Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Garate: "Nire laborategia Artizarra bera da"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Garate: "Nire laborategia Artizarra bera da"

2014/10/02 - Unibertsitatea.net
Itziar Garate fisikaria Artizarraren Hego-poloko zurrunbiloak aztertzen ari da bere doktorego-tesian. Elkarrizketatu egin dugu.

Itziar Garate (Zarautz, Gipuzkoa, 1986) Fisikan lizentziatua da. UPV/EHUn hasi zituen ikasketak baina Tenerifeko Universidad de La Lagunan amaitu zituen, bertan burutu baitzuen Astrofisikako espezialitatea. Gerora, Bilbon, Espazioko Zientzia eta Teknologia masterra egin zuen eta egun, "Artizarraren Hego-poloko zurrunbiloaren dinamika" doktorego-tesia amaitzear dago. Berarekin hitz egiteko abagunea izan dugu eta bere lanaren inguruko xehetasun ugari azaldu dizkigu.

 

Zure ikerketa Artizarrari lotuta dago... Noiz hasi zinen zeruari beste begi batzuekin begiratzen?

Astrofisikako espezialitatea ikasten ari nintzela Tenerifen. Pare bat alditan Izañako behatokira igo gintuzten bertako teleskopio txikiekin praktikak egitera. Lehenengo gauean teleskopioak irekitzeko hezetasun gehiegi zegoen, baino hodeirik ez, eta gutako batzuk lurrean etzan eta zerura begira jarri ginen. Han ikusi nuen lehenengo aldiz Esne Bidea (gure galaxia) begi hutsez. Edo behintzat, han antzeman nuen lehenengo aldiz. Izaña 2.400 metroko altueran dago eta inguruan ez du argi-kutsadurarik, beraz, ikus daitezkeen izar eta objektu zerutiar kopurua eta zeruaren garbitasuna ikaragarriak dira. Txundituta geratu nintzen.

Artizarraren Hego-poloko zurrunbiloaren morfologia eta dinamika da zehazki zure ikergaia. Horretarako ezinbestekoak dituzu Venus Express espazio-zundaren VIRTIS instrumentuak ematen dizkizun datuak. Kokatzeko... noiztik dago Venus Express espazioan eta zein da bere egitekoa? Eta zeintzuk dira VIRTISek zehazki ematen dituen datuak?

Venus Express espazio-ontzia 2006ko apirilan iritsi zen Artizarrera. Orduztik gaur arte, planetaren gainazala eta atmosfera ikertzen aritu da. bere helburu nagusietako bat Artizarraren atmosferaren dinamika, egitura eta konposizio kimikoa aztertzea da. Baita hodei geruzak, gainazalaren ezaugarriak eta planetaren geologia xehetasunez ikertzea edota Artizarraren inguruko plasma eta espazioranzko jarioak arakatzea.

VIRTIS instrumentua irudi-espektrometro bat da. Hau da, espektro elektromagnetikoaren tarte batean (0,3 – 5,1 mikrometroko uhin-luzeren artean, argi ikusgaian eta infragorriaren zati batean) planetak igortzen duen erradiazioa neurtzen duen instrumentua. Neurketa, gainera, Artizarreko posizio jakin batean soilik izan beharrean, milaka kilometrotako zonalde batean egiten du, eta horrek, une berean bi motatako informazioa jasotzen duela esan nahi du. Batetik, planetan zehar uhin-luzera bakarreko erradiazioa leku batetik bestera nola aldatzen den (zuri-beltzeko irudi bat emanik). Eta bestetik, uhin-luzera tarte osoan planetaren puntu bakar batek igortzen duen erradiazioa zein den (espektru bat emanik).

Zure eguneroko ikerketa lanaren errutina nola deskribatuko zenuke?

Atmosfera planetarioen baldintza eta tamainak ezin dira laborategi batean erreproduzitu. Artizarrean dauden tenperatura eta presio aldaketak kutxa baten barruan sortzea ezinezkoa da, eta atmosferen mugimenduak eskala planetarioak dituzten uhin eta fenomenoek gidatutakoak dira. Hortaz, nire laborategia Artizarra bera da. Hala ere, nik ezin ditut hango baldintzak aldatu, ezta nahi dudan unean nahi dudan lekura begiratu ere. Izan ere, Venus Express-ek ibilbide zehatz bat jarraitzen du espazioan zehar gal ez dadin. Espazio-ontziak bidaltzen dizkigun datu mota eta kopuruekin ahal dugun zientzia egin behar dugu.

Adibidez, VIRTIS instrumentuak ematen dizkidan irudi eta espektruak erabilita, airearen abiadura ondorioztatzea erraza da. Ordubeteko tartearekin hartutako bi irudi alderatuz, hodeiak nola eta zenbat mugitu diren neurtu, eta ondoren, distantzia denboraz zatituz, abiadura lortzen dugu. Gero, informazio horrekin eta fluidoen mekanikaren ekuazioak erabiliz, airearen beste magnitude batzuk kalkulatu ditzakegu. Horretarako, Photoshop eta Excell bezelako programa ezagunak erabiltzen baditugu ere, guk geuk sortu eta idatzi behar ditugun programa informatiko konplexuak ezinbestekoak dira.

Beraz, eguna Artizarraren Hego-poloko zurrunbiloaren irudiei begira eta programazio-lengoaian murgilduta ematen dut.

