Dokumentuaren akzioak
Iturriko uraren aldeko neurriak proposatu dituzte EHUn
UPV/EHUko Joserra Díez, Arantza Rico eta Iñaki Antiguedad ikertzaileek Euskal Herriko Unibertsitateko ur botilaratuaren kontsumoari eta iturriko uraren eskuragarritasunari buruzko ikerketa lana egin dute.
Hiru etapatan banatu dute lana: lehenengo, online ikesta bat egin zuten unibertsitateko kideen ohiturak ezagutzeko eta sortzen den inpaktuari buruzko haien ikuskera ezagutzeko; bigarren zatian, unibertsitate barruan (jatetxeetan, kafetegietan, vending bidez...) ur botilaratuaren salerosketa bolumenari buruzko gutxi gorabeherako kalkulua egin zuten; eta, hirugarrenik, ikastegi bakoitzean iturriko uraren eskuragarritasuna nolakoa den aztertu dute.
Ikertzaileek argi dute: "Proiektu hori lehen urratsa da ur kontsumoaren diagnostikoa egiteko eta unibertsitate honetako kideon arrasto ekologikoa kalkulatzeko –unibertsitate honetan egunero 55.000 pertsona biltzen dira–. Horrez gain, azterketa honen azken helburua lortzeko lan plangintza proposatzen da. Lan plangintza proposatzen da gure unibertsitateko campusetan ur botilaratuaren kontsumoa errotik kentzeko edo, gutxienez, pixkanaka murrizteko, baita baliabideak xahutzen dituzten jarreren eta ohituren aurrean unibertsitateko kideak kontzientziatzeko ere, gure unibertsitateak erantzukizun sozial korporatiboa duen aldetik".
Iturriko uraren neurriak
Horrenbestez, ikerketa proiektua iturriko uraren kontsumoa hazi eta ur botilaratua baztertzeko neurriak proposatzeko ahalbidetu dute ikertzaileek. Hona hemen, proposatu dituzten zeinbat urrats:
- Fakultate bakoitzeko edo ikastegi bakoitzeko komun bakoitzean berrerabil daitezkeen botilak betetzeko behar besteko altuera izango duen iturri bat, gutxienez, instalatzea.
- Campusetako zona komunetan eta fakultateetako korridoreetan iturriak instalatzea.
- Unibertsitateko kide bakoitzari material birziklatuz egindako ontzi bat ematea, behin eta berriro bete eta egunero erabil ahal izan dezan.
- Kafetegi eta jatetxe guztiek iturriko ura ateratzea kristalezko pitxar korporatiboetan, Gipuzkoako Campusean egiten den bezalaxe.
- Ur hotzeko banagailuak ezabatzea. Ur ontzi horiek segur aski birziklatuak diren arren, ura urrutiko lekuetatik garraiatu beharra, ura hozteko energia elektrikoaren gastua eta erabilera bakarreko plastikozko edalontzien erabilera kontuan izanik, ur hotzeko banagailu horiek dira ezabatu beharreko lehen helburua.
- Ur botilaratua soilik eskaintzen duten vending makinak ezabatzea.