Hemen zaude: Hasiera Ziztu bizian Itziar Aretxaga: "Txiotesia eredu hartu eta Hego Amerikan antzerako saio bat antolatu genuen gure ikasleen lanak gizarteratzeko"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Aretxaga: "Txiotesia eredu hartu eta Hego Amerikan antzerako saio bat antolatu genuen gure ikasleen lanak gizarteratzeko"

2018/11/15 - Itziar Aretxaga
Itziar Aretxaga Méndez (Bilbo,1965) Mexikoko Instituto Nacional de Astrofísica, Óptica y Electrónica (INAOE)-ko ikertzailea da. INAOEko Astrofisika saileko burua izan da (2011-2016), Academia Mexicana de Ciencias-eko Astronomia saileko koordinatzailea (2006-2013) eta egun Nazioarteko Astronomia Elkarteko (IAU) Astronomo Gazteentzako Nazioarteko Eskolen (ISYA) zuzendaritzan dihardu (2016-). Bere ikerkuntzaren ardatz nagusia galaxien sorrera eta bilakaera da. "Txiokatu zure tesia 6 mezutan" lehiaketako epaimahaikidea izan zen 2. edizioan eta jakintza berria gizarteratzeko tresna berritzailea dela dio. "Txiotesia"ren gaineko bere esperientzia kontatzeko lerro hauek bidali dizkigu.
Itziar Aretxaga: "Txiotesia eredu hartu eta Hego Amerikan antzerako saio bat antolatu genuen gure ikasleen lanak gizarteratzeko"

Itziar Aretxaga

Duela lau urte epaile moduan hartu nuen parte "Txiotesia" lehiaketan eta oso ekimen emankorra izan zen benetan. 46 ikertzailek hartu zuten parte edizio hartan eta arlo guztietako tesiak modu errazean ulertarazi zizkiguten. Txiotesia jakintza berria gizarteratzeko tresna izugarri berritzailea iruditu zitzaidan.

Ikertzaileok diru publikoa erabiltzen dugu eta gure aurkikuntzak gizarteratzeko betebeharra ere badugu. Zenbait zientziatan oso errotuta dago gizarteratzeko ohitura, beste batzuetan, aldiz, hasi berriak dira ulerterraza den lengoaia sortzen. Tesia egiten ari diren ikertzaile gazteek ohitura horretan sartzea izugarri garrantzitsua da.

Oso pozgarria izan zen Txiotesian jakintza esparru desberdinetako txioak irakurtzea, eta izugarri zaila irabazleak aukeratzea, maila hain zen altua!. Zientziaren eskutik festa giroa sortu zen Twitterren #txiotesia traolapean. Denetarik izan genuen: zientzia bertsotan azalduta, komikiekin, GIFekin… lehendik nik neuk ikusi gabe nituen baliabideak hartuta. Asko ikasi nuen lehiaketa gertutik jarraituta eta han ikusitako elementu batzuk nire txioetan erabiltzen ditut orain.

Harrezkero, Nazioarteko Astronomia Elkarteko graduondoko eskolen zuzendaria izendatu naute eta horietan ere izaten ditugu zientziaren zabalkuntzarako lantegiak. Azken eskolan, Kolonbian, sare sozialak eta zientziaren zabalkundea uztartzen zituen ikastaroa eman zuten Ysabel Brizeño Komunikazio irakasleak eta Héctor Rago Fisikako irakasle eta zientzia komunikatzaileak. Nik Txiotesiaren berri eman nien eta lehiaketa eredu hartuta ikasleei beraien tesia 5 txiotan azaltzeko ariketa proposatu zitzaien. Lehiaketarik ez genuen egin baina Hego Amerikako zazpi herrialdetatik etorritako 30 ikasle 2 orduz aritu ziren beraien ikerketa lanen gainean txiokatzen gaztelaniaz eta portugesez. Arrakasta izan zuen saioak eta gure ikasleetako baten masterraren inguruko txioek 8000 irakurle potentzial eta 200 gustuko edo birtxiotik gora jaso zituen lehenengo 24 orduetan. Hemen egun horretako testigantza bi:

Txiotesia_itziar_1txiotesia_itziar_2

 

Honekin zera esan nahi diet euskal graduondoko ikasle eta graduatutako doktore berriei, #txiotesi4-n parte hartzera animatzeko. Ez dago ezer galtzeko. Publiko zabala jakintza berria ezagutzeko egarri da eta gure ikerkuntzetan ezagututakoak nork azalduko ditu guk baino hobeto? Hartu erronka eta hartu ohitura: posible da tesi oso bat 6 txiotan azaltzea! Ez da erreza, baina posible da!.

 

Itziar Aretxaga

 

Etiketak: kolaborazioa