VIRTISek emandako datuek dagoneko Artizarrak gordetzen dituen sekreturen bat argitzen hasteko aukera eman dizute: Artizarraren poloetako hurakan itxurako zurrunbilo erraldoiak planetaren atmosfera planeta bera baino 60 aldiz azkarrago mugitzeak eragiten dituela, edo Hego-poloko zurrunbiloaren abiadura eta airearen tenperatura ere kalkulatu dituzu. Datu hauek zer suposatu dute zure ikerketan?

Atmosfera planeta bera baino 60 aldiz azkarrago mugitzen da ekuatorearen gainetik 60 kilometrotara. Poloetara hurbiltzen garen heinean aireak gero eta ibilbide txikiagoa burutu behar du planetaren inguruan, eta beraz ez da harritzekoa poloetan hodeiak kiribiltzea, hurakan itxurako zurrunbiloak sortuz. Hala ere, oraindik ez dago guztiz argi atmosferaren super-errotazioa den Hego-poloko zurrunbiloa mantentzen duen fenomeno bakarra. Laguntzen du, hori bai, baina bera bakarrik ez da nahikoa zurrunbiloak dituen aldaketa azkar eta bortitzak azaltzeko.

Dinamikaren ikerketan bada magnitude berezi bat, bortizitate potentziala, aire zati jakin bat jarraitzea ahalbidetzen duena eta zientzialariontzat oso erabilgarria dena. Magnitude hau kalkulatzeko, interesatzen zaigun zonaldean aireak duen abiadura eta tenperatura ezagutu behar ditugu lehenik. Behin bortizitate potentziala dugula, atmosferaren zirkulazioa simulatzen duten ordenagailuzko ereduez baliatuz, irudietan ikusten den hodei-egitura erreproduzitzen saiatzen gara. Lortuz gero, egituraren itxura-aldaketak eta mugimenduak azaltzeko gai izango ginateke.

Nik, duela gutxi, Hego-poloko zurrunbiloaren bortizitate potentziala kalkulatzea lortu dut, eta bere sekretuak argitzetik gertuago nago orain.

Badago ikerketan zehar deskubritzea gustatuko litzaizukeen zerbait konkretua?

Zurrunbiloa nola sortu zen eta zerk mantentzen duen hain aktibo. Zergatik aldatzen duen itxuraz egun batetik bestera, baina inoiz desegin gabe. Izatez, 20 kilometrotako altuera du egitura honek, goiko eta beheko zatiak horizontalean bananduta daudelarik. Hau da, goiko hodei-egitura ez dago zehatz-mehatz behekoaren gainean, aldenduta baizik. Bihurritutako hodi baten moduko zerbait izango litzateke. Hasiera batean behintzat, apurtzeko oso erraza dirudien zerbait. Baina, guk dakigula, ez da inoiz apurtu. Eta hala ere, egunero, bai goian eta bai behean, itxura ezberdina du. Nolatan? Nola izan daiteke hain aldakorra eta era berean hain iraunkorra?

Zeruak gordetzen dituen misterio edo sekretuak ezagutzera iritsiko gara?

Asko bai, baina ez denak. Zientziaren gauza erakargarrienetako bat, nire ustez, galdera batzuk erantzuten saiatzen ari zaren bitartean beste galdera asko sortzen direla da. Jakinmina ez da inoiz bukatzen. Unibertsoa oso zabala da, eta ez dugu zati txiki bat besterik ezagutzen. 100 mila milioi galaxia existitzen direla uste da eta bakoitzean 100 mila milioi izar daude. Eguzkiaren inguruan biraka dauden zortzi planeten sekretu guztiak ezagutzen ez ditugula kontuan hartuta, bide luzea geratzen zaigu oraindik.

Euskal Herriko zeruak badu bereizgarririk?


Zeru onenak leku altu eta bakartietan daude. Euskal Herrian mendi nahiko ditugu, eta ez dugu hiri erraldoirik. Beraz, erraza da zerua behatzeko toki on bat topatzea. Izatez, ez oso urruti, frantziar pirineoko Pic du Midi-n, Isabatik 200 bat kilometrotara, bada behatoki profesional bat. Gu, UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldea, behin baino gehiagotan joan gara hara Eguzki Sistemako planeta ezberdinak behatzera.

Horrez gain, guk badugu 50 zentimetroko diametroa duen teleskopio txiki bat Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan, eta argiaren kutsadura gutxitzen duten filtroak erabilita, galaxia eta nebulosa askoren irudi paregabeak lortu ditugu. Kalitatea ez da Kanariar edo Hawaiko uharteetako teleskopioena bezalakoa, baina hiriko erdigunetik hartutakoak izateko, ez daude batere gaizki. Gaur egun, ia edonondik beha daiteke zerua, neurri batean behintzat.

Azkenik, epe laburrean, zerura begira ikertzen jarraitzeko asmoa duzu edo bestelako ikergai edo proiektuak dituzu esku artean?

Epe laburrean, Artizarreko Hego-poloko zurrunbiloarekin jarraituko dut lanean, gutxienez doktoretza amaitu arte. Ondoren, zerura begira jarraitzeko asmoa dut bai, beti ere atmosfera planetarioen arloan. Baina, krisia eta murrizketak direla eta, ikertzaileok gero eta aukera gutxiago ditugu gurean, eta ziurrenik atzerrira joan beharko naiz lanera eta horrek nire ikerketa gaia aldatzea ekar lezake. Agian Herbereetara joango naiz, Europako Espazio Agentziak bertan duen egoitzara, duela urtebete hilabete batzutako egonaldia egin bainuen han. Aukera izanez gero, ordea, Bilbon geratzea nahiago nuke, Artizarraren atmosfera ikertzen jarraitzeko.

txiotesia,elkarrizketa