Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Eseberri: "Obesitatea egungo osasun-arazo larrienetarikoa da, mundu mailan milioika pertsonari eragiten dion gaixotasuna"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Eseberri: "Obesitatea egungo osasun-arazo larrienetarikoa da, mundu mailan milioika pertsonari eragiten dion gaixotasuna"

2020/06/30 - Unibertsitatea.net
2019an defendatu zuen Doktorego Tesia eta 2017tik, UPV/EHUko Farmazia Fakultatean Nutrizioa eta Bromatologia saileko irakaslea da.

Itziar Eseberri Baracek (Iruñea, 1987) UPV/EHUko Gasteizeko Farmazia Fakultatean Giza elikadura eta dietetikako diplomatura ikasi eta bertan egin zuen Nutrizioa eta Osasuna masterra. Ondoren, Bartzelonako Unibertsitatean (UB) Nutrició i metabolisme masterra ikasi zuen, eta master amaierako lana egiteko Farmazia Fakultatera bueltatu zen, Nutrizioa eta obesitatea ikertaldera. Bertan egin zuen 2019an defendatutako Doktorego Tesia. 2017. urtetik, Farmazia Fakultatean Nutrizioa eta Bromatologia saileko irakasle bezala ere badabil.

Giza elikadura eta Dietetikaren bideari ekin eta ikerketaren munduan amaitu zenuen gero.

Osasun zientzietako ikasketak burutuko nituela argi nuen gaztetatik, betidanik gustatu izan zaizkit giza gorputzaren funtzionamendua eta medikuntza-kontuak… ama eta izeba bezala erizaina izango nintzela uste zuten, ni barne... baina batxilergoko 2. mailan nutrienteen gaia jorratzen ari ginela interesa piztu zitzaidan, nutrizioa eta osasunaren arteko harremana ere oso interesgarria zela zirudien… eta azkenik nutrizioa ikastera jo nuen.

Bestetik, ez nuen inolaz ere hasieratik pentsatu ikerketan murgilduko nintzenik… kasualitate hutsa izan zen; elikagaien mikrobiologiako irakasgaian bakterio batek ezohiko sindrome bat eragiten zuela ikasten ari ginen eta justu nire herrian bi pertsonek sindrome hori pairatua zuten berriki. Ni erantzunen bila hasi nintzen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan… ez du inolako zerikusirik nutrizioarekin!! baina nolabait, hor hasi nintzen ikerkuntzaren aukera kontsideratzen.

Tesian, obesitatearen tratamenduan lagunduko duten molekula bioaktiboen bila ibili zarela esan daiteke.

Dakigunez, obesitatea egungo osasun-arazo larrienetarikoa da, mundu mailan milioika pertsonari eragiten dion gaixotasuna. Obesitatearen prebalentzia tasen gorakada izugarri hau faktore askorengatikoa da: gure elikadura-patroiak okerrera egin du (elikagai freskoak baztertu, azukre eta gantz askoko produktu ultraprozesatu gehiegi hartu, etab.) eta gainera geroz eta bizitza “patxadazaleagoa” daramagu (eguneroko jarduera fisikoa geroz eta gutxiago…). Gainera, obesitatea geroz eta lehenago ematen ari da haur eta nerabeen artean, helduaroan obesitatea bera eta haren koerikortasun larriak pairatzera kondenatuz… arazo benetan larria da.

Nutrizionistek elikadura-patroi osasungarriaren sustapena eta dieta hipokalorikoak erabiltzen dituzte gorputzeko gantza murrizteko (ez dezagun ahaztu obesitatea gehiegizko gantz-metaketa dela, ez gehiegizko pisua bera), jarduera fisikoaren handipen batekin batera… ni ere estrategia horren aldekoa naiz, baina egia da askotan abordatze horien arrakasta tasak baxuak izaten direla. Horregatik, argaltze-prozesuan lagundu diezaguketen beste aukera batzuk aintzat hartzea, guztiz interesgarria izan daiteke. Hori bai, argi geratu behar da molekula bioaktiboak beti ere laguntzaile bezala ulertu behar ditugula, inoiz ez molekula miragarri bezala… zoritxarrez agian, gauzak ez dira horren errazak!!

Landare jatorriko elikagaietan aurkitzen diren molekula bioaktibo biren eragina ikertu duzu: Erresberatrolak eta Kertzetinak.

Bai, bi molekula hauen bioaktibitatea nahiko ikertua izan da azken urteetan, bai obesitatean eta bai beste patologien tratamenduan ere. Izan ere, erresberatrolaren jatorria gaixotasun kardiobaskularretan izan zezakeen efektuan dago, 90. hamarkadan “Frantses-paradoxa” moduan deskribatu zenari esker. 10 urte lehenago eginiko ikerketa batean, Frantziako zenbait eskualdetan, beste herrialde batzuekin alderatuz, gantz ase askoko dietak jarraitu arren, gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia baxua zela behatu zen. Ezohikoa zirudien obserbazio horri erantzuna emango zionaren bilaketan, ardo beltzarekin topatu ziren, haren kontsumoaren eta gaixotasun kardiobaskularren prebalentziaren arteko alderantzizko harremana zehaztuz. Efektu horien erantzule izan zitezkeen molekulen bilaketan, erresberatrola aurkitu zuten, ardoan kantitate altuetan aurkitzen baitzen.

Erresberatrola eta kertzetina landareek estresari (erradiazio ultramorea edo onddo, bakterio eta birusek eragindakoa, kasu) aurre egiteko sintetizatzen dituzten konposatu fenolikoak (polifenolak ere deituak) dira, eta hortaz, landare-jatorriko elikagaietan aurkitu daitezke. Erresberatrola, batez ere, mahatsean eta eratorritako edarietan, kakahuetean eta baia motako fruituetan aurkitzen da. Kertzetina aldiz sagarrean, tipulan, brokolian, tean, etab.

