguruan daukagun informazioa osatzen laguntzen du, sendagaia aurkitzeko ezinbestekoa dena.

Zein erronka dituzu eskuartean?

Doktoretzaren azkenengo urtean nabil. Oraintxe pare bat artikulu idazten nabil bi lncRNA desberdinen funtzionamendua deskribatzen dutenak. Gainera, uda honetan 3 hilabete pasako ditut Bruselako laborategi batean. Lan askotako momentu batean nabil baina oso gogotsu nabil hauek burutzeko.

Txiotesian parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia izan zen?

Ekimen oso polita iruditzen zait eta aukera ematen digu tesia egiten ari diren beste ikertzaileek egiten ari direna ezagutzeko. Txio horietatik ikerkuntzarekin aurrera egiteko ideia ugari sortzen dira.


txiotesia,elkarrizketa