Konposatu fenolikoak, beste molekula eta nutriente batzuk bezala antioxidatzaileak dira, eta gure organismoan onura asko eragin ditzakete, tamalez gaur egun oso ohikoak diren gaixotasun kronikoetan: diabetesa, gaixotasun kardiobaskularra, minbizia… oso argi eduki behar dugu gaixotasun larri hauek ekiditeko, oso lagungarria dela egunero landare-jatorriko elikagaiak hartzea, besteak beste fruta eta barazkiak. Gaixotasunen garapenean faktore askok eragiten badute ere, molekula bioaktiboek gaitz hauek ekiditen lagunduko digute.

Elikagai hauek digeritzean, gure organismoak, metabolitoetan bilakatzen ditu molekula bioaktibo hauek. Metabolito hauek dira gantz pilaketan eragingo dutenak.

Erresberatrola eta kertzetina, polifenolak oro har, konjugazio erreakzioak jasaten dituzte absorbatuak izan ondoren, haien solubilitatea handitu eta behazuna eta gernuaren bidez kanporatuak izan daitezen. Hori dela eta, ehun eta organoetara jatorrizko molekulen kantitate oso txikiak iritsiko dira. Konjugazio erreakzio horiek molekulen egitura kimikoa eraldatzen dute, eta hori dela eta, haien bioaktibitatearen muga izan zitekeelakoan egon dira ikertzaileak urteetan zehar, ikerketa asko haien metabolizazioa gutxitzean zentratu direlarik. Aldiz, beste ikerlan batzuetan, Doktorego Tesi honek biltzen dituenetan bezala, eratutako metabolitoen bioaktibitatea konprobatu nahi izan da, eta hauek ere jatorrizko konposatuek eragindako efektu onuragarriak eragin ditzaketela ikusi da, horien artean adipozitoen gantz pilaketarengan dituztenak.

Gantz ehuneko zelulak molekula bakoitzarekin tratatu eta gantz pilaketan duen eragina ikusi duzu. Zer diote emaitzek?

Bi molekulen metabolizazioan eratzen diren metabolito nagusien efektua aztertu genuen. Molekulek bi modutan murriztu dezakete adipozitoen gantz pilaketa: oraindik heldugabeak diren zelulak gantza metatzeko gai diren adipozito helduetan bilakatzeko prozesuan (adipogenesia) eraginez, eta adipozito helduengan zuzenean eraginez, gantzaren mobilizazioa eragiten duten mekanismoak martxan jarriz, gantzaren metaketarako bide metabolikoak inhibituz, etab.

Erresberatrolaren metabolito guztiek jatorrizko konposatuaren efektu bera erakutsi zuten adipogenesia murrizten. Adipozito helduen kasuan, aztertutako hiru metabolitoetatik bik murriztu zuten zelulen gantz kantitatea, hori bai, erresberatrolak baino eraginkortasun gutxiagorekin. Kertzetinaren kasuan, ez zen adipogenesia jatorrizko konposatuak bezain beste murriztuko zuen metabolitorik topatu, adipozito helduen gantz murrizketa metabolito bakar batek eragin zuen bitartean, baina kertzetinak baino modu eraginkorragoan.

Ikerketak bide berri bat ireki du obesitatearen kontrako tratamenduan?

Bai, ikerketa basikoan lan egiten dugunontzat behintzat, aurkikuntza garrantzitsua dela deritzot. Konposatu fenolikoen metabolizazio zorrotza haien bioaktibitatearen muga bezala antzeman izan da beti, jatorrizko molekularen eraldaketarekin batera haren funtzioen galera ekarriko zuelakoan… eta urte hauetan eginiko esperimentuetan ikusi dugunez, honek ez du zertan beti horrela izan behar. Kasu batzuetan, metabolizazioaren ondorioz eratutako metabolitoak ez dira arazo bat izango, akaso haien sorkuntza positiboa ere izan daiteke.

Zein erronka dituzu eskuartean epe laburrean?

Behin Doktorego Tesia bukatuta, dozentziarekin eta ikertaldean lan egiten jarraitzeko aukera izan dut. Zoritxarrez hau ez da askotan gertatzen, doktore berri askok tesia bukatu eta 0-tik hasi behar izaten baitute berriz ere beraien ibilbidea… Hainbat ikerketa proiektu ezberdin ditugu esku artean, batzuk konposatu fenolikoekin erlazionaturik eta beste batzuk, nutrizioarekin lotutako beste gai batzuekin… beraz, aspertzeko denborarik ez dugu!

Txiotesian ere parte hartu zenuen. Zer nolako esperientzia iruditu zitzaizun?

Ez neukan esperientziarik Twiterren erabileran, izan ere lehiaketan parte hartzeko kontua ireki behar izan nuen… eta apur bat kostatu zitzaidan Doktorego Tesian eginiko lan guztia labur azaltzea, are gehiago nire ikerketa-arloa horren espezifikoa izanik eta nik ikerkuntza basikoan lan egiten dudala kontuan harturik… baina oso esperientzia polita izan zen, eta gure lana laburtzen eta sinplifikatzen ikasteko balio du. Askotan, ikerkuntzan edo gure jakintza-arloan murgilduta ez daudenek hurrengo galdera botatzen digute: “Eta zuk, zer egiten duzu laborategian?” eta azalpenak batzuetan ez datozkigu errez burura, beraz… entrenamendu bikaina izan zen!